BILBO. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazi duenez, joan den otsailean, Alokabideko 1.031 erabiltzaileri inkesta bat egin zitzaien telefono bidez, eta, emaitzen arabera, "oso pozik" daude Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko sozietateak eskaintzen duen etxebizitza babestuen alokairu zerbitzuarekin.
Zerbitzua jasotzeko erraztasunarekin eta jasotako arretarekin pozik agertzeaz gain, inkestari erantzun diotenek "lasaitasuna", "segurtasuna" edo "ongizatea" hitzak erabili dituzte Alokabiderekin izandako esperientzia azaltzeko.
Etxebizitzen alokairu babestuaren aldeko apustu publiko hori dela medio -nagusiki, etxebizitza sozialen modalitatean-, gaur egun, Alokabidek 3.200 etxebizitza sozial kudeatzen ditu, jabetza duen aldetik, bai eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzako beste 2.800 etxebizitza sozial eta zuzkidura bizitoki ere.
Horiez gain, Bizigune programari atxikitako 5.000 etxebizitza pribatu ere kudeatzen ditu, jabe partikular batek Alokabideri eskainitako etxebizitza libreak gizarte alokairura bidera ditzan, jabeei berme sorta bat trukean eskainiz. Berme horiek, eta alokairuko bitartekaritza zerbitzua, etxebizitza libreen Asap programaren barnean eskaintzen dira, Alokabide erakunde kolaboratzailea den aldetik.
Azkenik, Alokabide sozietate publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalen eta gainerako erakundeen beste 140 etxebizitza kudeatzen ditu errentamendu modalitatean.