Gardnerville - Nevadako hiriburu Carson City ondoan, Far West-eko herri peto hau, bere karrika nagusiaren bi alboetan sortu zen XIX. mende amaieran, eta errepide albo horretan kokatu izan dira bere euskal jatetxe eta ostatu famatuenak. Luzaro euskal emigranteen bilgune, gaur egun Overlandeko bezeroak amerikarrak dira gehienbat, baina segitzen du batzen igandero euskaldun multzo bat, jaietako bazkariaren eta bazkalosteko mus partidaren inguruan. Elviraren senarrak, Eusebio Cenoz ultzamarrak, 1967an erosi zuen negozioa, Elvira Eusebiorekin ezkondutakoan lotu zi-tzaion eta hura zendutakoan 25 urtez atxiki du, egunero goizaldeko bost t’erdietan jaikita, sekula oporrik hartu gabe. 83 urte ditu Saturrarango mutrikuar jaio eta egun hiritartasun estatubatuarra daukan Elvirak.
Zer da Nevadan eta oro har Far West-eko hainbat lekutan famatua den ‘Basque food’ (euskal janaria) deitzen duten hori?
-Jateko molde bat, janari estilo bat; italiar, txinatar edo hanburgesen lekuak egon daitezkeen bezala Basque food dago. Guk geurean Basque family style zerbitzatzen dugu eta bezeroak, esertzen denean, badaki jaki nagusia beharko duela aukeratu, eta horrekin batera, gainontzekoak, automatikoki ekarriko dizkiogula. Alegia, eskatu behar izan gabe izango ditu etxeko ogia, gurina, ardoa, zopa, entsalada, postrea eta beste zenbait osagarri, eta gero berak eskatutako edo egunari dagokion jakia. Plater nagusia egunero aldatzen da eta izan daiteke, esaterako, axurkia, oilaskoa, bildots kostaletak, schrimp (ganbak) edo ganadu-okela.
Beraz, etxean bezala jaten duzu, kantitatez nahi adina eta prezio egokian.
-Guk hala uste dugu. Ontsa jaten duzu eta ez batere garesti. Inor ez da goseak geratzen eta nik esango nuke hemen haien etxeetan baino gehiago jaten dutela. Lehen-gaien prezioa, bestalde, dezente igo da azken urteotan eta guk, berriz, prezioak neurriz atxikitzen ditugu. Gaur egunean, eguerdiz Overland-en bazkaltzeak 19 dolar (14 euro) balio ditu eta gauez 23 (17 euro), guztia, jana eta edana barne.
Gutxi ditugu gaur egun bezero euskaldunak.
-Gure tokia toki euskalduna da eta, ez lehen bezala, baina oraindik ere bagara euskaldunen biltoki. Astero-astero, domeketan, 8-16 bat euskaldun batzen zaizkigu, gustuan luntxatu (bazkaldu) eta gero mus partida jokatzeko. Hemen gainera euskaldunak jatorri guztietakoak bildu izan dira, bizkaitar, Iparraldeko eta nafar. Igandero etortzen den talde horrek egunpasa polita egiten du: bazkaldu aurretik bermuta edo pikona har-tzen du, gero luntxa, kafea eta bixigarriak musean aritzeko, eta zazpiak arte luzatzen dira lasai asko
Alargundu zinenetik beste 25 urte pasatu dira honezkero eta egunero-egunero hemen aritu zara lanean.
-Senarra bizi zela hartu genuen bakantza txikiren bat, baina geroztik beti zabaldu dugu ostatua. Astelehenetan ixten dugu bakarrik. Bestela, egunero goizeko bost t’erdietan jaikitzen naiz guztia prestatzeko, erosketak, prestaketak, garbiketak, guztia antolatu eta dena prest egon dadin bezeroentzat. Lan handia dago hemen. Negozioak, bestalde, gora-beherak izan ditu eta azken urteotan, krisiarekin momentu on eta ez hain onak izan dira, baina guk segitu dugu, segitzen diogu gure historia luzeari. Hemen izanak ditugu jaten eta traguak hartzen gobernadoreak, kongresukideak, alkateak, politiko eta abokatu asko... hemengo historiari eta istorioei lotuta dago Overland.
Abuztuaren 31 da ostatuan emango duzun azkena. Overland saldu duzu. Erosleak ez dira euskaldunak, baina lekuak berdin-berdin segituko duela agindu dizute.
-Hala agindu didate. Izan ere, jantokian, kantinan eta paretetan ditudan edergailu eta Euskal Herriko erretratu, pintura, bandera, xistera, txistu eta danbolina eta gainerako traste guztiak espres erosi nahi izan zituzten lokalarekin batera. Erosleak, aita eta bi seme, hemengo Park Ranch-ekoak dira eta bezero izan ditut urte askotan. Euskal jatetxe gisa nahi dute atxiki, hori segurtatu didate. Nik bizitza berria hasiko dut, burua ontsa dut baina belaunak eta gerria ez hain ontsa. Asmoa daukat pixkat deskantsatu -ikusiko egoki-tzen naizen- eta baliteke datorren urtean egun batzuetako bidaia egitea Donostiara eta Nafarroara, senarraren aldeko familia, bisitatzera. Ez naiz oso aspaldian egon. Bitartean, datorren asteburukoa izango da gure Gardnervilleko azken piknik besta ni Overland-en nagoela.