Etengabeko abesti jarioak dira Andoni Ollokiegi (Pasai Donibane, 1992) musikariaren kontzertuak. Telebistan, han eta hemen, abesten ikusi izan badugu ere, orain arte ez du bere lanik kaleratu gipuzkoarrak. Orain, baina, bestelakoa da egoera, Bekataria izeneko bere lehen diskoa kalean baitu. Hala, lana argitaratuta, bere abestiak eta ohiko kontzertuak uztartu nahi ditu, horiek merezi duten tokia emanez. 

-Musikari bezala urteak egin eta gero ‘Bekataria’ zure lehenengo diskoa kaleratu duzu. 

Donostian parrandan geundela, ezagun batek eta biok disko bat kaleratzeko ideia eduki genuen eta horrela, auto-ekoitzi egin dugu. Abestiei buruz pentsatzen hasi nintzen, estilo desberdinak uztartzeko gogoa neukan. Horrela hasi ginen grabatzen, abestiak errepasatzen... Eta oraindik ere badago material gehiago. 

-Azalean Satan ageri da; bekatuak dira diskoaren ardatz?

Diskoa ez dago guztiz Biblian oinarrituta, baina kontzeptu hori hartu dut jolasteko. Beti esan digute edo aipatu izan da bekatuak gauza txarrak direla. Horietako batzuk besteak baino okerragoak dira, baina definitzen gaituzten ezaugarri bezala ikusten ditut nik. Ez dute zertan txarrak izan behar; asko jatea, adibidez. Hala, bekatuaren apologia txiki bat da disko hau. Barkamena eskatzea jale guztiei edo diruarekin xuhurrak diren edo garenoi. Ez dugulako merezi horregatik zigortuak izatea. 

-Zazpi bekatu, baina hamar abesti.

Sarrera eta abarrekin mandamentu haina abesti daude diskoan. Oinarria zazpi bekatuak dira eta bekatu bakoitza estilo batean jota dago. Bekatu eta abesti bakoitzari estilo bat egokitu diogu, eta horrekin ere asko dibertitu gara. 

-Hainbat estilo batzen dituen disko honetan zer aurkituko du entzuleak?

Diskoa abesti sorta bat eta late motiv kontzeptua hainbat estilotan elkartzea da. Sendotasun ezaren puntu bat dauka, estilo desberdin asko batzen dituenez, entzuleari arrotza edo borti-tza egin ahal zaio abesti batetik besterako saltoa. Baina, bestetik, badu sendotasuna, letren errepikapena eta late motiv musikalak; nota batzuk errepikatu egiten dira abesti batean eta bestean. Horrek, nolabait, obra osoa lotzen du. 

-Horrenbeste estiloren artean baduzu gogokoenik?

Ni rockean eta metalean gusturago aritzen naiz, estilo horietan ibili naizelako gehienbat. Estilo desberdinak probatu nahi nituen eta baita konfort gunetik atera ere. Nire buruari zein kanpokoei erakutsi nahi nien rocka edo metala ez den beste estilo batzuetan konposatu dezakedala, eta, gainera, ondo moldatu naitekeela. 

-Eta nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia aberasgarria izan da, eta uste dut jendeari gustatuko zaiola. Estilo batzuetan beste batzuetan baino hobeto atera zaizkit abestiak baina pozik nago. Abesti bat hasieratik hasi behar izan nuen berriro; ideia ez zegoen oso argi eta birmoldatu egin behar izan nuen. Arro-tza egiten zitzaidan genero elektronikoan ari-tzea eta abesti honek lanketa handiagoa behar izan du, baina gustura nago atera denarekin.

-Hainbat estilo batzen ditu; nori zuzendutako diskoa da?

Musika gustuko duen edonorentzat egindako da, baina gehienbat euskarazko musika kon-tsumitzen duen horientzako lana dela esango nuke. Euskal musikaren inguruan badago oraindik estigma bat, folklorea eta rocka bakarrik egin daitezkeenarena, alegia. Baina euskal musika eszena asko handitu eta zabaldu da azken urteetan eta hainbat estilo egin daitezke. Euskal musika askotarikoa da, artista handiak daude eta poztekoa da gure uharte txiki honetan musika estilo ugaritarako lekua izatea.

-Azken abestia luzea da, ezohikoa. 

Hamabi minutu ditu. Antzerki moduko zerbait egitea pentsatu nuen. Gaur egun dena arina da, dena Tik-Token erritmoan doa eta niri abesti luzeak gustatzen zaizkit. Gogoa nuen zerbait punkia egiteko. Errobitik ez da horrelako abesti luzerik. Lagun musikari batzuk esan didate abesti hoberena dela, eta beste batzuek, aldiz, lar luzea dela. Beraz, denetariko iritziak daude; esaerak dioen bezala, Zenbat buru hainbat aburu.

-Eta diskoa, nolako harrera izaten ari da?

Orokorrean harrera ona izaten ari da, jendeak esan dit gustatu zaiola. Batzuek maisu lana bezala izendatu dute, eta beste batzuek, aldiz, “kristoren harrikada” bezala. Bi horien artean dago pertzepzioa. Beste alde batetik, badago jendea abesti solteak entzutea gustuko duena. Nik nahiago dut disko bat hasieratik amaierara entzun, uste dut horrek esperientzia politagoa egiten duela. Baina denentzat dago, abesti dantzagarriak ere badaude. 

-Zure kontzertuak etengabeko abesti jarioak dira. Nola uztartuko duzu zure ohiko kontzertua diskoarekin? 

Ohiko formatuarekin jarraitu nahiko nuke, baina abesti berriei merezi zaien lekua emanez. Horretarako, musikari batzuekin joango naiz kontzertuetara, entseatu ditugu abesti batzuk. Baina nahiko nuke nire diskoa leku gehiagotan aurkeztea. Jendeak eskatzen du Andoni bakarrik egotea, baina Andonik ez du beti bakarrik egon nahi. 

-Aurrera begira zer?

Kontzertu pila bat lotuta ditut jada, beraz, horrekin jarraitu eta bigarren diskoa amaitu eta posible bada Durangoko Azokarako kaleratu nahiko nuke. Gero, ikusi beharko da ea zer moduz doan dena, ni, behintzat, gogotsu nago.