Fito & Fitipaldis taldeak San Mamesen joko du ekainaren 11n

02.11.2021 | 17:33
Unai Rementeria eta Fito Cabrales, kontzertuaren aurkezpenean.

2022ko ekainaren 11 egun berezia izango da Bilbon. San Mameseko futbol zelaiak goi mailako kontzertu bat hartuko du larunbat horretan: Fito & Fitipaldis taldearena. Egun horretan, Fito Cabrales ez da bakarrik egongo eszenatokian, musikaren munduko hainbat lagunek berarekin joko baitute.

Fitok Aldundiaren laguntza eskertu du, San Mamesen aritzeko aukera eman baitio taldeari. Esan duenez, "sinestezina iruditzen zaigu hori, San Mames futbol-zelai bat baino askoz gehiago delako". Hori dela eta, ekainaren 11koa disko berria aurkezteko birari zentzua emango dion kontzertua izango dela aurreratu du, eta "errepikaezina izan dadin lan egingo dugu", gaineratu du. Ideia horretan sakonduta, taldeko kide guztiak "oso pozik" daudela esan du, "San Mamesen aritzeagatik, baina, aldi berean, erantzukizun handiarekin, ez baita kontzertu bat gehiago izango, superkontzertu bat izango da-eta".

Unai Rementeria oso pozik agertu da kontzertu honekin, handia eta ahaztezina izatea espero baitu eta gizartearen aldartea altxatzen lagunduko baitu. "Musika, kontzertuak, kultura berreskuratu behar ditugu", esan du, Fitorekin izan behar zuela azpimarratuz, "gurean ditugun musikari onenetakoa delako, talde onenetakoa duelako eta erakutsi duelako badakiela Bizkaia mugitzen, belaunaldiak, estiloak eta kulturak elkartuz". Gainera, ahaldun nagusiak azpimarratu du kontzertu handi hori San Mamesen egin behar dela, ahalik eta jenderik gehienak gozatu ahal izan dezan.

Aldundiak, San Mames Barria sozietateko erakunde bazkide gisa, futbol-zelaiaren erabilera utziko du kontzertu hau egiteko, 2017an Guns n'Roses taldearen kontzertu handietan eta MTV Bizkaia Music Week 2018 jaialdian Berri Txarrak, Crystal Fighters eta Muse taldeekin egin zuen bezala. Rementeriaren ustez, San Mames agertokirik aproposena da, "kontzertu hau ahalik eta jenderik gehienak bizi dezan behar baitugu".

Kontzerturako sarrerak azaroaren 12an jarriko dira salgai, goizeko hamarretan, taldearen webgunean eta Ticketmaster plataforman, eta 30 eta 45 euro arteko prezioa izango dute, gehi kudeaketa gastuak.

noticias de deia