Baiona. Hasi da sedukzio dantza hautagaien artean. Bozka zerrenden %12,5eko langa iragan duten hautagaiek korrika eta presaka hasi dira, muga hori gainditu ez duten hautagaiak konbentzitzen bigarren itzulirako. Kasu batzuetan alferrikakoa izango da lehen itzulian irabazi izana, bigarren itzulirako ez badute babes gehiago lortzen. Kasu horretan dira Ipar Angeluko kantonamendua, Garazikoa edo Atharratzekoa. Hiruetan alderdi sozialistak irabazi ditu hauteskundeen lehen itzulia, baina bigarren itzuliari buruz, ez dituzten aurreikuspen onak. Ipar Angelun Claude Olive UMPkoak, Jamattit Mortalena zentrista euskaltzalearen sustengua izango du, baita Force 64 zentristako Florance Lasserrena ere. Ez da argi bozen %8 eta hirugarren postua lortu duen Fronte Nazionalak zer konsigna emango duen. Gerard Cazaux sozialista irabazleak ez ditu aski izango berdeen edo abertzaleen bozak bigarren itzulia irabazteko.
Egoera berdintsuan da Frantxua Maitia sozialista Garazin. Lehen itzulia bozen %34arekin irabazi bazituen, bigarren itzuliko garaipena ez du segurtatua. Jean-Marie Maiharro zentristak bozen %23 lortu ditu, baina bigarren itzulirako eskuinaren (%15) eta PNVko hautagaiaren (%5,7) babesa lortu ditu. Ez da oraindik jakina ezkerreko abertzaleek zer erabaki hartuko duten (% 18).
kondizioak Euskal Herria Bai koalizio abertzaleak eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez bigarren itzulirako bere kondizioak prestatuak ditu. Arestian esan dudan moduan Garaziko kantonamenduan zer egingo duten ez dute oraindik erabaki. Dominique Baxo hautagaiak bigarren itzulian izateko aukera badu, baina ondoko orduetan erabakiko dute aurkeztu ala ez bigarren itzulian. Iholdiko kantonamenduan ez da zalantzarik, Daniel Olzomendi abertzalea, Jean Louis Caset Force 64ko zentristarekin lehiatuko da, jakinez, honek UMPko hautagaiaren sustengua duela, beraz, nahiko argi da eskuinak aginduko duela Iholdiko kantonamenduan. Gainontzeko kantonamenduetarako Euskal Herria Bai koalizioak hiru puntuko eskaria osatu du eta hauek betetzen badituzte, sustengua emanen die edonori.. Hauek dira hiru baldintzak: Ipar Euskal Herrirako instituzio propio bat defenditzea Paueko Kontseilu Orokorrean; euskararen ofizialtasunaren alde lan egitea Kontseilu Orokorrean, eta azkenik, Abiadura Handiko Trenaren protokoloa hautsi dezala Kontseilu Orokorrak Estatuarekin. Hiru baldintza hauek batetzen dituen edonori beren babesa emanen die EH-Baik, eta ez gainera babes txikia, ezkerreko koalizio abertzalea hirugarren tokian baita Ipar Euskal Herrian, bozen %12arekin.
sozialistek Ipar Euskal Herrian hauteskundeak izan diren hamar kantonamenduetatik seitan sozialistek irabazi dute lehen itzulian, baina ikusteke dago bigarren itzulian tendentzia hori mantenduko den. Orain arte lortu dituzten babesen arabera, hirutan, bederen, tendentzia hori aldatu daiteke zentro eskuineko hautagaien alde. Baina Ipar Euskal Herriko datuak Biarnokoekin batera alderatu behar dira, izan ere kantonamenduko hauteskunde hauetan Biarnoko 16 kantonamendu berritzen dira eta Ipar Euskal Herriko hamar. Iparraldean tendentziak zentro esquinera egingo badu bigarren itzulian, Biarnoan alderantzizkoa da joera. Jakinez gainera gaur egun Kontseilu Orokorrean ezkerrak eta eskuinak kontseilari kopuru bera dutela, 26 ezkerrak eta 25 zentro eskuinak, Alain Iriart kontseilari abertzalearen sustenguarekin, biziki inportantea izango da bigarren itzuliko emaitzak ikustea.
Eta Kontseilu Nagusiko presidentea ere berrituko da hurrengo igandeko emaitzen ondotik. Sozialistek irabazten badute Georges Labazee biarnesak hartuko du presidengoa. Aldiz, zentro eskuinak eskuratzen baditu hautagai gehiago Kontseilu Orokorrean, Forces 64eko
Jean-Jacques Lasserre Bidaxuneko auzapeza izango da presidentea. Lasserre tokiko berezitasunak defendatzearen aldeko agertzean da, Ipar Euskal Herriak izan dezan nortasun propio bat, beti ere Pirinio Atlantikoetako departamenduaren barnean. Georges Labazze, aldiz, jakobinoagoa da. Ez ditu berezitasunak onartzen eta uniformizazioaren aldekoa da.