BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusentzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko ikerketa-lan batek euskal dantzan iraun duen estereotipo bitarraren sorrera aztertu du. Bertan, emakumeak euskal dantzaren historian garai guztietan dantzan aritu zirela ondorioztatu dute.

Zergatik dira desberdinak emakumeen eta gizonen dantzak? Ba dago emakume dantzakera bat eta gizonezko dantzakera bat? Dantzarako nesken janzkera eta mutilen janzkera beti izan dira desberdinak? "Kezka horiek eta antzeko galderak sortu dira azken urteotan euskal dantza tradizionalen praktikaz gogoeta egiterakoan. Dantzaren eta generoaren inguruko gogoeta hau XXI. mendean gertatzen ari da, baina galderak orainaldia eraikitzen parte hartu duten iraganeko gertaera eta ideiei buruzkoak dira nagusiki. Dantza horiek tradiziozko dantza moduan definitzen diren neurrian, galdera horien erantzunen bila iraganera jo dut", azaldu du Oier Araolaza Arrieta UPV/EHUko ikertzaileak eta Dantzan.com, dantza sustatu eta hedatzeko elkartearen kudeatzaileak.

"Euskal dantza tradizionalaren eta generoaren inguruan bada sustraitua dagoen ikuspegi oker bat: uste da emakumeek ez zutela dantzarik egiten edo ez behintzat dantza garrantzitsurik eta ikusgarririk. Azken hogei urteetan zenbait ikertzailek ukatu duten ideia da, baina oso zabalduta eta sustraituta dagoenez, nahiz eta okerra izan, oraindik indar handia dauka dantza-taldeetan zein gizartean. Emakumeek egiten zituzten dantzak beti berriak edo sorkuntzak zirela kontsideratzen zen, emakumeei aukera hori eman ahal izateko, edo gizonezkoen errepertoriotik egokitutakoak zirela kontsideratzen zen", dio Araolazak.

Hain zuzen ere, "ikuspegi oker horri buelta ematea da lan honen helburua, eta horretarako euskal dantza tradizionalaren zenbait etapa aztertu ditut: XIX. mendearen azken zatia eta XX. mendeko lehen partea. Izan ere, marko krononologiko horretan biak batera gertatu ziren: genero ikuspegietan eraldaketak eta euskal dantzaren tradizio berriaren eraikuntza", adierazi du Araolaza Arrietak.

"Aurreskuaren kasuan, adibidez, ikusi dugu: 1920ko hamarkadatik aurrera sistematikoki errepikatu da emakumeek ez zutela aurreskurik dantzatzen eta hori ez da hala, XX. mendera arte aurreskua dantzatzen zuten emakumeen kasuak ezagutu ditugu. XX. mende hasieran, berriz, dantzan egiteko errepertorio ezberdinduak egin ziren: emakumeen dantzak eta gizonen dantzak. Ordura arte ez zegoen halako sailkapenik eta esaterako aurreskua, gizonek eta emakumeek egiten zutena, gizonen dantza gisa kategorizatu zen eta hortik aurrera gizonek dantzatu zuten. Berdin ezpata-dantzarekin, makil-dantzarekin eta nolabait indarra ezaugarri nagusia duten dantzekin. Aldiz, askoz ere samurragoak eta goxoagoak diren dantzak emakumeen dantza bezala sailkatu zituzten, nahiz eta aurretik gizonek ere dantzatzen zituzten (arku-dantzak, zinta-dantzak, sagar-dantzak€)", dio Araolazak.

"Lan honetan, hain zuzen ere, ikertu dut zergatik esan zuten gezurra garai hartako zenbait adituk, zergatik ukatu zuten, esaterako, emakumeek aurreskua dantzatzen zutela. Ez zen hautu kontzientea izan, moral kristaua, abertzaletasuna eta genero ikuspegia gurutzatuta jasotako errelatoa baizik", azpimarratu du.

"Bestetik, —gehitu du ikertzaileak— janzkeran ere eragin zuen. Gizonek joan behar zuten zuriz, praka luzeekin, abarketekin eta txapel eta gerriko gorriz jantzita. Emakumeari gona gorria eta buruko zapia egokitu zitzaizkion. Aurretik, emakumeek txapelarekin dantzatzea guztiz arrunta zen eta praka motzekin ere egin ohi zuten".

Ikerketa honen bidez, "emakumeak euskal dantzaren historian garai guztietan dantzan aritu zirela berresteaz gainera, emakumeen ekarpenak eta eraginak azaleratzen hasteko aukera izan da, eta ukatua izan bazen ere, dantzaren historiak jaso zuena baino parte hartze handiagoa eta garrantzitsuagoa izan zutela ikusteko modua eskaini du", adierazi du Araolazak.

Ikertzaileak dionez, "lan honekin defendatu nahi izan dut dantzan agerikoak diren eta dantzaren bidez gizarteratzen diren genero rolak eraiki egin zituztela, eta horien zamarik gabe, dantzan askeago jardutea posible dela. Hori eginez gero, tradizioari traizio baino tradizioarekin zintzoagoa eta gure komunitateko kide guztiekiko, eta bereziki emakumeekiko, justuago jardungo garela sinesten dut. Ez dakit dantzak askeago egin gaituen, baina dantzan askeago aritzeak hobeago, eta ziur aski, zoriontsuago ere egingo gaitu".

Halaber, "lan honetan badago gogo bat, ahalegin bat, unibertsitatea eta dantza elkarrengana hurbiltzeko asmo bat. Dantzak badu unibertsitatearen beharra, ikasketa eta transmisio sistema horretan sartzeak mesede egin diezaiokela uste dut. Eta iruditzen zait unibertsitateak ere baduela dantzaren beharra. Beste unibertsitate batzuetan dantza sistema unibertsitarioan integratuta dagoen ikasketa alorra da. Hemen, gurean, dantzak ez du espazio propiorik", azpimarratu du Oier Araolaza Arrieta dantzari eta antropologoak.