BILBO. Aurten erretiratu diren ertzainak, zendu direnen familiekin batera, euren omenaldia jaso zuten atzo Iurretan. Guztira, 180 ertzain izan ziren omenduak, eta Estefania Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburua, izan da omendu dituenak.

Bosgarren urtez jarraian egin da Iurretako Ertzaintzaren egoitzan azken urtean hildako ertzainen familiei eta erretiroa hartu duten ertzainei plaka-ikurrak emateko ekitaldia, euskal gizartearen zerbitzura Ertzaintzan egindako lana eta arduraldia eskertzeko.

Segurtasuneko sailburuordeak 2015eko martxoaren 13an onartu zuen plaka-ikurrak ematea arautzeko ebazpena, Ertzaintzan egindako lana eta izandako arduraldia gogoratzeko eta balioesteko.

Iurretan egindako ekitaldian, Ertzaintzaren burua den Josu Bujandak, Herritarren Babeserako Ataleko burua den Garaikoetxeak, Inteligentzia Kriminaleko Alorreko burua den José María Iurrebasok eta Inteligentzia Bulego Nagusiko burua den Jon Ziarsolok eman diete plaka-ikurra erretiroa hartzeagatik, adinagatik, osasun-arrazoiengatik edo antzeko beste arrazoi batzuengatik zerbitzu aktiboa utzi duten 180 ertzainei. Omenduek ondoan izan zitzten lurralde-buruak eta unitate-buruak ere, eta haritz-hostoa daraman oroigarri bat jaso zuten.

Ondoren, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak 2018an hildako ertzainen bederatzi familiei eman zizkien plaka-ikurrak. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok eta Ertzaintzaren buru Josu Bujandak ere agurtu zituzten familiak.

“Plaka-ikurrarekin batera jaso duzuen diplomak gogoratzen digun bezala, “Izan direlako gara, garelako izango dira”, kulturaren transmisioaren eta bilakaeraren oinarrizko printzipioa izanik. Harro egon zaitezte gizarte honen bilakaera sozialean eta kulturalean gure autogobernuaren oinarrizko zutarrietako batetik, Ertzaintzatik, lagundu izanaz”, adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arduradun gorenak, eta gogoratu zuen datorren ostiralean beteko dela Gernikako Estatutua onartu zeneko 40. urteurrena.

“Estatutuari esker hiru urtean ernaberritu ahal izan zen 36ko Ertzaña eta jarri ahal izan zen abian zuen laguntzaz hazi den Ertzaintza. Erakunde hau euskal gizartearen zerbitzura egin duzuen lanaren isla da, eta gaur pozik egoteko eta zuei esker ona adierazteko arrazoia da”, azpimarratu zuen Segurtasuneko sailburuak.

Ertzaintzaren promozioei buruzko bideo batek eta Ertzaintzaren Musika Bandaren boskoteak eratu zuten aurten erretiroa hartu duten edo hil diren ertzainak omendu dituen ekitaldiaren haria. Bertan omenduekin batera izan ziren omenduen familiak, lankideak, sindikatuen ordezkariak eta Adepyr elkarteko (Ertzain Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartea) eta Aserfaviteko ordezkariak.