Hilabete pasatxo igaro da Anarik Giza Zarata diskoak argia ikusi zuenetik. Sentsazio onak ditu barnean Anari Alberdi Santestebanek (Azkoitia, 1970). Diskoa egiterako orduan ere hala sentitu da. “Beti da ezinbestean prozesu gogorra. Limiteraino jo eta bertigoa sentitzen nuen, erabaki batzuk hartu behar nituen, oso ondo sentitu naiz”.

Beldurra sentitu du, nahiz eta jakin bakoi-tzak nahi eta behar duena egin behar duela, presente izan du Anari entzuten duen jendeak ea nola hartuko lukeen. “Esango nuke oso harrera ona izan duela”. Diskoa aurkeztu eta astebetera sentsazio hori zuen. Orain, aldiz, hasierako kontzertuak emanda, pozik dago lehen kolpearekin, sentsazioa ziurtatuta.

“Neska gazte eta beldurti” batek aurkeztu zuen duela hogeita zazpi urte lehenengo diskoa Bilboko Kafe An-tzokian. Emakume berak, “andre heldu eta ile urdinduak”, pozik eman dio bidea disko berriari. Sentitzen du badaudela paralelismo batzuk garai hartako neska eta egungo emakumearen lanekin: “Ez dakit inplizituki horregatik egin nuen, baina gero bai gertatu da horrelako birkonektatze bat”. 

Sugearen atorra

“Azal berritze” bat bezala definitzen du disko honen lanketa artista azkoitiarrak. Letren aldetik badago beste era batera idazteko saiakera bat, beste gai batzuei buruz eta beste ikuspuntu batetik egin du. “Norberaren azala da, baina erantsi ahala beste bat ari zaizu sor-tzen. Suge baten azal berritzea kristoren lana da eta ez da gertatzen zaizun zerbait. Une batean gertatu behar dela badakizu.

Prozesu bat da, aurreko diskoan lexiko aldetik zerbait sumatzen zen, nonbaiterantz nindoala. Baina norberak pentsatzen duen unetik iristen dena arte denbora asko behar da. Suge batek azal zaharra harriaren edo haitzaren kontra kolpatuz zartatzen du eta hala sortzen zaio berria.

Ahots bat daukazunean, ahots poetiko bat, ahots propio bat, zure esateko eran eta beste zerbaitetaz ari zarenean, zure ahotsa zurea izatea eta koherentziaz integratzea oso zaila da. Nik nire denbora behar izan dut eta nahi nuen lekura iritsi naizela sentitzen dut”. 

Gai soziopolitikoez ari da Giza zarata eta egindako ibilbideak eraman du egungo hitz, ahots eta puntu horretara: “Garaiari, edo Eider Rodriguezek aipatu bezala garaiaren kontra, kantatzeko hautua edo beharra sentitu dut”.

Azken kanta da Giza zarata. Raymond Carver idazle estatubatuarraren eta euskaratuta dagoen Zertaz ari gara maitasunaz ari garenean ipuin liburuko pasarte bateko paragrafo baten hasiera da. Egoera bat aipatzen da bertan, eta abestian azaltzen dira hiru esaldi horiek.

Carverrek pertsona baten, gorputz baten, bihotzaren taupaden soinua eta zaratari egiten dio erreferentzia. Anarik, aldiz, barruan sortzen den zaratari egiten dio, pentsamenduei, barnekoari. 

Poetikotasuna da abeslari azkoitiarraren ezaugarrietako bat. “Ez dakit bilatzen dudan, baina hori da nire adierazteko era. Despoetizazioa bilatu dut berez, baina hau ere poesiaren parte da. Hor nabil beti idazkeran, beti errektifikazio bat da. Dena da, eta hau ere bada”. 

Aurrez argitaratutako beste disko ba-tzuk, tempo edo tonu aldetik “astun” edo “berdinegiak” direnaren sentsazioa du Alberdik. Halaber, kontrastea bilatu du argitaratu berri duen lan honetan. “Segituan ikusi nuen Kontinente zaharra abestiaren eta ondoren datorren Bunkerra I abestiaren arteko kontrastea.

Erabaki kontziente bat da batetik eta besterako saltoa jartzea”. Izaera kontzeptual baten biran sortu ditu aurreko diskoak, “lautada kontzeptual bat gisan”. Oraingo lan honi, kantu bakoitzari bere arkitekturan eraikitzen eta abesti bakoitzari “behar duena” eman dio eta horregatik daude kantu desberdinak, disko “dinamikoa” eginez. 

Hasi eta buka

Dena egiten du berak, hasi eta amaitu arte; hala kontatu du Alberdik: “Nire abesti batek eutsi behar dio gitarra eta ahotsarekin, horrela konposatzen ditut abestiak. Biluzik zu zara eta zuk egiten duzu zer janzten duzunaren hautua.

Larruzko jaka bat eta bakero batzuk edo soineko berde bat. Abestiak ere horrela dira, zuk erabaki-tzen duzu, zuk sortu eta nola produzitu nahi duzun, zein testura eman. Hor sar-tzen da norberarena, behin abestia egina duzula nola nahi duzun entzun, eta nik abestiak entzuten ditut buruan grabatu aurretik. Entzuten dut Kontinente zaharra gitarra indartsu batzuekin eta entzuten dut Ez nengoen han giroa bezala, pianoarekin”.

Lana modu eta metodo inkontziente batean hasten du musikari azkoitiarrak. Elkarrizketa aurretik, abesti bat grabatu du goizean. Gitarra eta melodia bat, kantu baterako izan daitekeen melodia. “Hau inoiz ez da geratzen, edo ez zait inoiz geratu.

Agian momenturen batean geratuko da, ezin jakin”. Hala bizi da, sortzen, irakurtzen dituen gauzak apuntatzen, film batean entzun duena jasotzen… Nahigabeko eta etenik gabekoa da sortze prozesua eta hori eginda jar-tzen da disko baten aurrean. “Momentu klabea da egiten ari zaren azken kantuak abesten ari zarela ez dela kantatu nahi duzun azkena sentitzea.

Egungo aplikazioak bezala, ez zaudela aktualizatuta, norberaren eguneratzea. Hau jadanik ez da nahi nuen azkena, ez nago hemen. Beraz, non nago? Zer ari naiz idazten? Zer nahiko nuke idatzi? Nola nahiko nuke idatzi?” 

Donostian eman zuen estreinako kontzertua, eta orain pozik da kontzertu asko emateko aukera duelako. Anari

Azken unekoa bezala definitzen du bere lana. Ahots bat bi aldiz grabatu du hitz bat aldatzeko. Estudioetan, egun, “edozeinek” grabatu dezake kanta bat, silabaka grabatu daiteke, esaldika. Moztu eta pegatu. Kantatzeko era bat lantzen duela azaldu du Alberdik. Abestia osorik edo ia osorik kantatzen.

Disko bat egitearen amaiera estudioan kokatzen du, unibertsitate garaian ere bezperan egiten zuen horietakoa zen, gaupasa eginda ikasten eta diskoak sortzerakoan inertzia bera du. Denboraren azken-azken unera arte egoten da: “Inertzia edo barne koherentziagatik nahiko nuke hitz hori aldatu eta seguruenik beste aitzakia bat asmatuko nuke, teknikoak nazkatuta dauzkat horrekin eta”.

Diskoa eskuetan

Diskoen industriak beste erritmo bat hartu du azken hamarkadetan, gizartearen beste esparru askok bezala, beste arintasun bat hartu du. Erritmo mantsoago batetik dator Anari eta garaian egiteko era askoz “sendoagoa” zela kontatu du.

Literaturan ere badabil eta beste “arintasun” bat behar zuen. Hala sortu du Tristuraren Industria zigilua: “Nire Bide Huts propioa behar nuen, bertan dago musikan gehien maite eta miresten dudan jendea. Une honetan, baina, hala sentitu eta behar izan dut eta hala egin dut. Hasieratik esan dut, bestelako tramarik gabe”.  

Zigilu propioarekin eta euskarri fisikoan, eskuragarri dago artista azkoitiarraren azken lana. Fisikoan kaleratu edo ez zalantza egin duela azaldu du Anari Alberdik: “Gero eta gutxiago saltzen da, beraz, gero eta garestiagoa da guretzat, horren garestia da non egun diskoak oparitu egiten ditugun plataformetan.

Zenbait ekuazio aldatu egin dira. Adibidez, edozeinek igo dezake Youtubera zure diskoa eta behin aukera hori egonda, zuk igo behar duzu”. Hasiera batean nahiko era ezkor batean ikusten bazuen ere alai dago diskoa izaten ari den harrerarekin eta gehiago egin beharko dituelakoan dago.  

Eskuetan behar du diskoa, hezurmamituta: “Imajinatzen duzu idazle bat bere lana PDF formatuan duena? Ni garai hartatik nator. Diskoak lan handia egitera derrigortzen zaitu. Abesti bat grabatzeko, astebeterekin nahikoa duzu, single bat egiteko.

Disko batek, obra handi edo luze batek esan nahi du denboran barrena egin behar duzula eta ez zaizula erori behar. Hasi eta hilabetera esango duzu: “Hau kaka bat da!”.

Eta gero, zeinen ondo dagoen ikusiko duzu. Ondoren, norbaiti eman eta bere iritzia emango dizu. Histeria horretan zaude. Derrigortzen zaitu gehiago bilatzera eta horrela justifikatzen dut nik disko osoa egitea”. 

Musikatik, musikaz eta musikaren-tzat bizi da Anari. “Bi seme alaba izango banitu ez dakit posible izango nukeen musikaz bizitzea. Musikatik bizitzeak gutxirekin bizitzea esan nahi du eta lan asko eginda”.

Une honetan hori da bere apustu bitala, baina seguraski noizbait irakaskun-tzara itzuliko dela uste du, “bizitzak esango du”. Gari eta goroldiozko (Susa, 2022) idatzi zuen liburua gaztelerara itzultzen ari da orain. Beti idatzi du, eta horretan jarraitzen du orain ere. Etenik gabeko jarduna da artistarentzat. 

Donostian eman zuen estreinako kontzertua, ondoren Bilbon. “Sekulako gogoa” dauka eta pozik dago kontzertu asko emateko aukera ateratzen ari zaiolako. Baditu lotuta hurrengo hilabeteetarako eta udazkenerako ere. Apirilaren 11n Gasteizko Jimmy Jazzen ariko da, 20an, aldiz, Atarrabiako Totem aretoan eta 21ean, Hendaiako Mendi Zolan. Laster argitaratuko ditu data gehiago.