Kilometroetan zehar lautada besterik ez ikusi ostean, apurka-apurka lehen mui noak agertzen hasi dira urrunean. Gazte sentitu bai, baina adinean aurrean doan pertsonaren aurpegian bezala, zimurrak azaleratzen hasi dira Danubio ertzeko lur zoruan; poliki, baina atzera bueltarik gabe. Bazen garaia!Valaquia izeneko eskualde zabal eta lauan errutina monotono batean egon eta gero, maldatxo txikiena ere eskertu egiten da, nahiz eta pedalei indartsu eragin behar izan orain. Jasaten ari garen bero boladak, Canicula, bere horretan jarraitzen du, baina pixkanaka neurria hartzen ari garela esango nuke, ura modu neurrigabean edanda, besteak beste.
Bidaia beste atal batean sartzeko unean da, izan ere mutur aurrean ditugun mendiak Danubioren ibilbideko leku berezi bat da. Ate bat ireki-tzear da gure aurrean, hala izena baitu inguru honek, Burdinazko ateak, Portile de Fier. Leku hau gauza askoren hasiera, amaiera edo elkar puntua da. Alde batetik, Danubioren behe ibilguaren eta erdikoaren arteko muga da. Bestetik, Karpato mendikatearen eta Balkanetako mendikateen arteko elkar puntua edo banaketa gunea da. Azkenik, Serbiaren eta Errumaniaren arteko muga ere zehazten du tarte luze batean.
Ortzimuga guztiz laua izateari utzi eta bertikaltasun pixka bat hartzen hasi den honetan, Drobeta-Turnu Severin-ekin egin dugu topo, Errumanian Danubio ertzean kokatzen den hirugarren hiri handiena. Begiratu batean ezer berezirik ez duen hiria da, eskuaira eta kartaboiez graziarik gabe planifikaturiko beste herri bat. Orain 2.000 urte, ordea, planifikazio erraldoia behar izan zuen eraikuntza baten kokagunea izan zen. Trajano enperadore erromatarrak Danubio ibaiaren 800 metrotako zabalera gurutzatuko zuen zubi bat eraikitzea erabaki zuen. Pentsaezina garai hartan, sinesten zaila gaur egun. 2.000 urte pasa behar izan dira ehunka kilometrotako tarte batean ibaiaren bi aldeak berriz lotzeko.
Literaturak eraman ninduen lehenengoz Danubiok itsasora bidean gainditu behar duen azken oztopo honetara, Patrick Leigh Fermor idazlearen eskutik. Gazte zelarik, jakin minez beteriko ingeles honek Herbehereetatik Konstantinoplarako bidea egin zuen, oinez, 1.933 urte inguruan. Monarkia zaharrak oraindik botereari eutsita zeudenean, eta Hitler izeneko batek bazterrak nahasten hasia zen garai horietan, Patrickek desagertzear zegoen kontinente baten argazkia egin zuen, eta 40 urte geroago liburu sorta bilakatu zuen. Gauza asko aldatu dira Europa hartatik gaur egunekora, eta, aldaketa horietako bat, txikia bezain esanguratsua, muturren aurrean dugu; edo ez dugu, hobe esanda.
Ada Khaleh irla txiki bat zen, Danubioren erdian kokatzen zena. XVII. mendea hastearekin batera turkiar jatorriko herritarrak bertan kokatu ziren eta urteetan zehar hainbat borroka eta itun medio jabez aldatu bazen ere, komunitate berberak jarraitzen zuen bertan. Hala, XX. menderaino iraun zuen turkiar oasi txiki hark eta Patrickek bisitatzeko aukera izan zuen. 1.972an eraikitako presa hidroelektrikoaren ondorioz urpean geratu zen betirako, eta hala, ur geldoari begira egon gara luze, liburuko uhartearen pasartean pentsatzen.
Arroilan barrena kilometroak egin ahala txoko ederrak ikusi ez ezik, bertan bizi den jendea ezagutzeko aukera izan dugu. Bertako bizitza nolakoa den jakin nahian, edozein aitzakia baliatu dugu berriketaldi bat hasteko; eta, bizikleta batean bidaiatuta, aitzakia horixe bera izan daiteke. Halako batean harritu bezain beste poztu gaituen istorio bitxi horietako bat topatu dugu. Adrian artzainari buruz ari naiz, gaur egun berea den gaztandegi xumea eraiki aurretik Nafarroako Arbizu herriko baserri batean lanean aritu zen gazte errumaniarra. Bizitzaren errebueltak ezin sinetsita, bere artaldea eta gaztandegia ezagutu ditugu, Errumanian espero ez genuen etxeko goxotasuna sentituz.
125 kilometrotan zehar Danubioren estugune menditsua gurutzatu ostean, mendebaldeko zabalgunera iritsi gara, ibaia arroilan sartu aurretik azken arnas lasaia hartzen duen lekura. Coronini herrixka gurutza-tzen ari ginela ezkontza bat topatu dugu parez pare, trafikoa geldituz Balkanetako musikak pizten duen bizitasunarekin errepidean bertan dantza betean ari baitira gonbidatuak. Irribarretsu oldartu zaizkigu horietako batzuk, eta ia erantzuteko aukerarik eman gabe, bizikletak aparkatu eta ezkontza aurreko ospakizunetan murgildu gaituzte, dan-tza, rakia likorea eta hitz ulertezinez inguratuta.
Burdinazko ateak bezalako izen astun baten atzean, parez pare irekitako gizatasunez beteriko ateak topatu ditugu; eta hala, izokinen moduan Danubion gora bidaia hau osatzen ari garen hirukoteak atzean utzi dugu Errumania irribarre zabal batekin ahoan. La revedere, agur!