BILBO. Martxan dago jada Musiversika lehiaketaren edizio berri bat. Aurtengoa Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Unibertsitate Musikaren hirugarren edizioa izango da. Ekimen honen helburu nagusia partaideen artean sormena eta musika suspertzea da.

Lehiaketak bi fase ditu, eta norbanakoen eta taldeen musika proiektuak aurkeztu ahalko dira. Taldeei dagokienez, gutxienez partaideetako bat unibertsitate komunitateko kidea izan behar da (ikaslea, AZPko edo IRIko langilea). Agiri baten bidez egiaztatu beharko da hori.

Lehiara edozein musika estilo edo joeratako musika proiektuak onartuko dira, mugarik gabe. Parte hartzeko, solistaren edo taldearen grabaketa bat aurkeztu beharko da, bere obraren lagin gisa. Edozein formatu onartuko da: mp3 edo bestelako audio formatuak, YouTubeko kanalaren esteka, Bandcamp, Soundcloud edo beste edozein plataformatako esteka.

Obrak musika proiektuko konposizio propioak edo taldekideren batenak izan beharko dira, eta horien eskubideak ezingo dira egon ezein diskoetxeren edo erakunderen jabetzapean, gerora gizarteratu, grabatu edo editatzeko eragozpenik jarri, edo horretarako betebehar ekonomikorik ezarriko duenik. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, musika proiektuek gutxienez konposizio propioko lau abesti bildu beharko dituzte.

Izena emateko eta obrak bidaltzeko, musiversika@gmail.com helbide elektronikoa erabiliko da. 2020ko ekainaren 30era arte dago horretarako epea, eta mezuaren gaian musika proiektuaren izena (artistarena edo taldearena) adieraziko da, baita mezuari dagokion zenbakia ere, bat baino gehiago bidaliz gero, bidalketa ordena zehazteko.

Hiru musika proiektu hautatuko dira bigarren fasera igarotzeko. Zuzeneko emanaldi batean lehiatuko dira, 2020ko irailaren 16an (asteazkena). Egoera sanitarioa zein den, antolatzaileek finala egiteko areto bat edo beste aukeratuko dute, eta entzuleak egon daitezkeen ala ez erabakiko du, eta zein baldintzatan. Bestela, lehiaketa ebazteko, antolakuntzak zuzeneko emanaldia streaming bidez edo beste bideren baten bitartez ematea erabaki dezake.