Lau hamarkada pasatxo igaro dira Lapurdiko guraso talde batek Iparraldeko lehen ikastola zabaldu zuenetik. Arrangoitzen kokatu zuten eskola hura eta bost ikasle bakarrik izan zituen 1964.urte seinalatu hartan.

Seaskako, Iparraldeko ikastolen federazioko, presidente den Paskal Indok azaldu duenez, aita ama haiek "apur bat frustratuta" zeuden euskara ezagutu arren ez zutelako menperatzen, eta hori aldatu asmoz, ikastolen mugimendua abiatu zuten beren seme-alabek hizkuntza hartan ikasteko aukera izan zezaten.

Lehen esperientzia hori ondo joan zela ikusirik, zentro gehiago irekitzen joan ziren Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean, eta egun, 29 ikastola eta 2.800 ikasle inguru izatera ailegatu dira. "Eboluzioa etengabekoa izan da eta urtetik urtera 200 ikasle berri inguru jasotzen ditugu", azaldu du Indok.

Seaskako arduradunaren kalkuluen arabera, gaur egun Iparraldeko ikasleen %10ak ikastola aukeratzen du eta hemendik aurrera zifra hori gorantz joango delakoan dira. Era horretan, Seaskak Iparraldea berreuskalduntzen jarrai-tzeko asmoa du, hori baita federazioak duela 42 urte finkatu zuen helburua.

Dudarik gabe, hastapen urte haietatik gauzak asko aldatu dira Iparraldeko ikastolen mugimenduan. Izan ere, eskola hauek milaka gazte hazi eta hezten zituzten heinean, zentro hauen egoera gero eta duinagoa izatea lortu dute arduradunek denboraren eta lanaren poderioz.

Oztopo eta zailtasun ugari gainditu ondoren, ezinbestekoa izan da eskola hauek Frantziako Hezkun-tza Ministerioaren babesa jaso eta ikastetxe pribatuen sarean sartzea, eta baita urte hauetan guztietan Eusko Jaurlaritzaren diru lagun-tzak jasotzea ere.

Orain arte lortutakoak aurretik aipatutako frustrazio hori gaindi-tzeko moduko markak dira, inondik inora, baina oraindik badago zereginik. Izan ere, gauzak bide onetik zihoazela zirudienean, arazo berriei egin behar izan die aurre Seaskak: krisi ekonomikoa dela medio, Frantziako gobernuak irakasleen murrizketa egin du eta horrek, Seaskako arduradunen ustetan, egitura osoa "arriskuan" jarri dezake.

"Datorren urtean izango ditugun 150 ikasle berriei erantzuteko zor-tzi bat irakasle beharko genituzte eta murrizketekin ezinezkoa izango dela dirudi", jakinarazi du presidenteak. Egoera horren aurrean, Seaskak lanpostu horiek beregain hartzea "ezinezkoa" litzatekela dio, dagoeneko irakasleen %10 eta %20aren soldatak bere poltsikotik ordaintzen baititu federazioak (gainerakoa Frantziako gobernuak ordaintzen du).

Murrizketak salatzeko, Seaskak hainbat protesta egin ditu azken hilabeteotan eta atzo bertan manifestazioa egin zuen Baionako kaleetan barrena Euskararen alde, ikastolen alde lemapean.

Hau guztia gutxi balitz, egoera ekonomikoaren arrazoi bera argudiatuz, Patxi Lopezen gobernuak Iparraldeko ikastolei ordura arte ematen zitzaien milioi bateko laguntza 400.000 eurotara murriztu du legealdi honetan.

Dudarik gabe erabaki horrek egoera zaildu besterik ez die egin Iparraldeko ikastolei, baina argi daukate eskaerak Pariseko gobernura gidatu behar dituztela. "Hegoaldetik ematen diguten laguntza guztia txalotzekoa da haientzako Iparraldeko euskaldunak inportanteak garela erakusten duelako. Baina guk zergak Parisen ordaintzen ditugu eta hari luzatu behar dizkiogu eskaerak", esan du Indok. Hori dela eta, atzoko manifestazioaren haritik, protestekin jarraitzeko asmoa daukate Seaskan, lau hamarkadetan lortutakoa defendatzeko asmoarekin.

Ikasleen %25 irakasle bihurtzen da

Seaskaren familia erraldoia

Zailtasunak zailtasun, urtez urte Seaskak Iparraldean sare sendo bat sortzea lortu du. Ikastolen eraikinak hobetu, zerbitzuak ugaritu, irakasle kopurua handitu eta zentro hauek kalitatezko erreferente bilakatu ditu. "Iraganean ikastolei buruz jendeak izan zezaken irudi okerra gainditu da eta Frente Nazionalak ezik, gainerako alderdi guztiek ulertu dute egiten dugun lana", gehitu du.

Hori guztia bezain garrantzitsua da mugaz bestaldeko ikastola hauen baitan eratu den familia erraldoia. Izan ere, eskola hauetatik igarotako ikasle ohi gehienenek beren seme-alabak zentro hauetara bidaltzen dituzte eta dagoeneko familia hauen hirugarren belaunaldia iritsi da Seaskako 29 zentroetara. "Haurtzaroan gustura egon zirenaren seinale da. Beren seme-alabei haiek jasotako heziketa bera eman nahi diete eta horrek gure etorkizuna ziurtatzen du", azaldu du Indok.

Bada hori guztia islatzen duen beste datu esanguratsu bat: ikastola hauetatik igarotako ikasleen laurdenak irakaskuntza ikasten du unibertsitatean. Zifra oso altua dela azpimarratzen du Paskal Indok eta arrazoia, bere ustetan, gazte hauek euskara eta ikastolak maitatzen dituztela da. "Seaskaren proiektuarekin inplikatu eta etorkizunean bide beretik lanean jarraitu nahi dute", esan du. "Egun ikastola hauetan lan egiten duten irakasleak ikasle ohiak dira eta hauen atzetik beste hainbeste etorriko dira", gehitu du. Horrek, Indoren ustetan, Iparraldeko ikastolen etorkizuna "aski ongi" dagoela adierazten du.