Telebistatik antzokietara salto egin du Ana Goitia Erkiaga (Lekeitio, 1981) umoregileak, eta aretoz areto ari da bere lehen umorezko bakarrizketa luzea aurkezten: Katana. Ardurak, buruko minak, jarrerak... taularatu ditu, hausnarketa bilatuz.
Zergatik ‘Katana’?
Nire mingaina zorrotza delako bakarrizketan honetan. Gainera, nire izena ere barnebiltzen du izenburuak, eta uste dut bakarrizketari oso ondo doakiola. Oso identifikatuta senti-tzen naiz izenburuarekin. Antton Telleriak proposatu zidan, ze nik pentsatutakoek ez ninduten konbentzitzen. Eta, bueltaka eta bueltaka, Anttonek proposatutakoa kristorena iruditu zitzaidan.
Izen horrek, beraz, bakarrizketa bideratzen duzun era ere islatzen du. Kritika ere baduelako, ezta?
Hausnarketara eramaten gaituen bakarrizketa da Katana. Gizarteari kritika egiten dion lana da, denoi erreferentzia egiten diguna. Baina, ez da kritika bat bakarrik, hausnarketarako gaiak ere jorratzen ditu. Horrez gain, Katana bada estereotipoekin apurtzeko katana bat ere bai; emakume bat oholtzan bakarrik bakarrizketa bat egiten egotea, bada, oraindik, erronka bat. Askok uste dute emakumeek gizonezkoek baino grazia gutxiago daukagula, eta hori gezurra da. Sinestarazi digute dena dagoela parekatuta, baina ez dago. Emakumeok finak eta eleganteak izan behar dugu, eta gizonezkoek dena dute onartuta. Ba, Katana erabili nahi dut hori apur-tzeko. Ni naizen modukoa naiz, eta ez daukat zertan fina edo elegantea izan behar. Bakarrizketa honek hori erakusten du.
Gai ezberdinak lantzen dituzu bakarrizketan; adina, esaterako.
Adinaren gaia lantzen dut, bai; baina, denetariko gaiak ere plazaratzen ditut. Mahaigainean jartzen ditut esaten diren gauzak, gizartean gertatzen direnak. Adinari buruz, zahartzen goazela erakusten dut, eta ez dela ezer pasatzen esan. Badirudi gizarte honetan ezin garela zahartu, baina, denboraren joana onartu egin behar da.
Umoregileok, zuek eroso sentitzen zareten egoerei egiten diezue tira bakarrizketetan. Non sentitzen zara erosoen zu?
Nik nire anekdotak kontatzen ditut, nire bizitza horrelakoa delako. Nire lan guztiak oso pertsonalak dira: nik bizitzen eta ikusten dudana konta-tzen dut. Beraz, Katana da Ana, Katana da lan oso pertsonala.
Zer bilatu duzu bakarrizketarekin?
Nik ikusten ditudan gauzak besteari transmititzea bilatu dut, baita ikusleak nirekin identifikatuta sentitzea ere. Nire bakarrizketan denentzako lekua dago, baina emakumezko asko senti daitezke identifikatuta. Denon ardurak, denon buruko minak umorez hartzea eta umorez janztea bilatu dut, gure buruaz barre egiten ere ikasi behar dugulako. Azal fin hori kentzeko aukera da Katana. Eta oholtza gainean umorea egin eta gaiak umorez jorratu nitzakeela konturatu nintzenean asko poztu nintzen, asko bete-tzen nauelako. Ederra da sentitzea pertsona bati barrea eragin diozula.
Nola egin zenuen salto telebistatik bakarrizketetara?
Beti esaten nuen noizbait bakarrizketaren bat egitea gustatuko li-tzaidakeela, eta Barre Librea saioan probatzeko aukera izan nuen. Gustura sentitu nintzen, ez zitzaidan kostatu, eta konturatu nintzen honetan jarraitu nahi nuela. Catarsi Feministan ere hartu nuen parte Arrasaten, eta oso berezia izan zen. Gerora, Antton Telleriak deitu zidan proposamen batekin, eta animatu nin-tzen. Faktore batzuk batuta hasi nintzen honetan 2022an.
Zure lehen bakarrizketa luzea da hau. Nolakoa izan da ikusten ez den lan hori?
Bakarrizketa hau sortzeko eta bakarrizketen mundu hau ezagutzeko ia bi urtez aritu naiz testuak proba-tzen. Argi neukan bakarrizketa luze bat egin nahi nuela, bakarrik, behar hori zegoela ikusten nuelako eta beti nahi izan dudalako. Urte eta erdiz testuak probatzen ibili eta gero, asko kosta zait erabakitzea zer sartu eta zer alde batera utzi Katana-n. Azken bi hilabeteetan oso txarto pasatu dut, prestatutakoak ez ninduelako guztiz konbentzitzen. Blokeatuta nengoen, eta, bat-batean, inspirazioa etorri zitzaidan eta dena aldatu nuen. Goitik behera. Duela aste ba-tzuk bakarrik. Urduri nengoen, baina lana estreinatu aurretik Mirari Martiarenaren hitzek lasaitu ninduten, hori normala zela esan zidan.
Eta, Urretxun estreinatu zenuenean zer sentitu zenuen?
Nire ametsik ederrenean ere ez nuen horren ondo aterako zenik pentsa-tzen. Urretxuko publikoa sekulakoa izan zen. Ez nuen horrenbeste jende espero, eta, gainera, jendearen berotasuna nabaritu nuen, hunkitu egin nintzen. Sentsazio bikaina izan nuen.
Beraz, umorea zabaltzea garrantzi-tsua da?
Umore gehiago behar dugu hedabideetan: prentsan, irratian, telebistan. Umorea behar dugu. Baina pozik nago, badirudielako euskal umoregileen berpizkunde bat izaten ari dela, eta gero eta gazte gehiago animatzen dela. Horrek emozionatu egiten nau, eta horretan jarri behar dugu fokua, horrekin jarraitu. Musikagintzan sekulako kultura daukagu, baita beste arlo askotan ere, eta umoreari eta umoregileei ere eman behar zaiela uste dut, umorea beharrezkoa delako.