Síguenos en redes sociales:

40 urte eta gero, hau

40 urte eta gero, hau

EZ larritu, irakurle. Ez noa Euskadiko Ezkerraz hitz egitera. Ezta Juan Carlos Eguillor edo trantsizioaren ondoren demokrazia berreskuratu zenean egoera berria gutxietsi zuten progreei buruz ere. Berrogei urte eta gero, hau Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo taldeak bere azken ekimenari ipini dion izena da. Ekimenaren barruan, CD bat atera dute: Poxpoliña. Haurtxo denok elkarturik izenekoa. Ekimena omenaldi moduko bat da. Lehen ikastola eta euskal taldeetan abestu ziren kanten bilduma bat da; eta aldi berean errekonozimendu bat, gerra aurreko tradizioa belaunaldi berrien esku utzi zuten haiei: Nemesio Etxaniz, Poxpoliña taldea, eta abar.

Gerra aurreko euskal tradizioa mantendu eta zabaldu zuten haiek ez dute inoren aipamenik izan gure artean azken urteetan. Zaharrak ziren; gehienak, gainera, EAJ-PNVkoak. Guk ez genituen ezagutu, baina haien abestiak izan ziren ikastolan ezagutu genituen lehen euskal kantak. Ez zuten bat egin ETA sortu zuten gazteek bultzatu zituzten bide berriekin eta ahaztuta geratu dira, hutsaren pare.

Euskal egunkari baten zuzendariak idatzi du egunotan omenaldia egin beharko geniekeela ETAko gazte berri haiei, iluntasuna zegoen tokian argi pixka bat sorrarazi zutelako. Eskerrak! Haiek sortu aurretik ez baitzen ezer izan gure artean. Ez Aitzolik, ez Euskal Pizkunderik, ez Lizardirik, ez Lauaxetarik… Eskerrak kimu berriei! Bai hizkuntzaren arloan, bai politikan, bai literaturan, edo kulturan…. Baita pailazoen artean ere.

Gogoan dut, duela urte batzuk, ezker abertzalearen inguruko hainbat eragilek ez zituztela begi onez ikusten agertokietan berrogei urte bete dituzten Txirri, Mirri eta Txiribiton komediante hauek. Eta baztertzeko helburuz zurrumurru bat ipini zuten dantzan: Ajuria Eneko Hitzarmenaren pailazoak omen ziren. Beraz, ezin ziren onak izan gure umetxoentzat!

ETAren indarkeriaren amaiera dela eta, etengabe entzuten ari gara egiazko errelato bat egitearen premia. Uste dut badakidala zer esan nahi duten: kontakizun bat, askotan errepikatuz gero, nagusitu egin daitekeela; eta benetan gertatutakoa ilunpean geratu daitekeela betiko. Ez da gauza berria gure artean. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu. Eta horrexegatik, seguruenik, errelato asko dira errepasatu beharko ditugunak, gure kontakizunak egia-antza eduki dezan, eta gure seme-alabengana iritsiko diren kontuek egiaren zati bat izan dezaten.

Ez diot inori meriturik kendu nahi, baina esperantza daukat guztion artean osatu beharko dugun gure azken urteetako historiaren errelatoak gauzak bere tokian ipintzen lagunduko digula, eta zor asko kita-tzeko ere baliagarri izan daitekeela.