Joan den urtean koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta murrizketa soziosanitarioak ezarri behar izan eta gero, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Ikertzaileen Europako Bigarren Gauak normaltasuna berreskuratu egin du aurten. Gainera, harrera bikaina izan du, ia 3.400 pertsonak hartu baitute parte.

Ospakizuna Europako Itun Berdearekin egon da loturik eta UPV/EHUko 100 ikertzailetik gora bildu ditu Ikerketaren Gizarte Zabalkunderako Zuzendaritzak sustatutako 50 bat ekintzatan.

Jarduera nagusia irailaren 24an egin zen, ostiralarekin, Europa osoan bezala. Egun horretan, Bilboko Areatzako kaia zientziaz bete zen Ikertzaileen Europako Gau Azokari esker. Ia 1.400 pertsona hurbildu ziren bertara, eta UPV/EHUko taldeek iraunkortasunari eta ingurumenari buruz egindako ikerketak eta proiektuak ezagutu zituzten arratsaldeko 5etatik gaueko 9etara. Hori guztia 16 etxolatan jarri zen ikusgai, baita Bilboko María Bihotza plazako hiri osasuna txokoa ere.

Era berean, arrakastatsua izan da online hitzaldiak eskaini dituen Zientzia Zirkularra programa, hogei euskal udalerritako ia hogeita hamar ikastetxetako ikasgeletara UPV/EHUko ikertzaileak eraman dituena. Guztira, lehen, bigarren eta batxilergoko 1.850 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute irailaren 22an, 23an eta 24an, sarean emandako 26 hitzaldien bidez. Programa honen helburua ikasketa zientifikoak unibertsitatez kanpoko ikasleen artean zabaltzea eta genero-oztoporik gabeko karrera zientifikoaren aukeraketa sustatzea izan da.

Programako bi jarduera handi horietaz gainera, hitzaldiak, erakusketak edo kaleko antzerkia ere izan dira, eta, zalantzarik gabe, Zientzia eta ikertzaileak hurbildu dituzte herritarrengana, ikerketaren eta eguneroko bizitzaren arteko lotura praktikoki erakutsiz.

Aurtengo edizioko jarduerak amaitu badira ere, irailaren 30era arte Bilbora hurbiltzen denak Fotovoz Bilbao erakusketa ikusteko aukera izango du (Expogela Bilbao Historikoa, San Frantzisko kalea, 32). Erakusketa hori UPV/EHUko Erizaintzako eta Osasun Sustapeneko Ikertaldeak antolatu du, eta bertan jasotzen da irudietan elikagaien inguruneak osasunean duen eragina.

Jarduera guztiak Europar Batasuneko Marie Sklodowska Curie Programaren proiektu bati esker antolatzen dira. Programa hori G9 unibertsitate taldeko ? ? Oviedo, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Nafarroa, Zaragoza eta Euskadiko unibertsitateek osatutakoa ? partzuergoari eman zitzaion.