MARGA. Marga Pesos eta bere bikotekidea 2004an heldu ziren Gorbeiara. "Elosura heltzerakoan bizitzeko nahi genuen tokia zela sentitu genuen. Bat-batean maitemindu ginen. Eta ez geunden oker. Hemen bizi den jendea herrikide dugu, bai, baina gure familia ere bihurtu dira", adierazi du ekintzaileak.

Arabako Legutio udalerriko Elosu herrian bizilekua aurkitzeaz gain, bizimodua ere topatu du. Urte batzuetan enpresa pribatuetan lan egin ondoren, idazkari informatikoko eginkizunetan, bere gustuko proiektua martxan jartzea erabaki zuen, bikotekidearen laguntzarekin.

"Ilusioa egingo zidan zerbait bilatzen nuen. Lurrarekin kontaktuan egoteko aukera ematen zuena eta natura bera errespetatzen zuena. Hori izan da eguzkiloreetara ekarri nauen bidea", azaldu du. Eguzkilore landarea babestutako espeziea da, propietate askotarikoa, eta aberastasun hori jendearekin partekatu nahi du Elosuko ekintzaileak. Momentuz, lehenengo uzta jaso du, joan den udazkenean, eta loreak eta deribatuak jada salgai ditu: dermatitisa tratatzeko krema, landarearen erroekin egindako likorea, lorearen haziak eta Andrea Baragaño Madrilgo artistarekin diseinatutako bitxi bat.

Guztiak interneten bidez aurki daitezke, "Maghú" markapean; enpresaren izena da eta persiera hizkuntzan "magia" eta "nik ahal dut" esan nahi du.