Zalaparta, eta handia, sorrarazi du Hazia izenaren inguruabarrean Gasteizko epaile batek hartu duen erabakiak... Ez ote dute epaileek bestelako zereginik, bideratu beharrekorik, dituzten indarrak halakoetan xahutu eta, bide batez, gurasoen bidezko nahiari oztopoak jartzea baino? Bada, epaile horrek euskaldunontzat ohikoena eta zabalduena den adierari heldu beharrean, izen arruntak daukan azpi-adiera bati heldu baitio erabakia justifikatzeko, eta, gainera, esanahi hori saihesteko, latinezko beste hitz bat baliatu du, ustez, gurasoek azpimarratu nahi dutena are garbiago azalduko duelakoan.

Errenazimenduan baziren askotariko jakintza-arloak lantzen zituzten pertsonak; egun, nonbait, epaileak bihurtu zaizkigu orojakile. Hori horrela, ikusi ditugu izurriteaz lasai antzean hitz egiten eta iritziak ematen; inolako oinarri zientifikorik ez daukan Interneteko artikulu bat baliatuta, euskara ikasteko zailtasuna aldarrikatzen eta administrazioan lan egiteko legez dagokion hizkuntza-maila eskuratzeko gauza izan ez den langilea salbuesten; hizkuntzaz, lexikografiaz eta halako kontuez hitz egiten... Eta ukondoa sorbaldaraino sartzen, inguruan dituztenek epaileen erabakiak errespetatu eta helegiteak aurkezteko aukerak daudela azpimarratzen duten bitartean.

Kategoria gramatikala, sexua edo beste ezin bilaka daiteke zuribide, hasteko, gurasoek izen bati uko egiteko. Sasoi batean, izen batzuk, gehienbat santuen izenetatik eratorritakoak, erabili ohi ziren eta gerora beste batzuk erabili izan dira, esate baterako, toki-izenetatik edota hitz arruntetatik eratorritakoak. Gure artean erabiltzen diren izen batzuek oso bizitza laburra dute. Beraz, izendegi batean azaltzen den ala ez ezin erabil daiteke argudio gisa.

Beste kontu bat da sexuaren kontuarekin lotutako gorabeherak. Kode Zibilak, gaztelaniaren logikatik abiatuta, izenaren eramailea gizonezkoa edo emakumezkoa den zalantzarik ez duela sorrarazi behar azpimarratzen du. Horri doakionez, hiru iruzkin. Euskarazko izen bat gizonezkoak izendatzeko erabiltzeak ez du esan nahi emakumezko batentzat baliagarria ez denik. Inoiz suertatu da Hego Euskal Herrian izen bat emakumezkoak izendatzeko erabiltzea eta Ipar Euskal Herrian izen bera erabiltzea, batez ere, gizonezkoak izendatzeko, kasurako, Eneritz. Ondorioz, malgutasuna ezinbestekoa da, errealitatea aldakorra delako. Bestetik, kasu egin beharko genioke gizartean nagusitzen ari den joerari, emakumezkoak zein gizonezkoak izendatzeko hitzak baliatzeko indartzen ari den joera eta jarrerari, hain zuzen... Eta horretan, ahalegina euskaratik egin behar dugu, euskarak aukera ugari eskaintzen dizkigulako norabide horretan aurrera egiteko.

Euskaraz, dena delako hitz bat beheragarri eta iraingarri ez suertatzea beste kontu bat da. Ume bat ekartzeko ardura hartu duen gurasoari, behintzat, ardura eta erantzukizuna aitortu behar zaizkio. Ez dut guraso bakar bat ere ezagutzen modu arin batean haurraren izena aukeratu duenik. Haur jaioberriaren izena oso berezia da gurasoentzat eta tentuz hautatzen dute. Horrela, astakirtena izan behar da euskaldunontzat ohikoena eta zabalduena den adiera beharrean, hiztegiari begiratu eta, bestelako begirada batekin, esanahien bila ibili eta horren arabera erabaki esanguratsuak hartzen ibiltzeko.