Etengabeko zalantzak, erantzunik gabeko galderak. Horrela sortzen da Sehaska kanta gorriari, ama-alaba harremanean oinarritzen den obra. Arta Kolektiboak oholtza gainera eraman du Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama liburuaren kontakizuna. Hala ere, ezin dugu hitz egin adaptazio huts bati buruz. Kolektiboa osatzen duten hiru sortzaileek idazlearen obra izan dute ardatz baina beste hainbat elementu gehitu diote obrari. Elementu horien artean, berebiziko garrantzia hartu dute bakoitzak liburua irakurri zuenean sentitutako emozioek. Emozio horietatik eta Agirrek sortzaile taldeari emandako askatasunetik Sehaska kanta gorriari ondu dute Irene Baltzategik, Amaia Castañedak eta Gentzane Martínez de Cestafek. “Nola jakiten da ama izan nahi duzun edo ez? Haurra minez bizi bada? Bakarrik sentitzen bada?”. Arta Kolektiboak sortu eta ekoitzi duen antzezlan honetan “erditzea” hitzak esanahi asko hartuko ditu.

Sehaska kanta gorriari modu askotan definitu daiteken produkzio artistikoa da. Antzezlan formatuan aurkezten dute Arta Kolektibotik, baina aldi berean, beste modalitate artistikoak nahasten dituzte. Hiru sortzaileen hitzetan, nahiz eta Agirreren liburuan oinarrituta egon, sorkuntza-prozesu propioa izan duen antzezlana ekoitzi dute. Amatasunaren gaiari eutsi diote honetan, eta alabaren ikuspegitik abiatu dute bidaia hau. Istoriotik aparte, nobelak eta antzezlanak komunean dute alaba izatearen esperientzia. A deitzen da bi obren protagonista eta bere bizitzaren iraganetik bidaiatuko du ikusleak ezagutu ahal izateko. A-k psikiatra izango du bidelagun bere burua azaltzeko, eta bere terapiaren bidez 90eko hamarkadan gaztea izan zen neskaren bizipenak ezagutu ahalko dituzte ikusleek hainbat galderei erantzuna bilatzen duen bitartean.

Kontatzeko beharretik sortua

“Gure istorioak kontatzeko beharretik sortzen da, gureak edo gertuko ditugunak”. Horrela definitzen dute Arta Kolektiboa Irene Baltzategi aktoreak, sortzaileak eta irakasleak; Amaia Castañeda aktoreak, sortzaileak eta kultur kudeatzaileak eta Gentzane Martínez de Cestafe aktoreak, zuzendariak, gidoilariak eta dantzariak. 2022an sortu zuten kolektibo honek lotura zuzena du aurkeztu duten lehenengo obra honekin. Urte horretan asmoa Sehaska kanta gorriari ekoiztea baitzen, eta obran berebiziko garrantzia hartzen duten zaintza lanak ere estrapolatu zituzten kolektiboaren jardun orokorrera: “Arta jaio da zaintza zentroan edukita, bestearengana, autozaintzatik eta haren faltatik. Hori da kontatu nahi genuena”. Antzezlan hau sortzeko sortu zen Arta. Obra hau landu eta geroko intentzioei buruz galdetzen badiegu, era argi batean erantzuten dute: “Hainbat proiektu sortzen, egiten eta laguntzen” arituko direla diote. Antzerki sozialaren bidez jendeari haien eta bere gertukoen istorioak hurbildu nahi dizkiote.

“Arta jaio da zaintza zentroan edukita, bestearengana, autozaintzatik eta haren faltatik. Hori da kontatu nahi genuena”

Antzerki soziala aukeratutako bidea izanda, beste hainbat modalitateekin lan egiten du Artak. Haien ahotsa ezagutarazi nahi dute, eta kontatu behar dutena kolektiboaren bidez kontatu nahi dute, baina hortik haratago joango dira. Modalitate artistiko ezberdinek bere presentzia izan dute Sehaska kanta gorriari antzezlanean horrela ere beste emakumeek haien errealitatea kontatu ahal izateko: amatasunari buruz hitz egiteko, alabaren ahots hori elikatu dute beste hainbat emakume artistek.

Bide horretan, sei proiekzio sortu dituzte. Sormen prozesuan ikusi zuten istorio hau kontatzeko ez zuela dramaturgiarekin bakarrik balio, elementu gehiago behar zituela. Transmititu nahi zutena hobeto ulertzeko Itziar Bastarrikari idatzi zioten berak sortutako proiekzioekin istorioa hobeto kontatu ahal izateko. Musikarekin berdina gertatu zitzaien, eta Muare-ren eskuetan utzi zuten lan hori.

Etxean aurkeztu zuten Sehaska kanta gorriari, Oñatin (Gipuzkoa). Estreinaldi batean normalak diren nerbioz josita atera ziren oholtzara, baina esperientzia zoragarri bezala definitzen dute. Etxean jokatzen zuten egun horretan, eta familiaren babesa jasotzeari garrantzi handia eman zioten hiru artistek. Hala ere, jende ezezagunaren presentziarekin ere kontatzea oso atsegina izan zen haientzat. Oraingoz beste emanaldirik aurreikusita ez duten arren, horretan ari dira, eta haien asmoa obra mugitzea eta gira bat egitea da.

Baltzategi, Castañeda eta Martínez de Cestafe.

Baltzategi, Castañeda eta Martínez de Cestafe. ARTA KOLEKTIBOA

Sormena eta emakumea ardatz

Kideek Arta Kolektiboa emakume-talde bakarra izango zela argi zuten. Emakumea eta sormenaren inguruko hausnarketa egin eta gero, ondorioztatutako ikusgarritasun ezak zehaztu zien bidea. Teknikariak, argi eta soinu-diseinatzaileak… Haien asmoa kultura eta sorkuntza munduan dauden emakumeekin lan egitea da, hiru artistek kolektibo honen bidez lortu dezaketen ikusgarritasuna beste hainbat emakumeekin konpartituz, kolektibo hitzaren esanahia indartuz. 

Ezin hobeto plazaratu dute oholtza gainean haien borondatea: Agirreren istorioak emakumeen arteko harremanetan sustengatzen da, eta Arta Kolektiboak, harreman horiek sortzean eta aipatutako zainketei berebiziko garrantzia emanez aurrera egiten jarraituko du.