baiona- Erretiroa hartzeko ordua etorri zaionez, Guillaume Irigoyen (Ainhize Monjolose, 1959) kazetariak zuzendutako Iparraldearen Orena albistegiaren azken saioa eskainiko du ETB1ek datorren ostiralean 18.00. Garaztarra 1993ko udazkenean hasi zen EiTBk Baionan duen ordezkaritzan eta geroztik milaka erreportaje ekoiztu ditu. Urteetan lagun izan dituen lankideek hartuko dute Irigoyenen lekukoa eta saioaren zuzendaritza datorren urtarrilean.

Zer izan da zuretzat 'Iparraldearen Orena'?

-Lurraldea eta etxe bat. Hogeita sei urtez beti ikasi dut. Abertzalea naiz gaztetik eta geroa gure gain leloa entzun dut eragin nahian laborantza, politika, kultura eta ekonomian. Denboran iparraldeko gazteek Parisera begiratzen zuten baina orain gure buruari begiratzen diogu eta, gainera, molde kolektiboan. Niretzat estrategikoa zen ETBn sartzea. Telebistan euskarazko lehen saioak egin zituen Maite Barnetcheren lan handiaren ondotik erronka izan zen. Allande Boutinek sortu zuen Iparraldearen Orena, eta utzi zuelarik nik segida hartu nuen Inma Alvarezekin. Ez nintzen kanon guztietan sartzen baina euskal komunikazioaren grina izan dut beti.

Denetik ikusi duz

-Plazerra da jendea eta lekuak ezagutzea, herritarrekin goxoki mintzatzea, eta euskarak hurbiltasun handia ematen digu. Lehen saioa zuzenean egin nuen Zuberoan herri elkargoak ETBren errepikagailuak eman zituelarik. Emankizun berezian belarritakoa erori zitzaidan askotan eta orduko hautetsiak irriz ari ziren mintzatzen hasi orduko erortzen zitzaidalako. Gero kamara batekin ibiltzea ez da beti erraza izan. Europako gailurra egin zelarik Miarritzen EiTBren egoitza erre zuten eta manifestaldi gogorrak izan ziren orduan. Euskal komunitatea aski ttikia baita eta denek elkar ezagutzen dugu. Adiskide laborari batzuen atxiloketak eta lagunak hiltzen direlarik horren berria ematea gertatu zait, eta gogorra da.

Euskal Herriaren aldaketaren lekukoa izan zara?

-Asmo argiak genituen gaztetan. Alaba ikusi nuelarik 18 urte baino gutxiagokoen bertso txapelketako finalean parte hartzen Altsasun zazpi herrialdeetako gazteekin, orduan ikusi nuen zuzen genbiltzala. Gure eredua badabil, bai. Arrazoi genuen eta ari gara zerbait eraikitzen.

Zure saioa Iparraldearen erakundetzearen lekuko ere izan da mende laurden batez.

-Ez nuen sekulan uste izanen erakunde politikoa ikusiko nuenik, ez kazetari ez eta herritar bezala. Lehenago Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu zen nire sorterrian, indar eta arrisku handiarekin bi auzi gogor izan baitziren. Elkargoa aukera ona da Frantziako gobernuaren leiho berezi batean sortu baita, herri askotako hautetsien indarrarekin. Ez du dena konponduko, baina ez dute kenduko eta Iparraldeko gizarteak behar du ondu eta biziarazi. Urrats baikorra da, bai baitakigu Frantzia nolakoa den eta berezitasunik ez duela onartzen. Orain ere irakaskuntzaren erreforman ez dituzte hizkuntza gutxituak kontuan hartu.

Sagarno egunak, ikastolak, Baionan Kantuz, Olentzero eta Pastoralak, Guillaume, zu beti euskararen inguruan?

-Nahi baduzu zerbait egin behar duzu euskara ahantzi ez dadin bota zidan norbaitek hamar urte nituelarik. Haatik, nire biziak frogatu du bide egin litekeela. Hamalau urte nituela anaiarekin kantuz hasi nintzen eta beti antzerki munduan ibili naiz. Horrek ekarri du kazetari izatea. Behar zen eragin, belaunaldi guztiek asko egin dute, eta ni ere nire ttanttoa ekartzen saiatu naiz kulturan. Orain masa kritikoa dago eta itxaropentsua da, halere gure lurraldeak erakargarritasun handia dauka eta pairatzen ari gara. Drama bat da etxeek prezio eroak baitituzte eta lurra urrea bilakatu baita denetan. Kanpotik jende asko dator, kezkagarria da.

ETBk zer egin behar luke?

-Indar handiena euskaran egin behar du, euskararik gabe ez baitago Euskal Herririk. Euskaraz sortu zen eta ez da beldur izan behar, euskara berez unibertsoa baita.

Erretiroa harturik zer eginen duzu?

-Familiaz gehiago arduratuko naiz eta formatzen segituko dut nahiz eta adin kanonikoa dudan! Gorputza ere zainduko dut korrika egiten segituz maiz. Bi urtetik behin egiten dugun Korrika ere ikaragarria da, ez dugu beti neurtzen.