Pasa den martxoaren 3an, Madrilgo Merkataritza arloko 3. zenbakiko Epaitegiko Jorge Montull Urquijo magistratuak, José Torregrosaren oinordekoen aurka eta Paco de Luciaren alargunaren eta seme-alaben alde egin du, martxoaren 3ko 104/2023 epaiaren arabera. Horren ondorioz, José Torregrosa musikariaren ondorengoek Francisco Sánchez Gómezen (Paco de Lucia bezala ezagutua) 37 abestiren (horien artean Entre dos aguas famatuena) egile-eskubideen kontzeptuan jasotako diru-sarreren %100 itzuli beharko diete flamenko maisuaren senideei, egile bakarra dela aitortuta. Gitarra jotzailearen alaba den Lucía Sánchez abokatuak 14 urte eman ditu horren alde borrokan, 50 urte eta gero aitaren eskubide intelektualak berreskuratzeko.

Musikari batek oinordetzan utz ditzake bere ibilbide artistikoan konposatu dituen lanen eskubideak. Horrela, normalean, nahitaezko jaraunsle direlakoek zuzenean eta automatikoki heredatzen dituzte. Hau da, seme-alabek eta ondorengoek, guraso eta aurrekoekiko, hauen faltan, gurasoek eta aurrekoek beren seme-alaba eta ondorengoekiko edo, noski, alargunek. Bestela, eskubideok 70 urteko bizia dute egilea hil zenetik, 1987az geroztik. Urte horretan egin zen azken legea, eta aurreko kasuentzat 1879koa aplikatzen da, zeinetan eskubideek 80 urteko bizia duten. Horixe bera gertatu da Federico García Lorcaren obrekin, zeinak jabari publikora pasatu baitira 2017an (80 urte hil zenetik, 70 beharrean), lege-xedapen iragankor horien ondorioz. Herentzien inguruko eztabaida politikoa alde batera utzita, kasua ez dago guztiz argi, eta egiletza eskubideen inguruko eztabaidak berpiztu ditu.

‘Autores sin propiedad’ dokumentalean sormenaren sektoreko zenbait profesionalek sortutakoa berreskuratzeko pairatutako lege-hausteak azaldu dituzte.

Egiletza eta jabegoarekiko azpijokoak

Paco de Luciaren eskubideak erdibana zeuden sinatuta Jose Torregrosarekin. Torregrosa musikariak ibilbide propioa zuen abeslari gisa, 70 abestiren egilea da eta 400 baino gehiagotan parte hartu du, Espainiako Liburutegi Nazionalaren arabera. 1963an sartu zen Philips etxeko produkzio-zuzendari gisa, eta bertan arduratu zen grabazioez, konponketez eta orkestra-zuzendaritzaz, besteak beste Paco de Luciarekin edo Juan el Lebrijanorekin lan eginez. Bertan egon zen 1981. urtera arte, eta, gainera, SGAEko kontseilari izan zen Zinematografia eta TB sailetan. Finean, eztarriko minbiziaz hil zen 2007an. De Luciarekin elkarlanean aritzen zen abestien partiturak idazten (musika transkribatzen, alegia) eta horren ondorioz %50 kobratzen zuen moldatzaile eta egilekide gisa. Ez dakigu elkarlan hau pertsonala edo profesionala (hau da, diskoetxeak bultzatutakoa) izan zen, izan ere, 70eko hamarkadan ohikoa zen flamenkoen lanak egileek ez erregistratzea, baizik eta beste konpositore eta moldatzaile batzuek, portzentaje harrigarri batzuez jabetuta. Kobrantzak neurriz kanpokoak izanda ere, horrek ez du esan nahi transkribatzea lana ez denik, eta nekeza eta ordaindu beharrekoa, ondorioz.

Hala ere diskoetan islatuta geratu zen, beraz harritzekoa da Paco de Luciak horren gainean ezer ere ez jakitea eta hil baino lehenago sekulako ezustea hartzea aurkikuntzaren ondoren. Izan ere, karatulen bidez egilekidetzaren esleipen publikoa egon delako. Hau da, saltzen zituen bere disko propioei erreparatzea baino ez zuen bi izenak argi eta garbi irakurtzeko. Aldi berean, hor zegoen ere Garcia Lorcaren izena, eskubide horien ordainketa edo jabetzen berririk gabe. Honek erantzukizuna azaleratu ezean, epailearen ustez “kalte morala egiaztatutzat jotzen du”. Horregatik, epaiak adierazten du, gainera, José Torregrosa Alcarazek maisuaren egile-eskubide morala urratu zuela, eta, ondorioz, demandatzaileak 10.000 euro ordaintzera kondenatu ditu, kalte moralagatiko kalte-ordain gisa. Torregrosaren ondorengoek erru zantzurik izan ahalko balute bezala.

David García Aristeguiren lana, jabego intelektualari eta bere iraultzei buruz.

David García Aristeguiren lana, jabego intelektualari eta bere iraultzei buruz.

Iluna argitu nahian

Argi dago detaile asko solte geratzen direla. Zein erantzukizun izan dezakete ondorengoek? Zein erantzukizun du artista batek bere eskubideekiko? Aurretik aipatutako datuek agerian uzten dute kasuaren irregulartasuna, artistaren erantzukizun falta bere eskubideekiko, editorialen gardentasun falta… Edonola ere, ziurrena da Torregrosa familiak lege errekurtsoa aurrera eramatea. Zaila da iritzi bat eratzea auzi honen eta jabego intelektualen inguruan, horregatik eta hausnarketa hemen has dadin, gai horretan sakontzeko liburu eta dokumental batzuen gomendioa luzatuko dugu. Hasteko, ezinbestekoak izan dira erreportaje hau idazteko Twitter bidez lagundu didan David Garcia Aristeguiren lana: ¿Por qué Marx no habló de copyright?, zeinetan jabego intelektualaren eta bere iraultzen inguruko historia kontatzen duen. Baita Ainara Legardonekin batera idatzitako SGAE, el monopolio en decadencia, gurean orain arte jabego intelektuala babesteko zegoen erakunde bakarrari buruz. Bukatzeko, interesgarria izan daiteke Copiad malditos! dokumentala, era digitalean lizentzia askeen alternatibak aztertzen dituena, eta kasu honetarako oso azalgarria, Autores sin propiedad. Bertan sormenaren sektoreko zenbait profesionalek (Mikel Urmeneta kasua tartean) beren irudimenetik sortutakoa berreskuratzeko pairatu dituzten benetako lege-hausteak azaltzen dituzten.