Pixkanaka-pixkanaka hasi zen aurkezten bere diskoa izango zena Sara Azurza abeslari eta abestigile donostiarra, Ez ohildu, Uste ustelak eta Hemen berriro aurrerapen abestiekin, baina dagoeneko kalean du bere azken lana. Atzo egin zuen aurkezpen kontzertua Donostiako Lugaritz Kultur Etxean. Hemen berriro diskoa bederatzi abestiz osatu du; gehienak euskaraz baldin badira ere, ingelesez eta frantsesez abesten ere entzun daiteke diskoan.
Lehen lan luzea kalean duzu. Zer sentitzen duzu?
Egia esan, poza eta urduritasun pixka bat, lanarekin zer gertatuko denaren zalantzarekin, zein bide izango duenaren urduritasunarekin. Baina ilusioa da, gehienbat, sentitzen dudana. Bestalde, pixka bat desorientatuta bezala nago, orain arte ez dudalako horrelako proiekturik kaleratu, eta hau izaten ari den harrera medioetan, esaterako, nire lanek ez dutelako eduki, eta horrek pixka bat urduri egotea eragiten dit.
Eta orain arteko bidea nolakoa izan da?
Lan luze hau lantzeko bidea polita izan da, baina baita sufritua ere, azkenean esfortzu asko jartzen diozun proiektu bat da, duela bi urte hasitakoa. Polita da bidea baina batzuetan badaude gorabeherak, zaila delako.
Orain eskuetan, merezi izan du, ezta?
Bai, azkenean emaitza ikusitakoan konturatzen zara sufritutako horiek merezi izan dutela. Pozik gaude emaitzarekin, orain hurrengo baten pentsatzen gabiltza baina bai, oso pozik.
Eskuetan izan arte, itxaronaldia luze egin zaizu?
Nahiko luze, egia esan. Proiektu hau nire buruan hasi zen sortzen pandemia aurretik, eta hiru urte pasa dira ordutik. Beraz, nahiz eta proiektua sortzen duela bi urte hasi ginen, bai, pixka bat luzea izan da. Hala ere, pozten naiz hain luzea izanaz, horrek aukera eman didalako lana hobeto garatzeko.
Behin kalean, orain hasi da bidea ala bidea bukatzear da?
Guztia bukatu baino, guztiz kontrakoa, dena hastear dago orain. Lehengoan joan nintzen lagunengana esatera erditu nuela. Eta orain ume hori hezi egin beharko da. Oraindik goiz da esateko, beharbada, jendeak entzun gabe daukalako diskoa, baina, uste dut espero genuen bezalako harrera izan duela, eta hori benetan positiboa izan da.
‘Hemen berriro’ deitu diozu diskoari. Zertarako dago hemen berriro Sara?
Galdera zaila da hori, baina espero dut pertsonei nire musikarekin bizia pixka bat leuntzea. Niretzat musika erreminta bat den bezala, besteentzat ere musika hala izatea eta sentiaraztea gustatu izan zait beti. Dena den, Sara beti egon da, ez da inoiz joan, baina agian berak ez zekien beti hor zegoela.
Zer da musika zuretzat?
Niretzat musika da nire burua hobeto ezagutzeko erabiltzen dudan erreminta bat, eta baita nire burua adierazteko ere. Azkenean, esango nuke arte gehienak direla adierazpen bat, nola edo hala.
Hamabost urte zenituenetik abesten duzu. Zer aldatu da Sara gazte hartatik?
Beharbada, momentu hartan, gaztetasunak eman zizkidan nolabaiteko zalantzak; prozesu bat izan da nire burua ezagutzea, eta adieraztea musika egin nahi nuela eta egin ahal nuela. Ez da adin errazena halako gauza bat egiteko, ezta konturatzeko zer egin nahi duzun zure bizitzan.
Orain, egindako bidea ikusita, zer esango luke Sara gazte hark lortu duzunaz?
Suposatzen dut harro egongo litzatekeela, momentu hartan ez baineukan batere argi hau egin nahi nuenik. Eta hala pentsatzen nuen ez nintzelako egitera ausartzen.
Diskoa bederatzi abestiz osatu duzu, emozioei eta sentimenduei leku eginez.
“Musika estilo ez hain ohikoetan aritzeak zaildu egiten du nire bidea, baita aukera gehiago eman ere”
Bai, esan dudan bezala niretzat musika erreminta bat da, eta konturatu nintzen abestiak idazten nituen bakoitzean bazutela emozio ezberdinekiko lotura bat, eta hori aldarrikatu nahi izan dut: emozioen garrantzia eta horiek adierazteko eta kanporatzeko inportantzia bizitzan, bakoitzak bere modura. Hori egiteko ahalmenak askatasun pixka bat ematen du; gainera, gaur egun uste dut bizi garela dena delako sentimenduei bizkarra emanez, ez dugulako denborarik geldi egoteko eta nork bere buruaz hausnartzeko, eta iruditzen zait garrantzitsua nork bere buruarekiko ariketa hau egitea, nik musikarekin egiten dudan bezala, bakoitzak ahal duen bezala. Gustatuko litzaidake nire musikak hori egiteko ahalmena ematea besteei.
Disko hau izan daiteke Sara biluzteko terapia?
Bai, hala da, niretzat bada lan hau ni biluzteko modu bat. Lehen banituen nire sentimenduak hala azalerazteko beldurra, eta orain arte ez naiz ausartu hau egitera. Azkenean, nire emozioak dira, eta gertatzen zaizkidan gauzak, eta horri buruz idazteak, alegia, nire emozioak modu komertzial batean kaleratzeak, bazeukan koste emozional bat. Hori gainditzeko prozesu bat izan dira urte hauek guztiak.
Diskoa kaleratu aurretik, aurrerapen abestiak kaleratu dituzu. Nolako erantzuna izan dute horiek?
Egia esan, oso erantzun ona izan dute. Egindako lan guztia ikusi da, atzean dagoen lan hori. Txukun egin nahi izan ditut, mimotik, eta horregatik uste dut harrera ona izan dutela; uste baino hobea.
Eta diskoa bera nolako oihartzuna izaten ari dela?
Oraindik, egun gutxi pasatu dira diskoa kaleratu genuenetik, baina momentuz, harrera ona izaten ari dela esango nuke; idazten didaten pertsonak eta zenbakiak kontuan hartuta, behintzat… Disko honekin ez dut boom bat izatea bilatzen, baizik eta gustatzen zaien pertsonei benetan gustatzea. Espero dut zuzenekoetan lana ondo defendatzea eta jendeari gozaraztea.
Zenbaki horiek batzuetan zoratu egiten al dute artista?
Nik uste dut eragiten dutela presio puntu bat eta baduela zoratzeko ahalmen hori, baina, uste dut ez garela zoratu behar. Nahi ala ez, begiratzen dituzu datuak, kuantitatiboki horrek ematen baitizu informazioa. Nik neuk nahiago dut jende gutxiagorengana heldu baina horiei benetan gustatzea nire musika. Ez dut esango zenbakiek berdin dutenik, ez delako egia, eta ondo dago zenbaki handietara heltzea, baina ez zaigu burua joan behar, bestela ez dakit zer egin behar dugun. Hala ere, zaila da ez zoratzea.
Abestiei erreparatuta, pop, soul, funky estiloekin jolas egitea maite duzula dirudi.
Bai, beti mugitzen naiz estilo horietara, eta uste dut horietan sentitzen naizela erosoen. Horrek ez du esan nahi estilo gehiagotan ere murgilduko ez naizenik, ziurrenik bai, azkenean etengabeko eboluzio baten egon behar ginatekeela artistok. Euskal musikaren barruan ez dira gehien entzuten diren musika estiloak, baina, agian, honek balio du horretara bide emateko.
Gehien entzuten diren estiloetan ez mugitzeak zaildu egiten al du zure bidea?
Nik uste dut, batetik, zaildu egiten duela nire bidea, ez duelako publiko jakin bat oraindik, baina, bestetik, aukera gehiago ematen dizkidala. Batak bestea eragiten duela esango nuke.
‘Hemen berriro’ abestiak, ordea, popetik eta elektronikatik du. Dantza egiteko aukera ere ematen diozu entzuleari.
Beti gustatzen zait abesti lasaiak egitea, baina banuen gogoa dantza pixka bat egiteko, eta pop eta elektronika kutsuak sartu ditut abesti dantzagarriagoak sortzeko. Dudarik gabe kontuan hartzeko estiloak dira eta oso eroso sentitzen naiz halako abestiak egiten ere; beraz, ez dut aukerarik ixten.
Zure abestiak sortzean, izango duzun musikariren bat edo beste erreferentziatzat…
Bai, beti dauzkat erreferentziak, batez ere, Erresuma Batuko emakume asko. Horiek entzuten ditut, esaterako, Cleo Sol, Adele... Azkenean egunero entzuten ditut, eta uste dut sortzen dutela eragin apur bat nigan kantuak egiterako orduan.
Bakarkako diskoa kaleratu duzu, baina ez zaude bakarrik.
Bakarkako proiektua da argi nuelako nire abestiak kaleratu nahi nituela, baina ez nago bakarrik, taldekideak ere badauzkat: Iker Lauroba teklatuan eta gitarran; Julen Barandiaran baxuan, Haritz Lauroba eta Andoni Etxebeste baterian, diskoan zein zuzenekoetan. Eta taldekideez gain, jende gehiago ere badago proiektuan. Oso garrantzitsua da jende hori inguruan izatea; kontziente izan behar baikara inguruan daukagun laguntzaz, eta jakin horiek guztiek gabe bidea askoz ere zailagoa izango litzatekeela.
Bidea aipatu duzu… Disko honekin nolako bidea egitea aurreikusten duzu?
Oraindik ezin dut askorik esan, baina bide ona izatea aurreikusten dut, hala espero dut, behintzat. Niretzako bide idealena izango litzateke asko saltzea, asko jotzea eta honetaz bizitzeko gai izatea, baina ez dakigu hori gertatuko den edo ez. Espero dut lan berri honekin kontzertu gehiago izatea, eta pixka bat proiektua zabaltzen joatea; mugaz gaindi saldu baldin badaiteke are eta hobeto. Horretarako lan egiten ari naiz, hala izan dadin; gainera, aitortu beharra daukat nire buruarekin nahiko pertsona zorrotza naizela zentzu horretan. Ilusioa daukat; ez banintz saiatuko gauzak hala atera daitezen, ez luke mereziko proiektua egiteak ere.
Momentuz, behintzat, lan hau zuzenekoetan defendatzera, ezta?
Hori da, oraindik ezin dut ezer aurreratu, ixten gabiltzalako, baina, noski, asmoa lan hau eszenatokietan defendatzea da. Nire musika aretoetan entzuteko musika dela esango nuke; hala ere, hori gauza gehiagoren araberakoa izaten da, eta batek jakin.