Igande honetan goizaldean, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du lapurtutako ibilgailu batean kontrol batetik ausarkeriaz ihes egiteagatik. Atxilotuak 27 urte ditu, eta bide-segurtasunaren aurkako delitu bat, ibilgailua lapurtzea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatzen zaio.

Arrastatuak ihes egin du polizia-kontrol batetik, eta ia harrapatu egin ditu dispositiboko ertzainak. Gero abiadura handian eta arriskua sortuz jarraitu du hainbat kaletan barrena, harik eta atzetik segi ondoren harrapatu duten arte. Autoa lapurtutako gisa agertzen zen, eta arrastatuak positibo eman du droga-testean.

Goizaldeko ordu bata eta erdiak aldera, Donostiako udal-barrutian, GI-636 errepidean alkoholemia eta droga kontrol batean parte hartzen ari ziren ertzainek gelditzeko adierazi diote auto baten gidariari. Dispositiboaren parera iritsi denean, gidariak, bat-batean, abiadura bizkortu du eta seinalizazioko linterna bat zeraman ertzain bat eskuan jo du. Honek, beste agente batzuek bezala, baztertu egin behar izan du, autoak harrapa ez zezan.

Une horretan, ihes egin duen autoari atzetik segi diote Donostiako kale eta errepideetan barrena, besteak beste, GI-20 saihesbidetik eta Txingurri eta Herrera pasealekuetatik. Bidean ez die jaramonik egin patruilak gelditzeko emandako aginduei, eta semaforo batzuk gorrian igaro ditu eta beste auto batzuk aurreratu ditu aurrez aurreko talka-arrisku handia sortuz. Azkenean, aparkatuta zegoen auto bat jo du Oleta kalean, eta bi bidaiariak korrika irten dira noranzko ezberdinetan.

Gidaria geldiarazi dutenean, honek bortxaz aurre egin die ertzainei. Gero egiaztatu ahal izan dutenez, autoa lapurtutako gisa agertzen da Donostiako Udaltzaingoaren aurrean jarritako salaketa baten arabera. Horregatik, autoa lapurtzearen delitu ere leporatu diote. Horrez gainera, gidariak positibo eman du substantzia sorgorgarrien testean.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa, egitateetan parte hartu duen bigarren pertsona aurkitzeko. Hiru agentek osasun-laguntza behar izan dute kontusioengatik.