Viktor Orbán Hungariako lehen ministroak protokolo batean ezarri zuen haurdunaldia eten nahi zuten emakumeek, eteteko erabakia hartu aurretik, umekiaren bihotz-taupadak entzun behar zituztela. Hori horrela, protokolo horretan jasotakoaren kopia dugu Gaztela eta Leongo gobernuak egitea aurreikusi duena, azken egunotan, kontuak nahikoa zalaparta sorrarazi duelarik. Nago haurdunaldia etetea ez dela nahierara hartzen den erabakia, ertz ugari dituela eta askotariko arrazoiak badirela halako hautu baten atzealdean. Horren haritik, trantze horretan dauden emakumeak errudun balira trata-tzeak ez dut uste inori, bereziki, egoera horretan daudenei, lagunduko dienik.

Iragan hurbilean, dirua zuten familiek, horietako hainbatek erregimenarekiko sentiberatasuna zutenek, ez zeukaten aparteko arazorik alaba Londresera bidaltzeko, horrek arazoa gainetik kentzea bazekarren eta, bide batez, jendartean itxurak gorde-tzea. Dirurik ez zeukatenek, ordea, bestelako bideak baliatu behar izan zituzten eta, horietako askok, baldintza higieniko ezin eskasagoetan odolustu eta bizia galdu zuten. Besteren batzuek, umea edukitzea edota ordena erlijiosoren baten esku uztea beste erremediorik ez zuten izan, batak zein besteak zekarren guztia euren gain hartuta.

Esan barik doa garai demokratikoan aurrerapauso itzela izan zela emakumeei haurdunaldia eteteko eskubidea aitortzea, bai eta, egoera hori duintasunez bideratu ahal izateko, baliabideak esleitzea ere. Inguruabar horretan, onartezina iruditzen zait profesional batzuen jarrera, ustezko kontu etiko edo moralak aipatuz eginbehar horri uko egin dietelako, bai eta eremu batzuetan profesionalei egiten zaien jazarpena, presioa eta mehatxua ere, euren egitekoari uko egin diezaioten. Emakumeek beraien eskubideak baliatzeko beste erkidego batzuetara edota klinika pribatuetara bideratzeak, anonimotasuna eta erosotasuna gogoan, emakumeen aukeretako bat izan behar du eta ez agintean dagoenaren estakurua, nork bere eginbeharrei izkina egiteko, emakumeen eskubideak zangotrabatzeko edota dagoen errealitate bat ezkutatzeko.

Jaiotza-tasa igotzea helburu duen politika publiko batek, ezinbestean, jaiotze-tasaren jaitsieraren arrazoietan sakondu eta gizartearen bilakaera zein egungo joerak kontuan hartu beharko ditu. Nago dena ez dela diru edo erraztasun kontua, dena ez dagoela gurasoen etxetik irtetea kostatzen zaigulako edo adin-tarte batzuetan soldatak apalak direlako. Aipatutako horietan zein bestelakoetan, neurriak hartzea garrantzitsua da, baina… gizartea bera goitik behera aldatzen ari delakoan nago. Gero eta lotura eta mendekotasun gutxiago hartu nahi duten pertsonez osaturiko gizarte batean bizi gara... eta, horrek, nagusien zaintza dela eta, familietan hartzeko prest gauden arduretan ez ezik, jaiotze-tasan ere eragiten ari den kontua da.