Norbaitek baiezta dezakeenaren kontra, migratzea, eskubide bat bainoago, askotariko arrazoien emaitza da. Gehienbat, gerrek, jazarpenek, bazterkeriek, goseek, arrazoi laboral zein ekonomikoek bultzatzen dute norbait bizitokiz aldatzera, familia, lagunak eta bestelakoak atzean utzita. Ez da gauza bera kualifikazio handiko pertsonak lurraldez aldatu nahi izatea, mendebaldeko lurraldeen artean gertatzen den herritarren lekualdatzea edo beste bizitokietatik mendebaldera egiten dena... eta, zoritxarrez, batzuk eta besteak era desberdinean hartzen ditugu.

Europarrak izaki, esku zabalik hartzen ditugu Errusiaren eraso gupidagabea jasaten ari diren ukrainarrak eta, errezeloz, latinoamerikarrak, afrikarrak eta beste jatorri batzuetako hainbat. Jarrera horiek landu eta moldatu behar ditugu bizimodua atzean utzi beharrez suertatzen direnak are atzerago eta baztertuago geratzea nahi ez badugu. Harro antzean hitz egiten dugularik munduan zehar barreiaturik dagoen euskal diasporaz, harrotasunez, enpatiaz, hurbiltasunez hartu beharko genituzke gure artera datozen guztiak, daukaguna haien esku ere jarriz, aukera berdintasuna ahalbidetuz eta bizikidetza landuz.

Penaz hartu dut Gasteizko zentroaren inguruabarrean sortu den ika-mika. Erneguz, tentuz eta arduraz landu beharrekoak, hala-moduz kudeatu direlako. Halako nagusikeriazko jarrera antzeman zaielako gobernu zentraleko ordezkariei eta, era petral batean, defendatzen saiatu direnen guztiei. Izan ere, ehunka plaza eskaintzen dituzte herri eta gizarte zibileko erakundeek halako polemikarik sorrarazi gabe, zentro txikiak guztiak, migratzaileen arteko harremanak eta inguruarekikoak kontuan hartzen dituztenak, egoera zail bat zelanbait arintzen eta bideratzen saiatzen direnak. Horiek horrela, zentroak bainoago, ereduak eta helburuak izan beharko lukete eztabaidagai. Nago, azken honetan adostasun zabala dagoela eta hori bideratzeko eginahalak egitea merezi duela.

Pentsatu beharko genuke jende asko toki berean pilatzearekin haien integrazioa ahalbidetuko ote dugun eta horrek zer eskatzen digun zerbitzu publikoei doakienez, osasun, hezkuntza, lanbide eta beste zerbitzu batzuez denaz bezainbatean, hain zuzen. Era berean, egiazko integrazioa edo gizarteratzea bilatzen duen harrera politika aurrerakoi batek gizarte zibilarekin lankidetzan jardutea eskatzen du. Izan ere, askotariko elkarte eta erakundeekin lankidetza antolatzea ezinbestekoa da, gure artera datozenak isolatuta, bakartuta geratuko ez badira... eta hor ere mugak dauzkagu, gizarte zibila aberatsa izanik ere, gehienbat, barreiatuta eta talde txikietan antolatzen da eta. Ondorioz, albora ditzagun inora ez garamatzaten polemikak eta saia gaitezen gai hau, beste asko bezala, ganoraz eta auzolanean bideratzen.