– Azken legegintzaldian zinegotzi postua bete duzu. Zer balorazio egingo zenuke?

—Gazi-gozoa izan da. Batetik plazer bat izan da herri ordezkaria izatea, herritarren ahotsa udalean islatzea ohore handia izan da niretzako. Bestetik gazia izan dela diot oposiziotik nekez egiten direlako proiektuak. Behin eta berriro ikusi dugu nola udalak aukera asko galdu dituen, proposatu ditugun ekin-tza edo proiektuak ikusezin izan dira beraientzat eta alde horretatik lan nekeza izan da.

10 puntutan 50 ekimen ezberdin zehaztu dituzue.

—Proiektu egingarri eta errealistaz osatutako programa dugu, eta programa hori egiterakoan jendearekin egon gara kontaktuan. Lehenik orain urte bete Entzunez Eraikiz ekimenarekin, batez ere herri eragileekin batu gara; kultur elkarteekin, kirol elkarteekin… eta aldi berean Herritxarrakin Berbetan kanpaina izan dugu martxan. Hortik atera ditugu gure 10 ardatzak eta 50 ekimenak. Gehien errepikatu diren beharrizanen artean, aparkaleku falta eta etxebizitza eskuratzeko arazoa nabarmentzen dira.

“Politika guztien erdigunean herritarrak” egongo direla diozue.

—Hautagai gisara aurkeztu eta lehenengotako adierazpenetan esan nuen: “herritarrak dira hobekien dakitenak zer behar duten”. Hori da jarraituko dugun modeloa, herritarrak izango dira erabakien helburu, baina erabakien parte ere izango dira. Horretarako ezinbestekoa ikusten dugu herritarrek udala espazio eroso eta irisgarri bezala ikustea.

Hainbat dira jaso dituzuen egitasmoak.

—Bai. Urteetako udal jardueraren (edo jarduera ezaren) ondorioz beharrizanak gehitzen joan dira. Horregatik aurkezten ditugu egitasmo hauek. Adibidez ezinbestekoa ikusten dugu anexoa egokitzea eta beste aparkaleku aukera batzuk aztertzea, herriak benetan behar dituelako. Eta ildo beretik jarraiki, ikusten dugu herrian ez dugula ekipamendu kultural publiko duinik –nahiz eta oso herri kulturgile eta kulturzalea garen–, horregaitik Zeledonio Arriola eraikinean ekipamendu kulturalaren proiektua egingo dugu. Horrez gain, guretzat garran-tzitsuak dira beste lan ildo batzuk, aipatzeko: irisgarritasuna, Kalandiko eta Artabideko igogailuen proiektuen bideragarritasuna aztertuko dugu eta Kamiñazpiko proiektua gauzatuko dugu. Baita ere herriko merkataritzari bultzada emateko hainbat ekimen desberdin, aurkeztu ditugu.

Alternatiba zaretela errepikatzen duzue. Hala da?

—Ondarroak aurrera egin duen bakoitzean gobernu jeltzale bati esker izan da, eta oraingo honetan ere hala izango da. Desberdintasuna nabaria da gobernatzeko modu hutsean, guk ez dugu inola ere inprobisaziora eta berehalakotasunera jotzen.