Europa Kongresu Jauregian

Musika Bulegoa Saria martxoaren 10ean ospatuko da Gasteizen

Epaimahaiak 108 proposamen jaso ditu

12.02.2020 | 11:28
Musika Bulegoa Saria martxoaren 10ean ospatuko da Gasteizen.

BILBO. 2020ko Musika Bulegoa Saria martxoaren 10ean ospatuko da Gasteizen. Epaimahaiak 108 proposamen jaso ditu. Guztira, musika arloko 10 artistaren edo talderen lana sarituko da.

Aurtengo edizioan oso musika eremu zabaleko proposamenak jaso dira. Pop-rocka jotzen duten taldeak edo bakarlariak (proposamen guztien %25 inguru), musika klasiko-garaikidea (%22), folka (), rocka () eta baita jazza ere (%5). Hizkuntzari dagokionez, euskaraz eta gaztelaniaz abesten duten taldeak edo bakarlariak dira nagusi, baina badaude ingelesez edo frantsesez abesten duten proposamenak ere.

2020ko Musika Bulegoa Sariek musika arloko 10 artistaren edo talderen lana aintzatetsiko dute. Oso garrantzitsua da sortu zirenetik sari guztiek balio bera dutela azpimarratzea, saritutako artista eta talde guztien eta bakoitzaren ekarpena balioesten baita, euren artean bereizketarik egin gabe. Horrela, adituz osatutako epaimahaiak edizio honetako 108 proposamenak baloratu eta 8 saritu aukeratuko dituzte. Sari horiek, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean beraien lanak aurkeztu dituzten Euskal Herriko (7 lurraldeetako edozeinetan jaio edo bizi diren) 8 sortzaileri, interpreteri edo konposatzaileri emango zaizkie, bakarlariei edo/eta taldeei.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen (EHMBE) zuzendaritza taldeak sari berezi bat emango dio prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean, ekoizpenean€ egitasmo azpimarragarria gauzatu duen eta Euskal Herriko musika jarduerarekin erlazionatuta dagoen pertsona edo erakundeari.

Hamargarren eta azken saria, hirugarrenez banatuko den Etxepare Musika Euskal Institutuaren Saria izango da. Azken sari horrek, Euskal Herriko sortzaile, interprete –bakarlaria edo taldea–, edo konposatzaile batek azken hiru urteetan euskal musika nazioartean zabaltzeko eta ezagutarazteko egin duen lana aintzatetsi nahi du. 10 artista edo talde sarituek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jasoko dituzte.

Hautagaitzen aurkezpena:

Musika Bulegoko bazkide bakoitzak gehienez ere 3 hautagaitza aurkeztu ahal izan ditu. Gainera, bigarren urtez jarraian, bere jarduera profesionala Euskal Herriko musikaren sektorean gauzatzen duen edozein eragilek artista edo talde bat proposatzeko aukera izan du.
Musika Bulegoa Sariak Euskal Herriko Musika Bulego Elkartetik sortutako egitasmoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Euskadiko Soinuak programaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du.