Eskola mailako eskaladak gero eta zale gehiago ditu. Oraindik ere ez dira asko, baina probatzen dutenak engantxatu egiten dira. Gustua ematen du neska-mutilak hormetan gora eta behera ikustea. Hori arintasuna! Nahiko luke baten baino gehiagok horrela ibili. Gainera, ikusten da ez daukatela beldurrik; beroketa fasean bertan, rokodromo errazenak alde batera utzi eta zailenetara joaten dira. “Haiek ez dira ezeren beldur. Ez dira eror-tzearen beldur, eta goian daudenean ere ez daukate bertigorik. Benetan beldurra ematen diena hastea da; baina, behin hasita, ez dago geldituko dituenik”, azaldu du Ander Gomezek, probaren antola-tzaileetako bat eta Bizkaiko Mendi Federazioko kidea.

Onena da rokodromoak desberdinak direla. Batzuk horizontalak dira, beste batzuk bertikalak; ba-tzuk zailagoak eta beste batzuk errazagoak. Haurrak beren eskalatzeko kitarekin joaten dira: zapatila bereziak eta hautsez betetako poltsa bat, hormari hobeto eusteko. Gainera, segurtasuna funtsezkoa denez, koltxoneta altuak daude, erortzen badira edo jauzi egiten badute, minik ez hartzeko. Bestalde, beti daukate monitore bat animatzen eta igotzeko modurik onena zein den esaten.

Denboraldiko hirugarren proba izan da hau, eta Errekaldeko Monkada aretoan egin da. Rokodromo nahiko berria da, pabiloi industrial batean kokatua, eta eskalada zaleak poz-pozik daude bertan. Gainera, ez dira txapelketak soilik egiten, eskalada eskola bat ere sortu da. Bizkaian badaude beste ba-tzuk, baina ez dira asko. “Nahiko zaila suertatzen ari zaigu ohiko guneetatik kanpoko neska-mutilak geuregana-tzea. Bizkaian baditugu rokodromoak, baina ez dago ia eskalada eskolarik. Horregatik, lehiaketetara Ondarroa, Elorrio eta Bilboko jendea etortzen da, bertan baitaude eskolak. Bigarren jardunaldia, esaterako, Portugaleteko Ballonti aretoan antolatu genuen, baina hor ere ez dago eskolarik”, esan digu Gomezek.

Klubez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak eskalada eskaintzen du zentroetan, eskola kirolaren programaren barruan, baina oraindik asko dago egiteko. “Gu saiatzen gara jendea animatzen, baina zaila da”, esan du Gomezek.

Ez da zale asko mugitzen dituen kirola, baina txapelketa bakoitzean ehun haur inguru biltzen dira. Kopurua dela eta, taldetan bana-tzen dira. “20 eskalada-problema proposatzen dira, maila ezberdinetakoak; lehenengoa errazena da, eta azkena zailena. Punturik gorenenera igo behar dute, gutxi gorabehera hamar mugimendu eginda, nor bere gaitasunen arabera”, azaldu du Ander Gomezek. Problema horiek gaindituta, puntuak gehi-tzen dira. “1. problema erori gabe osatzen badute, 10 puntu jasoko dituzte, eta azkenean ere berdin, erori gabe, eginez gero, 200 puntu. Zenbat eta zailagoa izan, puntu gehiago jasotzen dituzte, eta gorago egingo dute sailkapen orokorrean” esan digu. Gaur egun, sailkapenak lehia handikoak dira, batez ere nesken kategorian. Entrenamenduei dagokienez, bakoitzak bere sistema dauka, baina haurrei erakutsi behar zaien lehenengo gauza eskalatu bitartean ondo pasatzen jakitea da. Jolasak antolatzen dira eta, ondoren, ariketa espezifikoagoak egiten dira. “Hasiera-hasieratik ezin da kaña sartzen hasi. Jolas dibertigarri gisa ikusi behar dute. Beranduago aplikatuko da entrenatzeko errutina, baina, bien bitartean, ondo pasa dezatela da garrantzitsuena” esan du Gomezek. Eskola garaia amaitzean sortzen da arazoa: utzi egiten dutela. Beste kirol batzuetan ere gerta-tzen da; urteak betetzen joan ahala, parte-hartze maila jaitsi egiten da. “Hori lantzen ari gara, eskala-tzen jarrai dezaten. Ikusi dugu haur batzuek lagunak egin dituztela lehiaketetara etortzen, eta gero eskalatzera joateko gelditzen hasi direla. Baina zaila da”, esan du Gomezek.Txapelketez gain, federazioak eskalada clinic-ak ere antolatzen ditu Bizkaitik eta rokodromoetatik kanpo. Udaberri bukaeran eta udan burutzen dira eta haurrak leku ezberdinetara joaten dira, Nafarroara edo Arabara, adibidez. “Itzel pasatzen dute eta nahikok ematen dute izena. Esperientzia desberdina da”, esan digu. Eskalada bere lekutxoa egiten ari da eta oraindik praktikatzen ez den lekuak ere konkistatu nahi ditu. Haurrak gora eta behera ikustea gozada bat da, beldur barik, gainera!