Grises taldeko teklista da Alejo Orbegozo eta aurten taldeak ia hogei urteko ibilbideari amaiera emango dio. Orain, zestoarrak bere alde pribatu bat argitara emango duen proiektua du esku artean, orain arte bere amonak bakarrik ezagutzen zuena. Ikasketa klasikoa jaso zuen arren, bere zaletasun handi bat musika elektronikoa izan da betidanik. Sare sozialetara bideo labur batzuk igo ostean, Aitor Etxebarria musikariak en-tzun zituen eta falta zitzaion azken bultzada eman dio musika estilo honi lotutako disko bat kaleratzeko. 

Grises taldeko kide gisa ia bi hamarkada bete dituzu, baina hastapenei dagokienez, nola hurbildu zinen musika mundura?

Txikitatik Zestoako musika eskolan ikasi nituen pianoa, solfeoa eta klarinetea. Esan genezake mundu klasikotik jo nuela. Gero, Grises taldean sartu eta beraiekin ibili naiz aurten arte, azken bira izango baitugu uda honetan. Gure ibilbidea bukatutzat emango dugu, hamaika urtez hainbat festibaletatik pasatuta eta sei disko aterata.

Zenbat urte eman dituzue taldean guztira?

Hogei urte inguru izango dira. Nire ibilbide musikala hori izan da. Pianoa ikasten hasi nintzenetik, gero bandan batean sartuta ere, etxean gauzak betidanik grabatu ditut. Egunerokotasunean nahiko frikia naiz produkzioak entzuten, estilo desberdinak grabatzen ditut etxean, bai musika klasikoa, bai pop-a… elektronika ere egin dut Grises-ekin eta horregatik esaten dut modu natural batean sortu dela proiektu berri hau: Ke Lepo. 

Zure zaletasun musikalak entzunda ibilbideak paradoxikoa ematen du: ikaskuntza klasiko batetik zatoz, baina elektronikak txoratzen zaitu. Ke Lepo bi mundu desberdin horien nahasketa litzateke?

Ez da hori. Ni musika klasikotik nator eta melodia asko gustatzen zait, nola ez. Baina iluntasuna ere bai. Malenkonia ere oso gustuko dut, baina bere puntu justuan, bestela apur bat “pasteloia” bihurtzen da kontua. Beti izan dut kriston lilura elektronikarekin, estilo bat delako grabatzen duzunean kanta ondo joan daitekeela, baina bat-batean produkziotik kanpo dagoen edozein elementurekin, kanta izorra daiteke. Horregatik egiten zait horren interesgarri musika estilo hau. Diskoa popurri modukoa izango da, edo horrela ari naiz bideratzen behintzat.

"Bajoi momentuetan sortzen nuen, eta amona beti etxean zegoenez, nire sorkuntza guztiak entzuten zituen. Nire publiko bakarra amona zen"

Batuko dituzun kanten popurri horretan, abesti bakoitza independentea izango da edo diskoa bera organikoagoa izango da bere osotasunean?

Diskoa kantu batetik bestera ezberdina izango da. Nahiz eta abesti batek erritmo gehiago edo gutxiago izan, batek melodia edo besteak a capella-ren bat, orokorrean estiloa nahiko markatua da. Hori bai, elektronika disko bat nahi nuen, baina etxean entzungarria izatea. Hori oso garbi neukan. Kantu bakoitzari bere produkzioa eman, pasatu gabe, baina elementu guztiek zentzu bat izatea eta zuzeneko energia hori ematea. Etxean biniloa jarri eta etxean gozatzeko disko bat nahi dut. Zuzenekoetan diskoan dauden melodiak eta elementuak egongo dira, baina beste kontu bat izango da, emanaldi indartsuagoak eginez. 

Kantak behin grabatzea bukatuta, zuzenekoei begira, kantak definitiboak dira edo molda-tzen joango dira?

Zuzenean guztiz aldatuko dira. Talde batean jo dut, badakit zuzenekoak aldatu egiten direla. Pixka bat beti jolasten da zuzenean. Nire intentzioa, ea lortzen dudan (kar-kar), zuzenekoa beste gauza bat izatea da. Helburua da behin diskoa entzunda, bertako kantak zuzenekoan identifikatu beharrean, alderantziz izatea, zuzenekoak diskoko kantekin lotzea. Beste era batera disko bat jotzea izango litzateke. Hortaz, nahi dudana da biniloa goxua izatea, etxean entzungarria, jendeak ideia bat izan dezan Ke Lepo zer den eta gero zuzenean beste gauza bat izatea. 

Proiektu honetan sortu dituzun kantak zure-tzat egindakoak izan dira, ez ditu beste inork entzun, zure amonak izan ezik. Ke Lepo, hortaz, zure intimitatearen parte bat azaleratzea bezala kontsidera daiteke?

Bai, guztiz. Nik uste dut sentsazio hori artista guztiok daukagun zerbait dela. Nik bajoi momentuetan jotzen nuen, burura etortzen zitzaizkidan melodiak inprobisatuz edo etxean zegoen norbaiti erakusten sormenak. Amona beti etxean zegoenez, nire sorkun-tza guztiak entzuten zituen. Kasu honetan nire publiko bakarra amona zen. Hortaz, esan behar dut proiektu hau azaleratzea kostatu egin zaidala. Niri beti gustatu izan zait etxean grabatzea eta horrekin nahikoa nuen. Ez nuen sentitzen publiko aurrean kanta hauek jotzeko nahi hori, alde batetik talde batean jotzen nuelako; horrekin artistek daukagun publiko aurreko mono hori ase-tzen nuen eta, bestetik, oso ondo pasatzen nuen Grises-ekin. 

"Aspertuta nengoen egun batean Instagramera igo nituen pare bat bideo, hamar bat segundokoak eta Aitor Etxebarriak idatzi zidan"

Nola izan da, hortaz, Ke Lepo ezkututik argitara erakusteko pauso hori?

Grabatuta neukan materialaren bilketa lana egin nuen Gabonetan. Kanta batek aurrenekoz ni konbentzitu behar nau eta egiten nuenak ez ninduen guztiz konben-tzitzen, egia esan. Sortzailea denak ulertuko dit. Baina kasu honetan ez zitzaidan horren txarra iruditu bildu nuena. Ez dizut esango guztiz konbentzituta nengoela, baina bai puntu interesgarri bat ikusi niola. Orduan, aspertuta nengoen egun batean Instagramera igo nituen pare bat bideo, hamar bat segundokoak. Lehenago nirea zen ezer publikatu gabe nengoenez, jendea entzuten hasi zen. Horien artean Aitor Etxebarria. Eta idatzi egin zidan. 

Lehenagotik ezagutzen zenuen Aitor Etxebarria?

Nik ezagutzen nuen eta berarekin pare bat aldiz aurkituko nintzen. Musika mundu honetan azkenean guztiok elkar ezagutzen gara. Baina harritu egin ninduen berak idaztea. Galdetu zidan ea diskorik argitaratu behar nuen eta nik ezetz esan nion. Berak esan zidan igo nituen bideoek itxura ona zutela eta Bilbon duen estudiora gonbidatu ninduen. Oraindik izenik gabe joan nintzen eta eraman niona entzun ondoren esan zidan: “Alejo, hemen disko bat dago”. Niri ilusioa egiten zidan horrek guztiak, baina ez nuen argi disko bat atera nahi nuen. Esan nion ez nekiela zuzenekorik emango nuen ere. Bai nahi nuen marka bat sortu nirea, edozein momentutan ezer publikatuz gero marka horrekin izateko, kanta bakarra bazen ere. Aitorri zuzenekoen kontua esan nionean, esan zidan: “orduan bai atera behar dugula disko bat”. Berak ere horrela ulertzen duelako musika. Garbi neukana da eszenatokian energia nahikorik ez banuen ez nuela joko. Hortaz, ez nion marroi bat pasatu nahi, disko bat grabatu, gero inon ez erakusteko. Baina berak konfiantza hori eman zidan, lasai egoteko, diskoa atera eta aurkeztu ez nahi banuen ere, ez zegoela arazorik. Dena oso naturala izan zen. 

Aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko du diskoa eta zuzenekoak etorriko dira ostean. Iker Azurmendi

Nondik dator Ke Lepo izena?

Izen zerrenda bat neukan eta, gainera, nire lagunak lanean jarri nituen izen bila. Ke Lepo lehen ere pentsatuta neukan nolabait. Lehenik eta behin nire buruari galdetu nion: musika elektronikoan pentsatzean, zer etortzen zait burura? Orduan hasten nintzen pentsa-tzen nire lehen esperientziak klub batean, sartu eta argi gutxi, ke pila bat, laser argiak, eta abar. Sentsazio hori etortzen zitzaidan burura, asko gustatzen baitzait. Jende pilaz inguratuta zaude, baina ke horrek bakarrik zauden sentsazioa ematen dizu. Sentsazio horrek flipatu egiten nau. Beraz, hortik dator Ke Lepo. 

Orain arte talde batean arituta, sorkuntza lana desberdina izango zen. Bakarrik zaudenean zailagoa egiten da?

Bai, niretzat ezberdina da. Horregatik elektronika disko hau ateratzea erronka bat bezala hartu dut. Talde batean normalean instrumentuak nahasten zoaz. Baina elektronikan hori dena eta, gainera, soinu biblioteka bat daukazu milioi bat soinurekin. Eromena da. Zailena da musika mota horretan zu zein zaren ikustea. Niri gehien kostatu zaidana da eta horregatik ez dut argitaratu ezer lehenago; kanta bat egiten nuen eta hasiera batean bueno, baina gero entzuten nuen hamabost aldiz eta pentsa-tzen nuen: ni naiz hori? Kanta ondo dago, ados. Baina nire soinua dauka? Eta horrek botatzen zaitu atzera. Disko oso batek paleta berdinaren soinua izatea da gauzarik zailena elektronikan, nire ustez. 

Grises taldearekin urte hauetan jaso duzun esperientziak ibilbide berri honi begira asko lagundu dizu?

Bai, erabat. Grises-eko esperientziarik gabe ez nintzateke hemen izango. Azkenean ez da bakarrik musika egitea. Elektronikaren kasuan gero pintxatu beharra badago, beste gauza desberdin bat da, adibidez. Nik hiru edo lau aldiz pintxatuko nuen, baina ez naiz kontsideratzen DJ-a. Nik orain arte teklatua jo izan dut zuzenean eta taula gaineko soltura hori badaukat. Zuzeneko beldur hori kenduta daukat. Gero, baita, konpositore bezala asko parte hartu dut eta horrek ere asko lagundu dit. Bestela imajinatu zerotik hasi beharko banu. 

Hortaz, egiten ari zaren lan honen guztiaren emaitza noiz entzun ahalko da?

Data jarrita daukagu, 2023ko Durangoko Azokan aurkeztuko dut diskoa. Forbidden Colours diskoetxearen gunean izango naiz, asko gustatzen zaizkidan beste artista ba-tzuekin batera. Behin aurkezpena egin ondoren, hurrengo udara begira, zuzenekoetan pentsatzen egongo naiz, datorren urtean kontzertuak ematen hastearen ideia baitaukat.