Mende erdia beteko du bi urte barru Seber Altube ikastolak eta 1966-67 ikasturteko sasoi hartan martxan jarri zutenek amesten zuten egoera bizi du. Ameslari horien artean Pili Alberdi zegoen, magisteritza ikasketak amaitu berria eta, sustatzaileen eskariari jaramon eginez, Gernika-Lumoko zentroko lehen irakaslea izango zena.
Bertan hamabi urte egin eta erretiroa hartu arte herriko institutuan aritu eta gero, fresko gordetzen ditu gaur egungo ikasleei sinestezin egingo zi-tzaizkien lehen pauso zail baina zirraragarri haiek. "Frankismo garaia zen, atera kontuak! Gurasoek ondo ikusten zuten euskaraz ikastearena, baina zalantza zen ea seme-alabek 18 urtera arte ikasten jarraitu ahal izango zuten", gogoratzen du Alberdik. "Garrantzia eman behar zaie lehenengo gurasoei abentura honetan sartu zirelako", omentzen du irakasleak.
Hasierako hamabi ikasleek Elizak utzitako Gizarte Etxeko geletan jaso zituzten euren lehen klaseak euskaraz, "arbela, arkatza, munduko bola eta Euskal Herriko mapa" material moduan izanik -gimnasia Pasealekuan, eta jolasordua Monseñor Iturarran plazan (gaurko Elai Alai) egiten zituzten-. Euskarazko irakaskuntza ez zegoen oraindik oso garatuta eta sarri izaten ziren koordinazio bilerak materiala prestatzeko. "Ez zegoen libururik, ez zegoen ezer? Euskaltzaindian batzen ginen irakasleak apunteak batu eta bakoitzak egindakoa banatzeko: horrela egin behar dira batuketak, horrela idazlanak?".
Antzinako garaiak zirela adierazteko "multikopistarik ere ez" zegoela gogoratzen du "cola de pescado eta halako tramankuluekin ibiltzen ginen. Baina adoretsu eta pozik", ziurtatzen du. Hasierako ikasleak 3 eta 5 urte bitartekoak ziren eta haientzat geroroago etorri ziren testuliburuak: Saioka, arinago Xabiertxo?
Jose Antonio Aranaren izenean jarri zuten legalki ikastola, baina honen atxiloketaren ondorioz "nire izenean ipini zuten. Andereño eta titular juridikoa nintzen", dio barrez muxikarrak. Izan ere, sasoi latzak ziren eta kontu handiarekin ibili behar zen. "Ikastola zarratzeko saiakerak izan ziren: ez ginen legalak, egoera politikoagatik arazo administratibo asko zegoelako. Orduko alkate zen Gervasio Gezuragak ere deitu zigun ikastola ixteko agindua zeukala eta momentuz ez zuela exekutatuko, baina bitartean konpontzeko irregulartasunak. Eskertzekoa da izan zuen jarrera. Euskara ere ez zen legala eta euskararen inguruan lan egiten genuen guztiak susmagarriak ginen?".
Gurasoen jokabidea ez ezik, Alberdik, beste askoren lana ere aipatzen du. "Gurasoak euskararen militanteak ziren, argi eduki behar delako seme-alabak proiektu berri batean sartzeko; baina herritarren laguntza ere handia izan zen, zorrei aurre egiteko gurasoen kuotak nahikoa ez eta bazkidetza sortu zutelako, batzordean eratu ziren, Rey del Bacalao edo antzeko ekintzetan laguntzen zutelako; baita ikasleak eta irakasleak ere, beste zentroekin konparatuta baliabide eskasagoak geneuzkalako".
Baldintza berezi horien artean zegoen, baita ere, notak beste zentro baten balioztatu beharra. "Sei urte bete eta gero, legalizatuta ez geundenez, agiri bat behar zen eta Allende Salazarrera joaten ginen, orduan Pasealekura, azterketa egitera. Kepa Caracuel izan zen adin horretara heldu zen lehen ikaslea eta lehen Cartilla de Escolaridad lortu zuena".
Zatiketa Ikastola sendotzen hasi zenean, baina, zatiketa mingarri bat eman zen 1973an. "Errore ikaragarria izan zen. Batzuek ahaztu egin zuten zein zen ikastolaren helburu garrantzitsuena: euskara eta euskara irakastea. Horrek batzen gintuen ideologietatik aparte", azaltzen du. "Justifikatzeko arazo erlijiosoak aipatzen hasi ziren, arrazoi ideologikoak? Ondorioa hondamendia izan zen. Nire bizitzako unerik la-tzenetarikoa izan zen eta asko, asko sufritu nuen".
Ikasturte batzuk geroago Alberdik herriko institutuan hartu zuen lekua. Bitartean Seber Altube eta Gernika ikastolek bere bidea egin zuten, berriz ere elkartu eta 1980ko urte hasieran, ikasturte erdian, instalazio berrietara jauzi egin eta Seber Altuberen aro berri eta oparoari hasiera emanez.