ETXEKO katuez ari ginen aurrekoan luze eta zabal: Kati, (gero Katilio bilakatuko zena), Boris, Txiripa, Lukax. Alaba Leireren koadrilak urtarrila guztiz hotz batean, elur tartea, katakume batzuk aurkitu zituzten, eta etxera ekarri. Bizi ala hil, aurrera ala ez, ahula eta gaixorik. Elkarri esan genion…aurrera egiten badu “Txiripaz” izango da. Ba, irakurle estimatua, Txiripa geurekin hamasei urte luzetan izan genuen, felina, emea, txikia, txuri eta laranja margoz jantzia. Ia ia dozena t`erdi urte ondoren mundu honetatik alde egin zuen, Geure Jose Manuelek ezin lotsari eutsi, baina malkotan berriro. Lukas geratzen zitzaigun etxean. Bakarrik eta xaharrita. Nire, oraingoz, azken malkoak Lukaxen begirada hilak sorarazi zizkidan. Orain, gaurko egunean Maixa dugu etxean, emea eta Karei arrazakoa, gaztea, bihurria, jolas nahian, jauzi eta mauzika etxeko gortina eta besaulkiak pairatu dituzte, eta paratuko ere bere azkazal guztiz zorrotzak. Eta beti ikasten da zerbait, hau da, Karey arrazakoak gehiengo oso batez emeak omen dira. Oso mugituak, ezina zaie, geldirik ego, zaila patxadan egotea. Goizero egunon onak bere erara ematen dituena da. Ronroneatzen iai-ua, zurrunga egiten duena bere erara goxo eta pozik dagoela adierazi nahien. Baina etxean, gurasoen etxean, osaba-izeben etxean, anai eta arrebaren etxe eta familietan txakurrak ere. Hauek, guzti guztiak, izen bera izan dute, bakarra, Kaiku. Kaiku Oñati, Kaiku Donostia, Kaiku Vigo eta zaharrenak Kaiku Añorga, bi hauek. Arraza ezberdinekoak. Nik gehien maite nuena Kaiku Donostia zen. Izan zen. Arratoi txakurra Añorgako baserri batetakoa hain zuzen. Txikia, txuri-beltza, herrena, bizkorrenetan bizkorrenetarikoa. Alproja samarra. Nahiko litxarra. Donostiako Gros auzoko kaleetan zehar paseatzera bera bakarrik ateratzen zena eta itzuleran etxeko portalean esperoan geratzen zena auzokideren batek etxera itzultzean atea ireki arte. Borroketan abila baita txakur askoz handien aurka ere. Barrabiletan kosketan ausarta. Gupidagabea.