Hogei urte bete ziren astelehenean Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Eta hogei urte igarota, urteurrena aparteko oihartzunik gabe igaro da, besteak beste, hautsak harrotzea eta gogoraraztea inor gutxiri interesatzen zaiolako. Euskararen inguruko langintza indarkeriari lotzeko ahalegina ez zen orduan hasi, lehenagotik ere beste elkarte eta erakunde batzuk egon baitziren Espainiako epaileen susmopean, estatuaren estrategia eta haren polizia indarren ekimena tarteko zirela. Inguruabar horretan, indarkeriaren erabilera elikatzen zutenek ‘euskalgintza’ deitzen den hori beren jardun-eremutzat hartzeak ez zuen inolaz ere lagundu. Edozein eratara, jarrera horrek ez du inolaz ere arrazoitzen, justifikatzen edo zuritzen askotarikoena den espazio horren aurka gertatutakoa, nahiz eta ezker abertzalea deitzen denak autokritikarako arrazoirik ere baduen.

Harrigarria suertatzen da zein erraz hitz egiten den epaileez, guardia zibilek asmatutako txostenez, estatuaren ekimenez... eta zein gutxitan hedabide jakin batzuek estrategia hori elikatzeko orduan izan zuten parte hartzeaz. Izan ere, hedabide jakin batzuk ezinbestekoak izan ziren indarkeriaren itzala beste eremu batzuetara hedatzeko saiakeran, inolako kontrasterik gabe lau haizeetara barreiatu baitzituzten guardia zibilek asmatutako txostenak eta salaketak, jende askoren izen ona lohituz eta basaz betez. Hala, hedabide jakin batzuek ezin konta ahala orrialde eman zituzten argitara urlia edo sendia indarkeriarekin edota erakunde jakin batzuen finantzaketarekin lotuz... eta bidegabe jokatzen ari zirela jakitun, epaitegiak edota polizien iturriak aipatzen zituzten zuribide gisa.

Ez daukat akorduan, kazetarien elkargoen aldetik, inolako adierazpenik edo ohartarazpenik hedabide eta kazetari jakin batzuen etika faltaz eta jardunbide desegokiez. Horren aurrean, dena izan zen (eta izaten segitzen du) beste aldera begiratzea eta korporatibismoz jokatzea, gaiarekin inolako loturarik ez duten aingerutxoak bailiran.

Informaziorako eskubidea eta gezurrak hedatzekoa ez dira gauza bera... eta kazetariren bati hondatutako merkantzia saltzearen ondorioz, gezurrezkoa den berriren bat argitaratzen bada, aukerak baditu hori indar berberaz zuzentzeko, are gehiago epaileek salaketa guztiak ezertan laga dituztenean.

Internet bezalako erremintetara jotzea besterik ez dugu behar orain dela hogei urteko salaketa larrien eta lehenagokoen berri izateko. Gutxiagotan antzeman ahal izango ditugu salaketa horiek guztiak zertan geratu ziren, salaketak barreiatzen aritu ziren berberak isilik geratu zirelako eta direlako. Egun ere, antzeko kontuak ikusi ahal izaten ditugu.

Halako salaketa larriak, publikoak hedabideak kontsumitzeko eta zurrumurruetarako aproposak, eremu politikoa astintzeko ere erabiliak, geroago ezertan geratzen direnak. Azken emaitza azaltzen denean, orrialde galdu bateko izkina batean azaldu ohi da, azaleko titular arranditsuetatik ihesi...

Izan ere, informaziorako eskubideak etika ere barruratu behar du... baina azken horrek ez du kazeta-berrikaririk saltzen!. l