Konstante mantentzen da Mutrikuko energia-ekoizpena

05.07.2021 | 17:44
Gabriel Ibarra eta, ordenagailuan, Mutrikuko dikearen kontra gogor jotzen duen olatu bat.

Euskal Herriko Unibertsitateko Meteorologia, Klima eta Ingurumen Taldeak Mutrikuko olatu-energiaren plantaren ekoizpena konstante mantentzen dela ondorioztatu egin du, olatu-indarrak gora egin duen arren.

Hala, kalkulatu ahal izan dute Mutrikuko instalazioak 1979tik jardunean aritu izan balira egunean zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zuketen 1979-2019 bitartean.

Mutrikuko olatu-energiaren instalazioa Mutrikuko dikean eraiki zen, olatu-energia handiko toki batean, eta 2011tik dago martxan. Olatu-energia bihurtzeko 14 ur-zutabe oszilatzaile ditu, eta elektrizitatea sarera etengabe hornitzen duen munduko olatu-parke bakarra da. Energia ekoizteko olatuen indarraz baliatzen diren teknologiak oso hastapenetan daude, oro har, eta, besteak beste, horixe ikertzen ari dira UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen Taldeko ikertzaileak (EOLO ikerketa-taldea).

Gabriel Ibarra taldeko ikertzaile eta UPV/EHUko Ingeniaritza Energetikoa Saileko irakasleak azaldu duenez, "gauza bat da olatuek zer energia dakarten, zer energia hidrauliko duten, eta beste gauza bat da hortik zenbat energia elektriko lortzen den". Horretan ari dira azken urteetan: "Duela zenbait urte Mutrikuko instalazioen funtzionamenduaren hainbat gako identifikatu ondoren, orain, klima-aldaketak Mutrikuko ekoizpenean zer eragin duen jakiteko metodologia bat garatu dugu. Haren bidez, kalkulatu dugu 1979-2019 bitartean Mutriku jardunean aritu izan balitz zenbaterainoko energia ekoitziko zukeen eguneko; eta, gainera, horrek balioko digu etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikusteko", dio Ibarrak.

Ikertzaileak adierazi duenez, "ikusi dugu klima-aldaketaren eraginez Bizkaiko Golkoko olatuek gero eta indar gehiago daukatela, 1900etik gaur arte. Horrenbestez, aztertu nahi izan dugu nola erantzungo zuten Mutrikuko instalazioek joera horren arabera. Beraz, azken lau hamarkadetan olatuek zer bilakaera izan duten kontuan hartuta, metodologia bat garatu dugu ikusteko gorakada horrek zer eragin eduki dezakeen Mutrikuko ekoizpenean".

OLATU-ENERGIA HANDITZEN DA, BAINA ELEKTRIZITATE-EKOIZPENA EZ

Ikertzaileek ikusi dute "Mutriku inguruan olatu-energiaren goranzko joera hori ez dela Bizkaiko Golkoko beste toki batzuetan bezain handia, eta Mutrikuk bere funtzionamenduagatik, duen erregulazio-sistemagatik, indargabetu egingo lukeela gorakada hori eta konstante mantenduko zela ekoizpen elektrikoa". Hortik ondorioztatu dute energia-fluxua nibelatu egiten dela maila jakin batetik gora, eta, beraz, olatuen energia-fluxua baino egonkorragoa dela; horrenbestez, ebatzi dute olatu-energian epe luzean gerta daitezkeen aldaketa moderatuek ezin dutela zuzeneko eraginik izan ur-zutabe oszilatzaileak dituzten olatu-instalazioetan. Ibarraren iritziz, askoz ere olatu-indar handiagoa beharko litzateke ekoizpen elektrikoa ere handitzeko.

Hamar itsas egoera nagusi identifikatu dituzte, eta bakoitzari elektrizitate-sorrerarekin lotutako patroi bereizgarri bat lotu diote —eguneko eskalan—. Horrela, Mutrikuko olatu-parkea 1979-2019 bitartean jardunean egon izan balitz egunean sortuko zukeen energia elektrikoa kalkulatu dute, eta, ondorioz, ebaluatu ahal izan dute olatuen kliman ikusitako aldaketek eta haiekin lotutako olatuen energia-fluxuak zer eragin izango zuten Mutrikuko instalazioen elektrizitate-ekoizpenean.

Aurrera begira, "hurrengo urratsa da klima-aldaketaren eraginez etorkizunera begira jarri eta aurreikuspen bat egitea: guk uste dugu goranzko joera horrek jarraitu egingo duela, eta ikusi nahi dugu, batetik, zelako joera izango den, handia edo txikia, eta, bestetik, zelako eragina izango duen horrek etorkizunean, datozen hamarkadetan, Mutrikuko ekoizpenean. Mutrikuko instalazioetan egiten diren ikerketa guztiak oso baliagarriak dira teknologia hauetan aurrera egiteko, sarera energia etengabe hornitzen duen munduko instalazio bakarra baita", adierazi du Ibarrak. Ikerketan frogatu dute, beraz, olatu-instalazioen bideragarritasun-azterketak eta azterketa ekonomikoak fidagarritasun handiz egin daitezkeela, baliabidearen beraren etorkizuneko ziurgabetasunek ez dutelako eragin nabarmenik izango instalazioen bizitza-ziklo osoko errendimendu elektrikoan.

noticias de deia