Nahi gabean, baina diskoa amaitu orduko ohartu ziren Eñaut Elorrieta (Gernika, Bizkaia, 1975) eta kideak maitasunari eskainitakoa zela prestatutako lana. Kalean da Fantasia (Elkar, 2022), gernikarraren hirugarren bakarkako lana. "Maitasunaren forma ezberdinak arakatzen ditugu, eta forma horiek guztiak dira kantuetan abesten ditugunak", azaldu du musikariak. Hari horri eutsita azpimarratu du diskoan mintzo den ahotsak "era biluzian" eta "idealismorik gabe" egiten duela, jada bide bat egin duela ahots horrek, eta datorrenari aurre egiteko prest dagoela, "bere argi eta ilunekin". Ertz asko dituen lana ondu dute, hortaz, eta hamar kantuz osaturik jotzen dituzte horietako bakoitza.

Amaia Lasa idazle getariarraren izen bereko poematik hartu du titulu gernikarraren proiektu berriak. Hain justu, poema horretan oinarritu du Fantasia-ren itxierako abestia, eta modu ezberdinetan hartu du beregain fantasia bera Elorrietak: "Koartada gisa balio izan dit. Marko kontzeptual horrek lasaitu egiten ninduen egiten ari nintzen horretan". Izan ere, abeslariak azaldu duenez, inoiz arakatu ez dituen espazioak arakatzeko prozesuan murgilduta eman ditu azken bi-hiru urteak.

Erosotasunari iskin

Esperimentazio prozesu gisa definitu du berriki kaleratu duen diskoaren sormen-prozesua. Fantasia honetan, Aitor Etxebarria izan du bidelagun eta gidari alderdi musikalean. "Azken diskoetan izan dut erronka hori, arriskatzekoa, baina oraingoan pauso bat haratago joan naizela uste dut", esan du. Helburu argia izan du hasieratik: kantuaren esentzia ahalik eta gehien mantentzea, hau da, ahots eta gitarra hutsez sortutako abesti horien hasierako arima hori errespetatzea nolabait. Gernikakoaren hitzetan, abestiak sortzerakoan joera izaten da elementuak bata bestearen gainean jartzeko, jolas bat gitarraz, bateriarekin beste bat... eta horrela kantu oso bihurtu arte. Etxebarriaren laguntzaz, berriz, aipatu esentzia goraipatzeko asmoz, kontrako bidea hartu dute eta elementuak kendu dituzte. "Bertigo pixka bat ematen du kantua era biluzian agertzen baita kasik", aitortu du, eta erantsi du ematen duela ia bukaturik gabeko piezak direla. Baina kontrara, ñabardurek garrantzi handia hartzen dute. "Pixkanaka joan naiz Aitor Etxebarriaren begirada hori ulertzen, eta joan naiz konturatzen bere aberastasunaz".

Espazio berriak hartu ditu hizpide Elorrietak eta bere erosotasunetik aldentzeko erronka onartu zuela azaldu. Interesgarri iritzi dio, halaber, horiei ez ezik, kantuek sortzen duten giroari: "Abestiek giroak mantentzera egiten dute". Adibidera jarri du aurreko diskoa: Irteera argiak, zeinetan bestelako jolas batzuk egin zituzten. "Informazioa igortzen zuena elementu bakarra zen, adibidez, estrofa batean, ahotsa, beste batean izan zitekeen biolina, gero beste norbait... Horrek asko argitu zuen kantuaren emari hori", azaldu du Elorrietak. Lan berri honetan, aitzitik, abestien zati batzuetan ez dago inor "hizketan", alegia, instrumentu jakin batzuk, jolas edo mugimendu jakin batzuekin arreta ematen dutenak. Giroa, tentsioa edo leuntasunaren mesedetan.

Gainera, entzuleak nabarituko du ohi baino tonu grabeagoetan eta erritmo pausatuagoetan ari dela abeslaria, Etxeberriak "ertzera" eraman duelakoan: "Seguru aski, nire kabuz ez nintzateke hain baxu kantatzera eta hain motel kantatzera eta jotzera iritsiko". Horren adibide argia da, esaterako, Atlantida izeneko abestia.

Eñaut Elorrieta abeslaria.

Eñaut Elorrieta abeslaria.

Poemak, abesti

"Izugarri gustatzen zait beste idazle batzuek idatzitako olerkiak musikatzea”. Pasioz kontatu du Jose Luis Otamendiren Zutaz letrak idazteko eta Itziar Ugarteren Maitatzeak poemak set-listean sartu dituela, idazleen baimenarekin, eta aldaketak onartuta. Hori gutxi balitz bezala, prozesu paraleloak egitea, "eskuz esku", atsegin duela kontatu du: "Nik gaia proposatzen dut eta melodiari tiraka hasten naiz, idazleak letrarekin jartzen dira, eta elkar doitzen ditugu, abestia borobiltzeraino". Hala egin du Iñigo Astiz idazlearekin Esna kanta izenekoarekin, edo Uxue Alberdirekin Suzko lili edota Bidasoa. Jakina, bere abestiekin ere osatu du lana. Hala ere, azpimarra jarri du musikariekin aritzeak ekarpenak egiten dituen moduan, idazleekin aritzean ere halaxe gertatzen dela: "Idazleekin ere lan egiteak izugarri aberasten du diskoa. Gai batera hurbiltzeko izan dezakedan begirada aberasten didate eta", goraipatu du.

Eta begiradez ari dela, diskoari eta bideoklipei irudiak jarri dizkieten Eider Corral eta Arriguri kolektiboa, hurrenez hurren, gehitu ditu bidelagunen zerrendara. Corralen pieza darama Fantasia-k azalean eta baita barruko diseinuan ere. Hartutako arriskuak eta esperimentazio-kutsuak ezin hobeto bildu dituela uste du gernikarrak: "Fantasiaren kontzeptuarekin jolastu da, eta oso ondo islatzen da disko honetan egin duguna". Beren aldetik, Arriguri estudiokoek egin dute Esna Kantaren bideoklip modukoa. Modukoa, izan ere, ez baita abesti bat irudi hutsez lagundutakoa. Kantuaren prozesu osoa azaltzen duen bideoa da, Astizen, Etxeberriaren eta Elorrietaren beraren audio-mezuak tartekatzen dituena. Bide horretatik, Eñaut Elorrietak aurreratu du 2023an Arriguriko lagunek ekoitzitako dokumentala estreinatuko dutela, hain justu, abesti-bilduma berriaren grabaketa eta prozesua jasoko dituena.

Zalantzak dira baten sorkuntza-prozesuan eraso egin dezaketen okerrena. Zer espero daitekeen bere lanaz, helburu duen entzulea betikoa ala berria nahi duzun, egiten ari zaren horren balioa... Gainera, bakarrik egindako lana bada, areagotu egiten dira zalantzok. "Zure kabuz sortzen duzunean kuestionamendu momentuetatik pasatzen zarenean, tentazioa izaten duzu atzera egin eta erosotasunean berriz erortzeko". Zorionez, Etxebarriaren eta Alberdiren laguntza ezin estimatuagoa izan du Eñaut Elorrietak: "Uste dut hiruron artean sortu dugula konfiantzazko babesleku bat sorkuntzarako, niri ahalik libreen sortzeko aukera eman didana".

Eñaut Elorrieta.

Bizi bat musikari

Hamabost urte zituela deskubritu zuen musikariak bere dohaina eta zaletasuna. Lehendabizikoz bere gitarraz barrenak hustu eta idazteak sortutako irrikaren unea, oraindik ere, gogoan iltzaturik duela aitortu du. "Mundu bat ireki zidan, eta pixkanaka mundu horri leku gehiago ematen joan naiz".

Lugarri taldean aritu zen hasiera hartan, orain 30 bat urte atzera. 1996an, Ken Zazpi taldea osatu zuen beste kideekin batera. Talde harekin lortu zuten Euskal Herriaren luze-zabalean ezagun egitea eta euskal kantutegi garaikideari abesti jada mitiko askorekin ekarpena egin dion taldea dela ezin uka. Oroitzapen ederrak baino ez ditu Elorrietak bere ibilbidearen etapa hartaz, are, aitortu du gaur dela eguna irribarrea ere ateratzen zaiola Ken Zazpi taldeaz pentsatzen jartzen denean: "Gauza pila bat ikasi genituen, eta eraman genituen gauza batzuk muturrera estilo jakin batzuetan". Jendeak garaian hura baloratu izanak esker onez oroitzen du. Ia bi hamarkadaren eta zortzi diskoren ostean, bide berriak esploratzeko beharra sentitu zituela esan du, "pertsonalki eta artistikoki" aurrera egiten jarraitu nahi bazuen.

2013az geroztik bakarka ari da, bere izen bereko proiektuaren sinadurapean. Urteak daramatza lanbidez musikari propio eskainiak, eta hala ere, hastapenetako emozio bertsuak dituela dio: "Sortzen hasten naizenean, barrua pizten zait, izugarri disfrutatzen dut". Hari horri eutsita, esan du horrenbeste denboraren ostean irrika hori sentitzen segitzeko gakoa honako hau dela: "Garaian-garaian jakin izan dut nire kezka edo interesei fidel izaten, eta ez gotortzen leku erosoetan edo ezagunak nituen lekuetan", bestera esanda, sorkuntza-goseari bide eta erronka berriak emanez. Gaineratu du ez dela batere nostalgikoa -Ken Zazpiri eginez erreferentzia, gehienbat-, eta iraganak ez duela "elikatzen", etorkizunak eta berriz sortzen jartzeak baizik: "Hemendik tarte batera, Fantasia zaharkitua geratuko zait, eta beste zerbait egiteko eskatuko dit gorputzak".

Azken lanak laster ase eta eskuartean proiektu berri bat hartu aurretik, ordea, Fantasia jendaurrean defendatzea tokatzen zaio oraindik Eñaut Elorrietari. Azaro amaieran egin zuten aurre-estreinaldia Zumarragan. Ekipo eta proposamen berria aurkeztu zuten, eta nolabait hilabeteetan egindako lanaren amaiera gisa ospatu zutela esan du. Era berean, pozik da izandako harrerarekin, eguna "zoragarria" izan zela esan baitu. Zaleek urte berriarekin batera izango dute zuzenean gozatzeko aukera. Lehen emanaldia Andoaingo Bastero aretoan izango da, urtarrilaren 2an hain justu. Orduan ekingo diote birari, eta data zehatzik eman ez badu ere, aurreratu du hegoaldeko hiriburuetako Gayarre, Principal, Arriaga eta Victoria Eugenia izango dituela plazetako batzuk.