Noiz sartu zinen musikaren munduan?

Ni lehenik dantzaria nintzen. Nire familiakoak dantzariak ziren; dantzari aski onak, gainera. 18 urterekin hasi nintzen txirula jo-tzen: nire lagun batek esan zidan txirula egile baten anaiarekin lan egiten zuela; 200 franko balio zituen eta justu lehen laneko soldata neukan. Horrekin ordaindu nuen nire lehen txirula. Gero, maskaradetan jarraitu nuen, eta 1976 inguruan bertako txirularia nintzen. Horrez gain, Zuberoako kantari handiak ezagutu nituen. Nire lehen kantaldi handia Donostiako belodromoan egin nuen. Lehenengo diskoa duela 40 urte grabatu nuen. 

Aurreko diskoa 2015ean argitaratu zenuen. Noiz hasi zinen disko berri honekin? 

Erretiratua naiz eta denbora nahikoa dut. Horregatik pentsatu nuen diskoa grabatzea. Anjel Valdes Elkarreko produktorea izan zen diskoa grabatzeko esan zidana, Juan Mari Beltranekin, hain justu. Hamar bat hilabete iraun zuen proiektuaren sorkuntzak, apirilean hasita.

Zein izan da bakoitzak diskoan jokatu duen papera? 

Errege Beldak akordeoia jotzen du; Juan Mari Beltranek bi xirolarru, flauta, txistua eta zarrabetea jotzen ditu; nik kantatu egiten dut. Errege Beldak laguntzen nau kantu batzuetan bigarren ahotsa egiten, eta, beste batzuetan, a cappella kantatzen dut bakarrik. Gainera, txirula eta ttunttunak jotzen ditut Juan Marirekin batera.

Izenburuak zeri egiten dio erreferentzia? Mikel Laboaren ‘Xori Errexiñula’ kantari erreferentzia egiten al dio? 

Errexiñula kantari da kantu baten barruan den hitza: “Txorietan bere zagi errexiñula kantari”. Euskaldunek anitz aipatzen dugu errexiñula. Egungo gazteek ez dakite, zoritxarrez, zer diren; ez da gehiago txoririk abesten entzuten. Duela hogei urte ekaina hasterakoan oihanean txori sinfoniak zeuden.

Aurreko diskoa ‘Belatxa’ deitzen da. Zergatik erabaki duzu azken bi diskoen izenetan txorienak sartzea? 

Ez dakit: txoriak maite ditugulako. Beste izen bat banuen diskorako baina miresmen hori dela eta, txori baten izena jartzea erabaki nuen.

Egungo gazteriak ez dakiela txorien kantuak nolakoak diren aipatu duzu. Zein da diskoaren bidez helarazi nahi diezun mezua?

Uste dut badaukagula kate bat edo soka bat, eta kate hori hausteko arriskua dago. Horretarako behar dugu kate hori jarraitzea. Gutxi idatzi dugu euskaldunok, eta kanta horietan badaude metafora izugarriak. Antzinako kantetan daude euskaldunon iraunkortasunaren gakoak. Uste dut altxor bat dela, eta altxor hori zaindu egin behar dugu. Uste dut guk, euskaldunok, bretoiek eta katalanek, gure kultura babestu eta hazten badugu, beste herrialdeei lagunduko diegula beraien kultura indartzen. Gaur egun modan dauden gauzak egun batean bukatuko dira, beti da horrela. Guzti hau basa haizearekin alderatzen dut: Basa haizea heldu da, irauten du irauten duena eta gero etorri den bezala gelditzen da, baina gero zer?

Zein esanahia hartzen dute txoriek diskoan?

Errexiñulak kantatzeko joera dauka. Orduan, esparbera -beste txoriak harrapatzen eta jaten dituen hegaztia- hurbiltzen zaio, errexiñularen kantuak arreta deitu diolako, harrapa-tzeko asmoz. Baina aintzat hartu behar dugu errexiñulak kontuz kantatu behar duela, esparberak errexiñula antzeman ez dezan. Ondoren, errexiñulak ihes egiten du, baina belatz handiak azkenean errexiñula harrapatzea eta jatea lortzen du. Hori metafora bat da. Horrek zera esan nahi du: norbaitek neska bati gorte egin nahi izan dio eta neska baztertu egin da, baina beste bat gerturatzen zaio eta bestea da gorte egitea lortzen duena. Beste metafora bat dago diskoarekin lotuta: mediterraneoan bi harkaitz zeuden, Eskila eta Karibdis deiturikoak. Oso arriskutsuak ziren, eta marinelak bata ekiditen saiatzen baziren bestearen gertutik pasa behar ziren, haien burua arriskuan jarriz.

Azkeneko kanta Nestor Basterretxeari zuzenduta dago. Nolako garrantzia eduki du Nestor Basterretxeak zure bizitzan? 

Garrantzia izugarria eduki du nire bizitzan. Errementaria nintzen erretiratu baino lehen, eta nekazari munduan makinen beharra zegoen beti; makinak nola konponduko zituzten pentsatu behar zuten beti. Nestorrekin igarri nuen burdinarekin lan egitearen artea; beste filosofia bat da, beste mundu bat.