Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle den Magdalena Cortina Burón doktoreak Ingeniaritza Mekanikoaren arloko doktorego tesi onenaren AEIM saria lortu berri du. Espainiako Ingeniaritza Mekanikoko Elkarteak (AEIM) eman dio saria "A Methodology for the Application of Hybrid Machines for the Coating and Repair of Hot Stamping Tools" izeneko lanagatik.

Ingeniaritza Mekanikoko doktorego tesi onenaren AEIM saria bi urtean behin ematen da, eta zenbait meritu baloratzen ditu: tesitik eratorritako inpaktuko argitalpenak, nazioarteko tesiaren aipamena, lotura duten bestelako proiektu eta aplikazio industrialen garapena, etab. Aurtengo ediziora 13 tesi aurkeztu dira, guztiak maila zientifiko handikoak, eta, beraz, epaimahaiak lehenengo sariaz gain, bi accesit ere ematea erabaki zuen.

Magdalena Cortina Burónek adierazi duenez, "tesi urteetan egindako ahaleginari emandako saria da, baina, era berean, aukeratutako gaiaren eta egindako lanen aitorpen gisa ikustea gustatzen zait; azken batean, gure 'ipuina kontatzeko' modua aitortzen duelako -esan du txantxetan-. Tesiaren egile gisa jaso dudan aitorpena da -gaineratu du-, baina nirekin lan egin duen ikertalde osoak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako tailer mekanikoak ere merezi dute", adierazi du eskertuta.

HELBURUA: BEROKO ESTANPAZIOAREN PRODUKTIBITATEA HANDITZEA

"Metodología para la aplicación de máquinas híbridas para el recubrimiento y reparación de herramientas de estampación en caliente" da saritutako ikerketaren gaztelaniazko izenburua, eta Aitzol Lamikiz irakasleak zuzendu du. Tesi horrek fabrikazio gehigarri metalikoa eta sistema bereko mekanizazioa konbinatzen dituzten makina erremintei aplikatutako metodologia garatzen du.

Cortinaren hitzetan, "teknologia horri etekina ateratzen saiatu gara beroko estanpazioaren munduan, eta estanpazioaren produktibitatea handitzen saiatu gara azaleko aldaketen bidez edo geometria berriak ezarriz, baina benetan -gaineratu du- garatuta metodologia horretatik asko eraman genezake beste industria sektore batzuetara, hala nola, oil & gasera edo aeronautikara, batzuk aipatzearren".

Ikerketa lana Ingeniaritza Mekanikoko Sailaren Errendimendu Handiko Fabrikazio Taldean egin da, fabrikazio gehigarri metalikoko prozesuei eskainitako ikerketa lerroan, eta 3D inprimaketa tekniken bidez osagaiak fabrikatzea du helburu, baina betiere benetako zerbitzu baldintzetan erabili ahal izateko adinako gaitasunarekin.

Horretarako, ikerketak fabrikazio gehigarri metalikoko prozesu horiek ikuspegi zientifiko eta teknologikotik garatzea du helburu, oinarrizko ikerketa proiektuak eta emaitzak makina erremintaren eta automobilgintzaren sektoreko eta sektore aeroespazialeko enpresetara transferituz.

Horrela, Cortinaren lanak automobilgintzako piezen estanpazio matrizeetan fabrikazio gehigarria aplikatzeko metodo bat aurkeztu du, osagai konplexuagoak fabrikatzea ahalbidetzen duena eta, gainera, energia asko aurreztea ekar dezakeena.