Euskal letrei begirada bat eginez gero, laster konturatuko gara, azken mendeoi dagokienez, euskaldun idazleak nahiko atzeraturik ibili direla gai eta estilo kontuan, eta horiek, eskuarki, guregana oso berandu heldu zaizkigula. Halere, salbuespen nabarmen bat egin behar dugu XVI. mendean, protestantismoaren zabalkundearen aldeko literaturaz.

XVI. mendean Erromako Elizak bere aginduak emateko eta bizi-arauak ezartzeko moduan, aski autoritario eta mundutar agertzen zen. Horrexegatik, apaizek eta fraideek maiz arrazoiz egiten zizkioten kritikei ez zien kasurik egiten eta, aldiz, kritikatzaileak zigortzen zituen. Arazoak, gainera, ez ziren, soilki, dogma mailakoak, administraziozko abusu nabariak baizik. Esate baterako, Vatikanoan, Elizaren aginduz egiten ari zen Done Petriren Basilika berri eta erraldoiaren luxuzko obrak finantzatzeko, Aita Santuari, zerura segurki joateko buldak saltzea bururatu zitzaion. Horrela, dirutan erosiriko bulda horiek paradisua eta salbazioa garantizatzen zizkieten aberatsei. Noski, jokabide horrek apaiz eta erlijioso askoren haserrea biztuarazi zuen, Aita Santuaren aurka jarriz.

Bestalde, Jesukristok berak jende arrotzei nori bere hizkuntzan predikatzeko agindua ahazturik, denboraz, mendebaldean, Elizak Erromako inperio zaharraren hizkuntza ofiziala hobetsia zuen, eta mendebaldeko Europa osoan hori besterik ez zerabilen: latina. Italian, Fran-tzian eta Espainian, adibidez, antzinako erromatarren latinetiko hizkuntzak zeuzkaten herrietan, jende ikasiak oraindik gutxi edo asko hura ulertzen zuen, baina germaniar edota eslaviar jatorrizkoetan ez zegoen horrelako tradiziorik, eta ekialdean Bizantiar Inperiopean izandakoetan, gainera, testu sakratuak grezieraz zeuden. Ondorioz, latina erlijio-hizkuntza hutsa eta fededun gehienentzat ulertezina zela argudiatuz, aleman herrialdeetan Lutherek, Melankthonek eta Zuingliok Biblia eta kristautasunaren irakaspenak alemanez itzultzen jardun zuten, eta gauza bera egin zuen Calvinek ere frantsesarekin. Horrela, Eliza katolikoak Biblia jende arrunten mintzairetara ez itzultzeko agindua eman arren, protestanteek hainbat hizkuntzetara eraman zuten Kristoren mezua, arrakasta handiz. Kasu askotan, gainera, horixe izan zen ordura arte izkribuz gutxi edo bat ere ez landu gabeko mintzaira askok izan zuten literaturarako atea, ondoren era guztietako obrekin aberastuz joan zena.

Euskal Herrira etorriz, gogoan izan behar dugu Fernando errege katolikoaren tropek Nafarroa inbaditua zutela, bertako erregeak eskumikatuak zirelako aitzakiarekin. Hura Fernando Katolikoak berak asmaturiko salaketa faltsua izan zen, baina halere, alferrekoak izan ziren errege nafarrek egindako protestak. Ondorioz, tronura heldu zenean, Joana Albretekoak, nafar erreginak, protestantismoa onartu eta hura bere erresuma osoko erlijio ofizialtzat aldarrikatu zuen 1560. urtean, eta erlijio berria bere aginterrietan hedatu eta finkarazteko, Testamentu Berria euskaratu, kalbinismoaren katixima, haurrak alfabetoa ikasteko liburuxka bat, euskarazko lehenbiziko egutegia, otoitzak eta beste zenbait obra didaktiko euskarara itzuli eta argitara ematea agindu zuen. Euskaraz zeukan jakituria maila handia zela eta, lan horretarako, Lapurdiko pertsona bat aukeratu zuen: Joanes Leizarraga.

Joanes Leizarragak, Beraskoizko semeak, lehenago apaiz katolikoa izandakoak, hasieratik garbi ikusi zuen ipar Euskal Herriko jende guztiek ondo ulertuko zituzten testuak prestatu behar zituela eta bere lanerako Lapurdiko eta Zuberoako lankide batzuk izan zituen, Paueko sinodoak izendatuak: Piarres Landetxeberri eta Sanz Tartas Sarrikotapiakoa zuberotarrak eta Joanes Etxeberri Donibane Lohitzunekoa. Itzulpenok 1571. urtean inprimatu ziren Larroxelan, hots, frantsesez La Rochelle deitu portuan.

Estiloari doakionez, kritiko guztiek aitortzen dute euskarazko lehenbiziko obretako bat izanik ere, ahalegin handia egin zuela Leizarragak orduko euskaldun gehienek obra horiek ahalik eta ongien uler zitzaten, eta, euskaraz inprimatzen zen hirugarren obra izan arren, grafia finkatzeko eta morfologia batzeko harturiko ardura handiagatik, bazirudien euskara aspaldidanik izkribuz erabilitako hizkuntza zela, egiaz ia tradizio idatzirik gabea izan arren.

Euskararen garapenerako pauso handia izan arren, halere, protestantismoak ez zuen lortu Ipar Euskal Herrian ongi sustraitzea. Urte ba-tzuk geroago, Frantziako erregea hiltzean, Joana Albretekoaren semea gertatu zen Frantziako hurrengo erregea izateko, hots, Nafarroako Henrike IIIa. Baina baldin-tza bat jarri zioten horretarako, bere amaren kalbinismoari uko eginda, katoliko bihurtzea. Ordukoxeak dira esan omen zituen hitz famatuak: Paris vaut bien une messe (Parisek ongi balio du meza entzutea).

Horrela, Nafarroak konkistatu zuen Frantzia osoa, Nafarroako erregea Frantziako monarka bihurtu zelako, baina harrezkero, pixkanaka, nafartasunak frantsesak kutsatu beharrean, Frantzia handiak kutsatu zuen Nafarroa txikia, bere nortasuna apaldu eta ia-ia desagerrarazi zuen.

Horrela, Joana Albretekoaren heriotzaz gero (1572an gertatua) badirudi protestantismoaren eragina Euskal Herrian ezerezean gelditu zela, baina hori ez da guztiz egia. Harrezkero, kalbinistek eginiko lanaren beldur, katolikoek ere euskal bidea jorratzea erabaki zuten eta autore mordoa agertu zen euskaraz idazten, horien artean Joanes Etxeberri Ziburukoa, Pedro Axular, Argainarats, Harizmendi, Gazteluzar eta Tartas, adibidez. Beraz, protestanteek hasiriko euskal bideak segida izan zuen katolikoen artean. Halere, Leizarragak literaturan euskara komun baturako ahaleginak ez zuen katolikoen aldetik arrakastarik izan, eta tokian tokiko euskalkiak lantzeko joera geldituko zen nagusi mende batzuetan. Edonola ere, garai honetan, protestantismoari buruzko lehian, euskara Europako beste hizkuntzen parean egon zen.