Euskadik eta Suediak osasuneko ikerketa eta berrikuntzan elkarlanean aritzeko harremanak estutu dituzte
Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Stockholmen dago egunotan
BILOBAO. Darponen eta Maria Agirre Osasun Berrikuntzako zuzendariaren bisita duela ia bi urte Suediak eta Euskadik hasitako elkarlan instituzionaleko dinamikaren parte da. Lankidetzaren helburua, hain zuzen ere, esperientziak partekatzea, harremanak estutzea eta osasun arloko ikerketa eta berrikuntzan elkarrekin lan egiteko esparru berriak bilatzea da, "Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020" egitasmoarekin bat eginez.
"Bisitaldi honek gure sistemen arteko loturak estutzeko eta osasuneko profesionalen eta ikertzaileen arteko harremanak sendotzeko ez ezik, Suediaren eta Euskadiren arteko lankidetza alorrak zehazteko ere balio du", nabarmendu du Darponek.
Hala, bere hitzetan, pertsonei ahalik eta laguntza onena emateko osasun ereduak eta lan metodoak ikerketan eta berrikuntzan oinarrituta eraldatu behar direla uste dute Euskadik eta Suediak, modu horretan, osasun sistemaren iraunkortasuna bermatzen delako eta unibertsaltasun, parekotasun eta elkartasun oinarriak mantentzen direlako.
Bisitaldia Jörgen Larsson irakasleak Eusko Jaurlaritzari egindako gonbidapenaren ondorioa da. Larsson joan den otsailean izan zen Euskadin, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera "Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020" aurkezten.
Larsson bera, Karolinska Unibertsitate Ospitaleko Nazioarteko Harremanetako zuzendaria eta Nobel Batzarraren kide ohia, Euskadiko eta Institutuko ordezkariek ostiralean izango dituzten bileretako burua izango da. Besteak beste, berrikuntza, diziplina anitzen arteko elkarlana eta etorkizuneko osasun sistemen deseinu estrategikoa jorratuko dituzte.
Karolinska Institutuko kantzelariordea den Martin Ingvar katedradunarekin eta Berrikuntza Zentroko arduradunekin bilduko dira, berrikuntza klinikoko elkarteek hainbat alorretan -bihotz gutxiegitasuna, telemedikuntza eta erradioterapia kasu- bultzatutako ekimenak aztertzeko. Erosketa publiko berritzailea ere aztertuko dute, besteak beste, Larsson doktoreak Euskadira egindako bisitan gai horrekiko interesa azaldu baitzuen.
BILERA MINISTERIOAN
Ostegun honetan, Euskadiko ordezkariak Suediako Osasun eta Gizarteko Gaietako Ministerioko arduradunekin bildu dira, zaintza ereduen gaineko esperientziak eta ekimenak aztertzeko. Horrela, Business Sweden erakundearen laguntzaz, arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza ereduak landu dituzte.
Gainera, ikerkuntza arloak aztertu dituzte eta, SciLifeLab laborategiko arduradunekin, bi ordezkaritzek diziplina anitzeko elkarlaneko esperientziak partekatu dituzte, bereziki Unibertsitatearekin lotutakoak. Horrez gain, medikuntza pertsonalizatuarekin lotutako estrategiak aztertu dituzte, bi herrialdeek arlo horretako nazioarteko partzuergoetan lan egiten baitute.
Asteazkenean, berriz, Euskadiko ordezkariak, Businnes Sweden erakundekoekin batera, Symbiocare klusterreko ordezkariekin bildu ziren eta hainbat gai jorratu zituzten, adibidez, gaixotasun arraroak -Euskadirentzat lehentasunezkoa arloa- eta erradioterapiaren eta tratamendu onkologikoen berrikuntza -Suediak ibilbide zabal eta aitortua du arlo honetan-.
Biozientzien eta osasunaren binomioa RIS3 Euskadi estrategiaren lehentasunezko hiru arloetako bat izanik, bilera hauek guztiak estrategia horren bitartez bultzatu dituzte, osasun sistemak, eragile zientifiko-teknologikoek eta enpresen sektoreak gauzatzen dituzten jardueren artean.
Más en Sociedad
-
El ocio en la era de la hiperplanificación: ¿Por qué reservamos todo con tanta antelación?
-
"Tras el histórico acuerdo, toca remangarse entre todos para mejorar los resultados la escuela pública”
-
Una mujer afectada por fibromialgia gana la batalla con la Seguridad Social: le ordenaron volver a trabajar hasta cuatro veces
-
La Red de Personas Torturadas de Euskadi pide el reconocimiento como víctimas de vulneraciones de derechos humanos