Milan Kunderak, liburu eder hura idatzi zuenean, ez zuen buruan hartu urte ba-tzuk geroago gertatu dena jazoko zenik. Ez zuen ikusi ahal izan Zetape izan zitekeenik liburuaren pertsonaia nagusia, eta biribila izango zen.
Aste honetan gauza barregarriak ikusi ditugu Espainiako Parlamentuan. Barregarriak gurekin ez balihoaz. Trena etorriko zela ukatu zuenean 2008an, besteak ziren itsututa zeudenak; geroago, aste beteko epean gauza elkarren aurkako bi esaten dituenean, ahanzturaren errezela tarteko da. Betiere, berak badu gomuta aukeratzailea. Eta horretara.
Bakartasunak ez du laguntzen norberaren inguruan bizi diren uste eta aburuak ulertzeko, batez ere, norberak horrelako kasuetan bere buruari baino ez dionean jaramon egiten. Askozaz erosoagoa da nork bere iritziei eustea inorenak ulertzen ahalegindu beharrean, inoren ikuspegia ulertzen saiatzea baino.
Azturuek diotenetik, Espainia sartuko da "gehikuntza negatiboan" urtearen azkenetan. Ene, zein polita den ekonomialariek darabilten eufemismo hori, "atzeraldia" (irakur bedi aberastasunaren galera) baino ez dena adierazteko. Badakizue zelan dioen esaera herrikoiak: "Ahal dela, baselinarekin". Kontua da Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriek lagundu beharrean kaltea ekarriko dutela. Azken egunetan Pedro Solbesen gomuta-mina sortu zait! (Lobera, txarto habil!).
Eta euskal sozialistak zer? Hauek ere emango zioten pertsonaia nagusia Milan Kunderari. Izan ere, hauek ere ezin dute jasan euren izatearen arintasuna. Azken burutazioa izan da Ertzaintzari txapela kentzea uniformetik. Ene, zer den nortasunari buruz egunean-egunean berbetan eta gogoetan jardutea! Kontua da jakitea zertan da-tzan haien izatea. Euskalduna delako kendu dute txapela, eta haren lekuan zer-edo-zelako kapelua ipini. Ezin dute jasan euren euskal izatearen arintasun hori ere jasan.
Behin bideari ekinez gero, berriz, segi dezakete uniformea aldatzen: oraingo alkandoraren lekuan, guaiaba koloreko elastiko bat ezarri; praken ordez, pirata estiloko prakatxoak, eta boten lekuan, txankletak. Hori udarako, ezik negurako are exotikoagoak izan daitezke, eta, kapusai gorriaren ordez, inuiten larruak jantzi ahal izango lizkiekete ertzainei; badakizue, kulturartekotasunaren ondorioak. Eta orduan, bai, orduan nikelatuko lukete!