NAGO gai batzuk hizpide hartzen ditugunean, interesak, aurreiritziak eta bestelakoak nahasteak ez digula gaia trenkatzen uzten, ez eta norabidea marrazten laguntzen ere. Inguruabar horretan, migratzaileen kopurua ez da bat bera sareen artean, ez eta, esaten denaren kontra, sare bakoitzeko ikastetxeen artean ere. Hainbatetan, gaiak orokortzen direnean, sare guztietan dauden gabeziak estali nahi izaten dira. Migratzaileen ehunekoa ez da bera Bilboko San Frantzisko auzoko ikastetxe publikoan edota hiri beraren erdigunean dagoen beste batean. Beste horrenbeste gertatzen da ikastolei, Kristau Eskolako ikastetxeei eta bestelako titulartasuna duten ikastetxeei buruz ari garenean.

Gertaera hori aztertzean, eskola-mapa kontuan hartzea garrantzitsua da, eskolaren kokapenak izugarri baldintzatzen duelako barruratzen duen hezkuntza-elkartearen osaera. Hori horrela, sare publikoa ikuspegi geografikotik hedatuago egoteak aniztasun handiagoa izan dezan laguntzen du. Horrek ez du esan nahi itunpeko ikastetxeek ahalegin are handiagoa ezin egin dezaketenik, baina mugak ere bistakoak dira, hedapena ez delako horren zabala eta, orain arte, finantzaketa publikoa askiez suertatu denez, kuotak jarri dituztelako familia batzuek hautu hori egitea zaildu dutenak.

Ondorioz, errealitate hori aintzat hartzea ere komeni da, bai eta zenbaitetan, eskola sasoian dauden ume eta nerabeak berez dagokien ikastetxera joan ez daitezen, guraso batzuk herri bereko beste auzo batean erroldatzeko izan duten jokaera saihestea ere. Ikastetxe bakoitzaren gurasoen batez besteko maila sozioekonomikoa zein soziokulturala asko aldatzen da ikastetxe batetik bestera, titulartasuna gorabehera... eta ikerketek garbi erakusten digute hori ere badela faktoreetako bat ikasleen emaitzetan eragiten duena eta segregazioan laguntzen duena. Ondorioz, gertaera hori ere kontuan hartu beharko da, ahal den neurrian egoera hori leunduz eta, ezin denetan, baliabide egokiak esleituz abiapuntuko desoreka horiek apaltzen joandaitezen eta gainditzen laguntzeko, betiere, aukera berdintasunera hurreratzea izanik helbururik behinena.

Kontraesanez eta aurreiritziez betea ikusten dut batzuek islatzen duten jarrera itundutako ikastetxeez ari direnean. Ikastolek, Kristau Eskolako ikastetxeek edota Opusaren eskolek ez dute izaera bera, ez eta bokazio bera ere, beraz, ezin nahas daitezke. Hala berean, ezin esan daiteke itunpeko ikastetxeei baliabide gehiago ez zaizkiela eman behar, eta, aldi berean, exijitu segregazioaren autuan zein bestelako kontuetan gehiago inplika daitezen. Beldur antzeko bat nabari da hor, beharbada, matrikulazioaren jaitsierarekin eta ikastetxe batzuen jarraitutasunarekin zer ikusia daukana... Eta horri ere irtenbidea bilatu beharko zaio, baina irtenbidea ezin izan daiteke ondo funtzionatzen eta emaitza onak ematen dituzten ikastetxeak zarratzearen ordainekoa. Ala, nagusien zaintzan, irakaskuntzan, aisialdian, kirol-jardueretan, eskolaz kanpoko ekintzetan eta bestelakoetan jardun nahi dutenei bidea ukatu edo zaildu behar zaie denak publikoa izan behar duelako aitzakia aintzat hartuta?