Alexei Tolstoik esana da guztiek mundua aldatu nahi dutela... baina inork ez duela pentsatzen bere burua aldatu behar duenik. Hainbaten kasuan, ustezko aldaketa hori oportunismo merke baten emaitza da, esaterako, eremu politikoan, alkandoraz aldatu ohi dira karguak lortzeko, arduretan segitzeko edota onurak jasotzen jarraitzeko. Beste batzuetan, pentsamenduan izaniko aldaketa ukatu ohi da, mudatze horrek ordezkatzen duzun alderdiaren sinesgarritasuna kolokan jar-tzen duelakoan. Nago aldaketa oro onuragarria dela, setakeria eta aurreiritzi oro albo batera lagata, gogoeta zintzo baten emaitza den neurrian, gerora izan ditzakeen ondorio pertsonalak eta kolektiboak gorabehera.

Horretxegatik, harriduraz hartzen dut Norvegiako multinazional batek haize-erroten inguruan eginiko proposamenak eragin duen zalaparta. Hasteko, argitu beharko li-tzateke Norvegia dela Europako bigarren herrialdea erregai fosilak ustiatzen dituzten lurraldeen artean... eta pasa den mendearen hirurogeiko hamarkadatik hona erregai fosilak ustiatzetik pilatu duen aberastasuna lurralde horretako zerbitzuak eta pentsioak sostengatzeko baliatu duela. Era berean, etekinen parte esanguratsu bat funts burujabe bat eratzeko baliatu du, besteak beste, inbertsioak Norvegiatik kanpo egitea eta bestelako diru-sarrerak izatea helburutzat hartuta. Beraz, Norvegiako multinazional publiko horren zeregin nagusia Norvegiako ongizateari eusten laguntzea da, erregai fosiletatik eratorritako aberastasuna bestelako osagaiekin haziz. Are gehiago, lurralde horretan eztabaida handia dago, Ukrainako gerraren inguruabarrean, erregai fosilen kontura, sekulako dirutza irabazten ari delako. Ez naiz kritikatzen ari! Baina multinazional hori GKE bat balitz bezala azaldu nahi izatea, deitoragarria da, are gehiago, Petronor, Iberdrola eta enparauen irabaziez sekulakoak eta bi esaten ditugunean... edota hemengo herri-erakundeek (EVEk, kasu) energia iturriak dibertsifikatzeko eta trantsizioa ahalbidetzeko egin dituzten ahaleginak zangotrabatu direnean.

Otegik dio funts burujabe bat sortu behar dela estrategikoak izan daitezkeen enpresetan eta eremuetan inbertsioak egiteko. Kontua da guk ez daukagula erregai fosilen ustiapenetik eratorritako soberakinik, halako funts bat elika dezakeena. Ondorioz, pentsatzekoa da halako funts bat sortu ahal izateko, baliabideak usatu beharko direla herri-erakundeetako aurrekontuetako sarreretatik... eta errealistak izanik, ez dago halakoetarako tarte handiegirik, politika publikoetan gabeziak areagotuko ez badira!

Eta errealismoaren puntu horretara iritsita, aitortu behar dut lau haizeetara barreiatzen diren sasi-proposamenek ernegatu egiten nautela, herritarrei egiazkoa ez den kontu bat saltzea dakarrelako. Energia-trantsizioa lau haize-sorgailu jarrita bideratuko dugula pentsatzea gezurretan aritzea da. Izan ere, zenbat haize-sorgailu jarri behar ditugu gure mendi eta haize-eremuetan? Aukerak mugatuak ez ezik, ez dut uste ingurumenaren ikuspegitik desiragarria eta defendagarria denik, beraz, askotariko iturriak, gutxien kutsatzen dutenak tartean, baliatu beharko ditugu, baldin trantsizio hori egin eta, maila batean, energia-arloko burujabe-tza lortu nahi badugu... noiz eta lehendik itxita egon diren, gehien kutsatzen duten eta ikatza kontsumitzen duten zentralak Espainian –gobernua osatzen duten bi alderdien baimena tarteko–, eta Europan, berriz ireki-tzen ari diren honetan..