Irabazi beharra egoan Valladoliden aurkako partiduan eta Ernesto Valverderen taldeak ez eban huts egin. Talde zuri-gorriak ondo mereziduta eskuratu eban garaipena, aurkaria baino gehiago izan zalako hasieratik amaierara arte. Jose Zorrillan eskuratutako garaipenak amaierea emon deutso Wanda Metropolitanon hasitako bolada negatiboari. Ez dogu ahaztu behar Bartzelonaren aurka San Mamesen galdu ostean, argi gorriak biztuten hasi zirala eta bat baino gehiago sailkapenaren beheko aldera begiratzen hasi zala, jaisteko postuak non egozan ikusteko. Hori gitxi balitz, ugari izan dira Valverderen taldearen sendotasuna zalantzan ipini dabenak. Zuri-gorriek erantzun bikaina emon deutse Jose Zorrillan garaipena eskuratuta, eta ez edozelan ganera.

Hamahiru partidu geratzen jakoz Athletici denporaldia amaitu arte. Edo hamalau, Osasuna kanporatu eta kopa txapelketako finala jokatzeko sailkatzen bada. Gora-beherak, gora-behera, Ernesto Valverderen taldea ate guztiak zabalik dituela heldu da denporaldiaren azken txanpara. Ligan, hogeta hamasei puntu jokatzeko dagozanean, datorren urtean Europan jokatzeko aukerea emoten daben postuak eskura ditu talde zuri-gorriak. Kopan, partidu bakar batera dauka Kopako finala, eta lehia erabakigarri hori San Mamesen jokatuko da. Beraz, ezin esan Athleticen egoerea txarra danik. Sarritan uste dot, zorrotzegiak eta gogorregiak garala taldearen lana azertzeko orduan. Kritika zorro-tzen atalean, aitamen berezia merezidu dau Vesga-Dani Garcia bikoteak. Arabarra bikain dabil urte osoan eta Zumagarragakoa oso errendimendu ona emoten ari da Valverdek hamaikakoan sar-tzeko aukerea emon deutsonetik.

Mamuak Valladoliden itxi ostean, Athleticek aukera ona dauka gorantz egiteko eta seguru nago lortuko dauela. Valverdek esan dauen legez, Jose Zorrillan jokatu eta ondo irabazitako partidua inflexino puntua izan behar da denporaldiaren azken txanpeari ekiteko.

Aitamen pare bat Valladoliden aurkako partiduaren ganean. Valverdek tokiz aldatu eban Iñaki Williams. Eskoiko hegalean ipini eban, aurrealdean Guruzeta jarrita. Nire uste apalean, Williams anaia zaharrak gehiago emoten deutso taldeari hegalean jokatuta, aurrealdean arituta baino. Ganera, Guruzeta, bera baino erremata-tzaile hobea da. Williams anai biak benetako laban zorrotzak dira hegaletatik.

Defendiduteko egitureari jagokonez, begi bistakoa da Athletic talde sendoagoa dala Iñigo Martinez hamaikakora itzuli danetik. Ondarrutarraren jerarkia azpimarratu dau entrenatzaileak. Taldeko jokalaririk garrantzitsuena ez bada, bi garrantzitsuenen artean dago, ezelango zalantza barik ganera. Eta, horregaitik, sinistuezina da Athleticek kontratua luzatzeko eskeintzarik egin ez izana, kontratua amaitzeko hiru hilabete baino ez diranean geratzen. Euskal jokalaririk onenak Athleticen euki gura badoguz –presidenteak esan dauen moduan- Ibaiganek bere eskuetan dagoan guztia egin behar dau Iñigo Martinezek Athleticen jarraitu daian. Eta eskeintzarik ez egitea erabagi badau azaldu egin beharko leuke hautu hori egitearen arrazoia.

Arestian esan lez, Athletic ondo kokatuta iritsi da denporaldiaren azken txanpara. Zuri-gorrien eskuetan dago Europarako txartela eskuratzea eta kopea irabaztea. Ez da erreza izango baina ate guztiak zabalik dagoz. Seguru nago partidu gogoangarriak ikusi eta biziko doguzala datozen asteetan. Konfiantza handia daukat Valverderen taldearengan.