Demokrazia da ezagutzen dugun sistemarik osatuena eta bidezkoena, erabateko perfekziotik urrun dagoen arren. Horrexegatik, sistema bera hankaz gora jartzeko eta ezerezean uzteko batzuen eginahalak gaitzestea eta halako jarrerei aurre egitea garrantzi handiko kontuak dira. Totalitarismoek herritarren gehiengoaren ahotsari, borondateari, beldur diete, gehien-gehienetan ordezkatzen ez duten herritarren izenean jarduten duten arren. Populismoak herritarren ezinak, aurreiritziak, erraiak zein bestelakoak hartzen ditu abiapuntu, horietatik beldurrak, mespretxuak eta abar nonahi eta nolanahi hedatzen saiatzeko. Jokabide bitsuok ez dute jendartearen bizikidetza lantzen, herritarrak elkarrengana hurrera daitezen bilatzen, alderantzizkoa baizik.

Duela bi urte, hauteskundeak galdu zituela onartu nahi izan ez zuen Trumpen jarraitzaileek AEBetako Ordezkarien Ganbera azpian hartu zuten. Hauteskundeetako emaitzak zalantzan jarri zituzten, artean, agintean zegoenaren arduragabekeriak eta lerdokeriak hauspotuta. Hauteskundeak galdu zituenak presidente jarrai zezan nahi zuten, herritar gehienen iritziak eta botoak gorabehera. Orain, Brasilen antzekoa gertatu da... Eta Bolsonaro AEBetan dagoen bitartean, armadak agintea hartzea eskatu dute. Trump-Bolsonaro bikoteak txanpon baten aldeetako bat osatzen dute, historian zehar izan diren beste batzuekin batera. Bi-biek boterea baliatu dute euren interesen mesederako; gutxiengoen, emakumeen eta beste gizatalde batzuen aurka jarduteko; larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak nahita apaltzeko edo ahalik eta eragin txikien izan dezaten lagatzeko; lehendik ere ondo beteta zeuden gutxiengoaren poltsikoak are gehiago betetzen saiatzeko eta abar.

Nago ez garela kontziente demokrazian bizitzeak zer dakarren eta zaintzeak zenbateraino merezi duen. Ez dugu behar bezainbeste aintzatesten, gehienbat, sistema horretan bizi izan garelako beti eta gure aurretikoek pairatu dutena bizitzea suertatu ez zaigulako, bestela, tentu eta ganora handiagoz ibiliko ginateke. Horrexegatik, ernegua sorrarazten dit politikan nagusitu den giroak. Deskalifikazioak, egiezak edo gezurkeriak, ordu txikietako tabernetako elkarrizketak bihurtu direlako demokraziaren eta egungo politikaren ardatz. Kirtenkeria bat beste kirtenkeria are larriago batek estaltzen du oharkabean, amen batean... eta hor goaz aldats behera populismorik ankerrenari ohea lantzen.

Sasoi batean, alor ekonomikoan bihotzik, sentimendurik, errorik, gizarteari bizkarra emanda bizi zen jardunari gizatasun, hurbiltasun, enpatia eta abarrez jantzi nahian, gizarte erantzukizunaz hitz egiten genuen. Ez dakit hitzetatik haratago joaterik izan dugun, baina horrelako zerbait eskatu beharko genieke politikaren eremuan jarduten duten guztiei, bereziki, totalitarismoen atzaparretan gehien galtzeko dutenei. Ez uzkur, beldur antzean ibili daitezen, demokraziaren printzipioak etengabe ureztatu ditzaten baizik.