"Hainbeste denbora espetxean eman ondoren, denbora behar da zure oreka atzemateko, galduta sentitzen zara"
beziers. Okzitaniako mediatekaren plaza luze-zabal erraldoian zain gaudela, bere txapela ikusi dugu lehenbizi urrunean. Txapel horrek bereizten du Filipe Bidart Mediterraneoko kostaldetik gertu dagoen Béziers herriko beste 70.000 biztanleengandik. Aise ezagutu dugu. Espetxetik atera eta hona etorri zeneko lau urte hauetan herria goitik behera ezagutzeko beta izan du. Baita bere historia ere. Gozatu egiten du Biterriko hiztoriaz hitz egiten. Béziers-i Biterri deitzen zioten erromatarrek Okzitaniako bazter hau mendean hartu zutenean. Klandestinitatean sartu aurretik irakasle zen ikastola batean eta nabaritzen zaio azalpenak ematean. Espetxealdian Historia ikasi zuen, eta nabaritzen zaio grina hori. Horretaz mintzatu da lehenbiziko, baina lehenengo hitza askatasunaren ederrari eskaini dio.
Merezi du askatasun hori galtzea ideia batengatik?
Ez da sekula aukera hori egiten. Nik behintzat ez dut hautu hori egin: askatasuna galdu edo bizia galtzea. Nire hautua izan da osoki engaiatzea borroka batera Euskal Herria askatzeko eta iraunarazteko. IK-n gure lema zen eta oraindik da Herriak bizi behar du. Ez dut batere dolurik eta geroztik gertatu diren guztiak ene hautu horren ondorio dira eta asumitzen ditut osoki.
Herriak bizi behar du baina herri hortako kide bati bizia kenduz?
Herriak bizi behar du baina ez edozein baldintzatan. Gure borroka armatuan muga bat ezarri dugu, hain zuzen ere, odola ez isurtzea. Guk hautu hori egin dugu. Gero gure borrokan IKren militante ba-tzuk hil dira, erailak izan dira, sei lagun galdu baititugu. Horretaz gain, tiroketak izan dira eta poliziak hil dira. Baina horiek guztiak borrokaren ondorioak dira, saihestu ezinezkoak. Esan gabe doa bizitza bat galtzea drama bat dela eta horregatik diot hilketa ez dela izan sekula gure egiteko manera.
Zergatik aukeratu zenuen La Cimade erakundean lan egitea?
Betirako kondena nuenez, presondegitik ateratzeko modu bakarra, gutxienezko kondena bete ondoren, nire kasuan hamabost urtekoa zen, kalera irtetzeko urratsak egiten hasten zara. Baldintzapeko askatasuna eskatzeko lanbide bat eta egoitza bat aurkeztu behar duzu. Nik, etxeko eta lagunen laguntzarekin, Montpellier-eko liburutegian lan egiteko aukera izan nuen baina epaileak ukatu egin zidan eta beste proiektu bat aurkeztu nuen. La Cimaden lanpostu berri bat sortu zuten eta hor lan egiteko eskaera egin nuen. Hasieran ukatu egin zidaten, baina jendea mobilizatu egin zen eta azkenean onartu zuten.
Zer lan egiten duzu La Cimaden?
Aterbetxe bat dugu eta hor 50 etorkin hartzen ditugu. Asiloa eskatzen duten etorkinekin lan egiten dugu, errefuxiatu politiko izatea eskatzen dute etorri berri hauek, batik bat Afrikatik eta Europa ekialdeko herrialdeetatik. Errefuxiaturen estatusa lortzeko tramite ugari gainditu behar dituzte. Parisek erabakitzen du babes hori ematea edo ukatzea, eta prozeduraren denbora guztian frantses estatuak babestu behar ditu. La Cimadek aterbe ematen die egoi-tzan, eta paperak egiten laguntzen diegu.
Nola hartu dizute herrian eta zure lankideek?
Bazekiten nor nintzen, zergatik nintzen preso eta onartu zuten niri lanpostu hori ematea eta nirekin lan egitea. La Cimadeko kontseiluak nire kasua aztertu zuen eta eztabaida baten ondoren erabaki zuen ni onartzea, ebatzi baizuten erakundearen zereginen artean sartzen zela preso bati laguntzea espetxetik ateratzeko. Laguntza hori asko apreziatzen dut eta, gainera, lagundu didate hasieran dena ikasi behar izan dudalako eta formazio hori eman didatelako. Ni atera nintzenean sekulako eraso mediatiko eta presio politikoa izan zen Cimadeko presidentearen gain. "Terrorista" bat lan taldean sartuko zutela eta horrelakoak esaten hasi ziren presio modura, baina Cimadekoek tinko eutsi zioten.
Zazpi urte klandestinitatean, eta hemeretzi espetxean. Nola bergizarteratzen da gizasemea hainbeste denbora ilunean egon ondoren?
Presondegian izan arren, badugu lotura bat gizartearekin. Harremanak ez ditut sekulan hautsi eta guk, euskal presoek, ez dugu sekula harremana hautsi ahaideekin, lagunekin eta euskal gizartearekin. Sostengu hori beti dago eta horrek indarra ematen zidan. Behin kalean, muga guztiak hausten dira, bat-batean gizartean sartuta zaude, jende anitz inguruan, beti lasterka eta sekulako abiadura eta presondegian mantso-mantso ibiltzen zara. Niretzat ez da hain zaila izan, zailago da gizartetik presondegira sartzea, aurkakoa baino. Zorionezko sentsazio bat duzu askatasunaz jabetzen zarenean. Hori bai, denbora behar, gizarteratzeko eta zure oreka atzemateko. Hastapenean pixka bat galdua sentitzen zara. Denbora pixka bat behar da zure tokia aurkitzeko lantokian, lagunekin, familiarekin.
ETAko irizpideen kontra, bergizarteratzeko neurriak onartu dituzten presoen jarrera ulertzen duzu? Traidoreak dira?
Ez dut arazo hori ondo ezagutzen. Baina gure jarrera beti izan da preso bat askatu ahal baldin bada, askatu behar dela. Ez du ezertarako balio preso bat aske geratu ahal izatea eta printzipioengatik barnean segitzea. Militanteek presondegitik atera behar dute, lehenbailehen denak atera behar ditugu. Preso batek baldin badu parada presondegitik ateratzeko inori kalterik atera gabe, aukera hori baliatu behar du. Ez du deusetarako balio preso segitzeak. Gure estrategia ez dugu oinarritu behar presoen edo familien sufrikarioan, mugimendu politikoan baizik.
Lau urte geratzen zaizkizu erabateko askatasuna berreskuratzeko eta bi urte Iparraldera itzultzeko debekua amaitzeko. Zer asmo duzu ordurako?
Baigorrira itzuliko naiz, baina ez dut ideia argirik egingo dudanaren inguruan, ez baitakit han nolako baldintzak izango diren. Irrikitan nago itzultzeko baina denbora pixka bat beharko dut nere lekuan berriz aurkitzeko nire sorterrian. Ez dut deus berezirik itxaroten, baina aldi berean dena espero dut. Bizi, Euskal Herrian bizitzea.
Más en Política
-
Feijóo, tras la imputación de Montoro: "No hablaré ni de persecución de los jueces ni de pseudomedios"
-
El Gobierno español pide a los países de la UE "no secuestrar o retrasar" la oficialidad del euskera
-
El PNV, preocupado por la sentencia del Supremo sobre el euskera: "Va en contra de la voluntad democrática de los ciudadanos"
-
Montoro dice que no hay pruebas contra él y vincula el caso a los escándalos del Gobierno