2016. urtea gogorra izan zen. Azkenengo udazken aldakor eta gorabeheratsuak zerbait ezberdina etorriko zela iragarri zuen. Seinaleak hor zeuden, eta inork kasurik ez. Gutxik espero zituzten urte horretako txingor, haizete, izozte, kazkabar, uholde eta elurteak. Neguan, udaberrian, udan eta udazkenean. Momentuan toka-tzen ez ziren gauzak. Anabasa, ezin egona, tristura, etsipena, eta etsipena. Ez zen giro, ez kanpoan ez barruan, eta ahal zen moduan egin zitzaion aurre egoerari.

Bakoitzaren bizitzan, tenpusetan eta izaeran eragina izan zuen. Hori dela eta, desesperatu ziren. Tempranillo, Viura, Graciano eta Matarunak osatzen zuten. Familia alai, zaporetsu, orekatu eta bizia. Hala ere, ustegabeko kondizioek beraiengan eragina izan zuten. Tenpranillo etxeko arima zen, ardo onenak ziurtatzen zituena eta gorputza ematen zuena. Eta bera izan zen kaltetuena. Zentzurik aurkitu gabe, familiako kideei eragin zien. Hasiera batean, mahastietan eragina txikia izan arren, denbora aurrera joan ahala, albo kalteak nabariak izan ziren. Dena kolokan gelditu zen. Ardoa bera eta upategia ere.  

XXI. mendean Arabako Errioxako kuadrillan upategiak erronka berrien aurrean aurkitu dira: klima aldaketa, jasangarritasuna, tokiko garapena, turismo masiboa… Eta horiei aurre egiteak bere zailtasunak ditu. Orain artean inguru natural berezi batean kokatzeak asko lagundu dio mahatsari. Izan ere, Toloño mendilerroak babesten du iparraldetik, eta hegoaldetik Ebro ibaiaren muga dute. Horrela, Kantauri itsasotik gertu dagoen arren, klima kontinental leuna du Arabako Errioxak. Bestetik, ardoaren ekoizpena lurraldeko motore ekonomiko garrantzitsua izateak ere bere arriskua dauka. Eta ardo turismo masiboak modu orekatuan kudeatzea ez da łan makala. Testuinguru horren aurrean, arkitektura eta lurralde antolaketatik konponbideak eman behar dira.

 

2007an, testuinguru hau zetorrela jakitun, Iñaki Aspiazu Iza arkitekto bergararrak (1955-2014) arkitektura etnologikoan mugarri izan den Baigorriko upategia eraiki zuen. Samaniego herrian kokatzen den eraikina garaiari aurre hartu ziotenetakoen artean sailkatzen da, eta gutxi dira ezaugarri hori betetzen dutenak. Aspiazuk bere ikasketak Madrilgo arkitektura eskolan burutu zituen arren, Euskal Herrian kokatzen dira bere obrak.

Hastapenetan, egurrezko arkitekturen zaharberritze eta birgaitzetan jardun zen (Bergarako Agarre garaia, esaterako) eta gerora, eraikin publikoak eraikitzera dedikatu zen (EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea edo Eltziegoko Osasun Etxea ). Arkitektoak ingurumenarekiko zuen sentsibilitateak garrantzia izan zuen bere azken urteetan, eta egin zituen eraikinetan nabari daiteke, izan zaharberri-tze bat edota espazio urbano berri baten diseinua. Adibideen artean dugu Baigorri. 

Kalitatezko ardoa lortzeak dituen zailtasunak antzekotasun asko ditu maila goreneko arkitektura bat gauzatzearekin. Elementu eta faktore aldakor ezberdinak aintzat hartu behar dira, behar eta nahien arabera orekatu, eta bezeroak bere desirak produktuarekin asetzea lortu behar du. Baigorriko eraikinak, modu orekatu batean, hiru helbururi erantzuten die: lurraldeari, ardoari, eta turismoari. Eraikina egungo topografiara egokitzen da eta inguruan ondo integratzen da. Sinple eta egoki. Bisitariak iristean kristalezko kutxa batekin egiten du topo, eta harrera elementua izateaz gain, eraikina kokatzen den enklabea azpimarratzen du. Kutxaren barnean zaudenean, paisaian bertan kokatzen zara, inguruak duen edertasunaz gozatuz eta babestua sentituz. Mahastietatik gertu dago upategia, jasangarritasunaren izenean.

Egoki eta mimoz diseinatutako eraikinak ardoaren kalitatea berma-tzen du. Eta horretarako bertikalean konfiguratzen da eraikina. Upategiaren programa modu harmoniatsuan garatzen da gainazalaren azpiko zazpi solairuetan. Prozesu guztia grabitatez egiten da, mahatsaren osotasuna babestuz, eta modu honetan mahatsak har-tzidurara osorik iristen dira. Mugimendu guztiak grabitatez egitean, edozein eratako erremonte mekanikoak saihesten dira. 

Baina bat jartzearren, eraikina atrakzio turistiko gisa ere planteazen da. Hala ere, bisitariek ibilbide baten bidez, ardoaren eraketa fase guztiak ikus ditzakete upategiaren funtzionamenduan eragin gabe. Ibilbideak, ardoaren prozesua ezagutzeaz gain, eraikinaz gozatzeko aukera ematen digu. Ardo on batek uzten duen sentsazio bera sentitzen da ibilbidearen amaierara iristean. 

2023aren amaieran gaude. Babesten gaituzten arkitektura zahar eta berrien omenez Baigorriko ardoarekin ospatuko ditugu jai-egunak, eta bide batez Tenpranillori gutxiago edan behar dela gogoraraziko diot.