BILBO. Tasa horren gorakada aurreikusteko modukoa bazen ere, eta azken asteotan egondakoa baino txikiagoa izan bada ere, urtarrilean sasoiko intzidentzia tasarik altuenak eman ohi dira. Osasun Sailak eta Osakidetzak, horrenbestez, beren Kontingentzia Plana indarrean mantenduko dute hurrengo asteotan.
EAEko Jagoletza Sareak eman dituen datuen arabera -astero eguneratzen diren-, egindako mikrobiologia analisiek baieztatu dute gripe isolamendu gehienak AH3 birusarenak direla. Gaur arte, sasoian zehar detektatu diren birus guztiak A motakoak dira eta aurtengo txertoan sartu diren birusekin bat datoz.
Baieztatutako gripearen ondorioz ospitaleratuak izan diren pertsonei dagokienez, ospitaleratutako 29 kasu larri egon dira urteko bigarren astean. Aste honetako datu eguneratzea eta gero, 129 pertsona ospitaleratu dituzte egoera larrian gripeagatik sasoia hasi zenetik, eta euren batez besteko adina 72 urte da. Ospitaleratuak izan diren pertsonen %90, 64 urtetik gorakoen taldekoa edo gripearen ondoriozko konplikazio larriak izateko arriskua dutenen taldekoa zen. ZIU unitateek 32 gaixo hartu dituzte eta gehienek arrisku faktoreak agertzen zituzten.
11 HILDAKO
Halaber, 11 hildako egon dira sasoia hasi zenetik. Guztiak arrisku-faktoreak dutenen taldekoak edo 64 urtetik gorako taldekoak ziren eta ia erdiak txertoa jarri gabe zeukan. Batez besteko adina 79 urte zen. Era berean, gripe kasu larri bat izan da, haurdun dagoen emakume batena.
Horrenbestez, txertaldian zehar txertoa jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute beste behin
Osasun Sailak eta Osakidetzak, gripearen aurkako eta konplikazio larriak saihesteko metodorik eraginkorrena baita, eta arrisku handiko taldeen kasuan gehienbat: haurdun dauden emakumeak, 64 urtetik gorakoak eta gaixo kronikoak.
Gripeari loturiko kontsultek nabarmen egin dute gora Osakidetzako ESI guztietan, 8.988 kontsulta egon baitira, urteko lehen astean egon ziren 4.803 kontsultekin alderatuta. Kontsulta tasa berdintsuak egon dira lurralde guztietan.
Horregatik, Osasun Sailetik eta Osakidetzatik berriro ere eskerrak eman dizkiete lehen mailako arretako eta larrialdietako langile guztiei, "ahalegin handia eta lan ona egin dutelako laguntza asko eman behar izan den denboraldi honetan".