Emmanuel Macronen garaipenaren ondoren, ekainaren 12 eta 19an eginen diren hauteskunde legegileak denen gogoan daude orain. Ipar Euskal Herrian hiru diputatu izendatu beharko dituzte Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko 240.000 boz emaile inguruk. Jean Lassalle zentristak ez luke arazo handirik izan behar barnealdeko aulkia mantentzeko baina egoera desberdina izan liteke Lapurdiko kostaldean. Macronen aldeko Errepublika Martxan mugimenduak ez du oraindik erabaki gaur egungo diputatuak, Vincent Bru eta Florence Lasserre, bere hautagaiak izanen ote diren. François Bayrouren Modem alderdi zentristaren hurbilekoak dira biak. Bidasoa ibaiaren iparraldean datozen egunak intentsoak izanen dira alderdi bakoitzak estrategia finkatu beharko baitu gehiengoa Macroni eman edo alternatiba sinesgarria eraikitzeko. Horretarako aspaldiko joerek eta neurri handi batean joan den igandeko emaitzek pizu garran-tzitsua izanen dute.

39 urte besterik ez zituela, Emmanuel Macron Frantziako presidente gazteena bilakatu zen 2017an. Bost urte geroago, gutxik bezala, aulkian jarraitzea erdietsi du botoen %58,5 bilduz, zazpi puntu gehiago Euskal Herrian. 158 udaletik, lautan izan ezik, denetan Macron izan da bozkatuena eta botoen %85 inguru lortu zuen Ibarla eta Burgue Ereiti bezalako herrixketan. %73,8 egin zuen Donibane Garazin, %71 Miarritzen, %68 pasatxo Angelun eta bi puntu gutxiago Baionan. 105.880 botoekin lehen itzuliko emaitza bikoiztu zuen Macronek. Aro berria ireki nahi duela adierazi duen agintariak dio ez duela inor bazterrean utziko. Dena den, hitz horiek beranduegi ote datozen erakusten al dute eskuin muturreko hautagaiaren gorakadak?

Eskuin muturraren kontrako osasun hesiak Macronen garaipena bermatu zuen herenegun. Le Penek Macronek baino bost milioi eta erdi boto gutxiago eskuratu zituen eta hirugarren aldiz jarraian hauteskundeak galdu zituen. Dena den, bozkatuena izan zen kolonia ohietan edo Kortsikan, eta lehen aldiz %40eko heina gainditu zuen Frantzia osoan eta baita Ipar Euskal Herriko 51 herritan.

Bilgune Nazionalak 55 879 boz bildu ditu euskal lurraldeetan, lehen itzulian baino hogeita zazpi mila gehiago. Halaber, Marine Le Pen bozkatuena izan zen Etxarri, Gixune, Banka, Ürrüxtoi-Larrabile eta baita Gursen, Biarnoan. Aspaldi du emai-tza onak dituela Etxarri eta Gixunen baina aipagarria da irabazlea izatea beste hiru herrietan deportazioaren biktimen oroimenerako egun berean. Izan ere, Gursen Mundu Bigarren Gerra garaian Espainiako errepublikazaleak eta euskaldunak preso har-tzeko konzentrazio esparrua dago, Bankan Gernika Batailoiko gudariak aterpetu zituzten eta Ürrüxtoin Abdelkader Aljeriako emiraz Jean Louis Davant euskaltzainak idatzi duen pastorala eskaini zuten joan den udan. Euskal Herrian ere Marine Le Penek baztertuen bozeramailea bilakatzea lortu du eta orain askok bere alde bozkatzen dute historiari begiratu gabe. Gurean ere gero eta gehiagok uste dute ez dela eskuin muturrekoa. Bere lagun hurbilenen artean ordea Santiago Abascal eta Vladimir Putinen ingurukoak daude. Denen bistan daude ere Parisen eta Estrasburgon bozkatzen dituenak.

Aurre egin

Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidente sozialistak begi onez ikusi du Macronen bigarren garaipena baina denbora berean eskuin muturraren gorakadak kezkatzen du eta kudeatzeko molde berria eskatu dio Eliseoko jauregian lanean jarraituko duen agintariari. Max Brisson euskal senatari errepublikano miarriztarrak azpi marratu du osasun hesia ohi baino ahulagoa agertu dela aurten. "Frantzia bitan zatituta dago : Le Penen aldekoak alde batean eta beste guztiak bestean. Baina denak batuta ere %58ra heltzen gara eta hori ez da pozteko emaitza". Ipar Euskal Herria ere bitan zatituta dago. Inoiz ez bezala zubiak eraiki-tzea dagokie orain agintari, irakasle, artista, kirolari eta kazetariei. Euskaltzaleek ere ardura berezia eta estrategia argia izan behar genuke lan horretan.