BILBO. Programa osoa www.bbk.eus webgunean ikus daiteke, eta izena emateko ere bertara sartu behar da, irailaren 24ra arte. Halaber, BBK zentroak erabiltzen dituztenek aurrez aurre bertan eman ahal izango dute izena irailaren 22ra arte.

Ikastaroak urriaren 30eko astean hasiko dira eta BBK zentroetan, hainbat akademia eta zentro espezializatutan eta Bizkaian BBKrekin lan egiten duten elkarte eta erakundeetan emango dira.

BBK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Kutxabank erakundeko bezero direnek edo beren pentsioa edo nomina banku horretan helbideraturik dutenek lehentasuna izango dute plazen esleipenetan, bai eta beherapen bereziak ikastaroen prezioan ere.

BBK-k ikasturte berrirako antolatu duen programak bizi ohitura osasungarriak lortzea eta aisialdiaz gozatzea bilatzen du, batez ere eduki praktikoarekin, eta 60 urtetik gorakoei beren garapen pertsonala lortzeko beharrezko tresnak ematea du helburu.

Aurreko edizioetan bezala, zortzi gai-multzoren inguruan antolatu dira ikastaroak: ModernizArte BBK eta Guggenheimekin, Ongizate eta Hazkunde Pertsonala, Kultura, Arte Adierazpena, Gastronomia, Hizkuntzak, Musika eta Teknologia Berriak.

Nobedaderik nabarmenen artean hiri ortuaren tailerra dago, etxeko balkoia edo terraza egokitu eta ortuko landareak eta landare usaintsuak lantzeko gakoak eskaintzen dituelarik.