BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak egindako ikerketa batek gizakien gaixotasun erreumatikoak Izotz Aro Txikian bizirautearen kostua direla ondorioztatu du, Europako populazioan profil genetiko batek duen nagusitasunari buruz argibideak emanez.

XIV. eta XIX. mendeen artean ezegonkortasun klimatikoko aldi bat izan zen, Izotz Aro Txikia izenekoa, eta Ipar hemisferioari eragin zion batik bat. Aldi horretan, ekaitz-jarduera handitu egin zen, eta tenperatura jaitsi. Tenperatura jaitsiera hori ez zen oso larria izan, 1 °C eta 2 °C artekoa, baina ondorio suntsitzaileak izan zituen. Aurreko mendeetako klima onbera, populazioaren hazkunde nabarmena eragin zuena, beste klima gogorrago batean bilakatu zen, uztak suntsitzea eta animalien heriotza eta, azken batean, gosea eragin zituena. Goseteekin populazioen osasuna ahuldu eta gaixotasunak zabaldu egin ziren. Nahikoa da XIV. mendean Europa suntsitu zuen izurri beltzaren pandemia gogoratzea, biztanleriaren heren bat inguru akabatu zuena.

Eraginik izan al zuten klima-aldaketak eta horrek eragindako gaixotasunek giza genetikan? Gaur egungo Europako biztanlerian mitokondrioko DNAren leinua, hau da, ama-bidez transmititzen den material genetikoa, H da ohikoena. Zergatik?

Ereñozarreko San Migel Erdi Aroko aztarnategian, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak hura argitzeko balio dezaketen elementuak aurkitu ditu. Bizkaiko Busturialdea-Urdaibai eskualdeko nekropoli horretan, XIII. mendetik XVI. mendera bitartean, 163 gizabanako daude lurperatuta, eta horietatik % 73 H haplotaldekoak dira, gaur egun Europan dagoena baino kopuru handiagoa.

"Bibliografian jadanik adierazi zen mitokondrioko leinu batzuek lotura izan zezaketela zenbait gaixotasun-motarekin, eta, gainera, portaera bereizgarria izan zezaketela gaixotasun horien garapenari (edo beraien garapenari) dagokionez", azaldu du Imanol Martinek, ikerketaren egileak; ikerketa hau doktore-tesiaren barruan egiten ari da. Hala, J eta T haplotaldeek osteoartritisaren aurrean babestuko lukete, eta H haplotaldeak, berriz, gaixotasun erreumatikoak garatzeko arriskua handituko luke.

Beraz, UPV/EHUko ikertzaileek adierazpen erreumatikoak bilatu zituzten Ereñozarren lurperatutako 163 gizabanakoen eskeletoetan, eta 47 eskeletotan aurkitu zituzten. Gaixotasun erreumatikoek hezur-zeinuak utz ditzaten denbora igaro behar denez, nekropoliko 45 urtetik gorako beste 43 pertsona helduen aztarnak ere aukeratu ziren kontrol-talde gisa, non mitokondrioko leinuen azterketa ere egin baitzen. "H haplotaldea ohikoagoa izan zen erreuma-adierazpenak zituzten pertsonen artean kontrol-taldean baino, eta, aldi berean, mitokondrioko haplotalde hori izan zen ohikoena espondiloartritisak (artikulazioetako gaixotasun erreumatikoen eta hanturazkoen taldea) eragindako gizabanakoen artean", gehitu du Martinek.

Azken finean, ikerketak berretsi egiten du gaixotasun erreumatikoen eta H haplotaldearen arteko erlazioa, eta Europako populazioan haplotalde horren maiztasun handiari buruzko arrastoak ere ematen ditu: "Elikagai eskasia zegoen garai hartan, H haplotaldeko indibiduoek abantaila selektiboa zuten beste haplotalde batzuekin alderatuta. Izan ere, H eraginkorragoa da dietatik energia lortzeko orduan". Hala ere, eraginkortasun handiko metabolismo horrek oxigeno-espezie erreaktiboak ere sortzen ditu (erradikal askeak, oxigeno-ioiak...), eta disfuntzioa eta zelula-apoptosia eragiten ditu; horrek, epe luzera, kartilagoaren degradazioa eta gaixotasun erreumatikoak eragiten ditu. Biziraupenak beti du kostu bat.