Irakurtzeko nola, idazteko ere ipuin zalea da Karmele Mitxelena Etxebeste (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988) idazlea. Oraingoan, ordea, testu luzeen lerro artean murgildu da: Marrubizko uda eleberria idatzi du. Esperimentua ondo atera zaio nonbait, eta zalantzak zalantza, Mikel Zarate lehiaketaren epaimahaiak Etxebesteren lana saritu du. Ekarpen ekonomikoaz gain, liburua argitaratzeko aukera emango dio oiartzuarrari sariketak. Dena ondo bidean, udazkenean izango dute irakurleek esku artean Marrubizko uda. Argitalpenarekin batera, 3.000 euroko ordainsaria jasoko du irabazleak.

XII. edizioa du aurtengoa sariketak, eta lehiaketaren oinarrien arabera, 6-12 urteko haurrei zuzendutako eleberriak aurkeztu dira sariketara. Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatu dute epaimahaia. Mitxelenak azaldu duenez, 10-12 urte bitartekoentzat da egokia bere nobela. Harremanei buruz idatzi du Mitxelenak, eta kanpin bat du kokaleku istorioak: “Oporraldi ezberdin bat egitera doan familia baten istorioa kontatzen du eleberriak, bertan familia barruan nahiz familiatik kanpo sor-tzen diren harremanak lantzen dira”.

Istorio errealista eta “ohikoa” kontatu nahi zuela argi izan du Mitxelenak hasieratik, gaztetxoei zuzendutako literaturan maiz errepikatzen diren abenturazko istorioengandik ihesi. Idazlearen aburuz, 6-12 urte bitarteko tartean errealitatetik gertu dauden gaiak lantzeko oso garai aproposa da. Gainera, iruditzen zaio adin tarte horri zuzendutako literatura gutxi dagoela: “Asko dago oso txikientzat eta helduentzat, baina adin tarte horretan hutsunea nabari da”.

MOTZEAN, EROSOAGO

Denborak eta gorpu-tzaldiak markatzen dute maiz idazketa prozesua, eta mugak eta gorabeherak tarteko, ipuinak idazteko joera du Mitxelenak: “Eleberriek aurreikuspen gehiago eskatzen dute; nik ipuinak ia bat-batean idazten ditut: hasi eta buka”. Aipatu duenez bere egoera emozionalaren isla izan ohi da paperean jasotakoa; ondorioz, “haria” jarraitu ahal izateko nahiago izaten du jarraian idatz dezakeen formatuan jardun. Halere, oraingoan, eleberri batekin agertu da plazara. 

Idazteari, ordea, oso bestelako formatuan ekin zion. Bertso paperak idatzi izan ditu iraganean Mitxelenak, azkenaldian narratiban murgilduta dagoen arren: “Bertso paperek denbora gehiago eskatzen didate: errima, neurria… idazteko modua askoz ere exigenteagoa da. Ipuin bat edo eleberri bat idaztea libreagoa da, eta orain askatasuna nahi dut nahi dudana kontatzeko neurriaren eta errimaren menpe egon gabe”.

Hain justu, bertso paperak idatzi eta testuokin hainbat sariketa irabazitakoa da Mitxelena. Besteak beste, Ibon Zabala bertso paper lehiaketa, Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa eta Zapirain anaiak bertso paper lehiaketa. Narratiban ere, esaterako, Julen Azpeitia ipuin lehiaketan edota Errenteria Hiria ipuin lehiaketan hainbat sari eskuratu ditu oiartzuarrak. Zerrendara batu zaio aurten Mikel Zarate saria, sarritan gertatzen ez den aukera batekin: liburua argitaratzea. 

SARIKETAK BULTZADA

Literatura lehiaketa zalea da Mitxelena, izan ere, idazteko pizgarri izaten dira harentzat. Horregatik, dioenez, ez ditu tiraderan gordetako testu larregi. Lehiaketa ugarien artean, uneari eta inspirazioari dagokiona aukeratu eta horra bideratzen du idazkia Mitxelenak. Gauzak horrela, aitortu du askotan argitaratu ez izanaren mugak idatziak gutxi irakurtzea ekarri duela: “Askotan sariketak irabazten dituzu baina testua hor gelditzen da, sariketa horretan. Eta ez bada interesatzen norbait bereziki lan hori irakurtzean, lan hori gelditzen da sariketa horretan”.

Hain zuzen, sariketa honek, akaso, hori du berezitik. 3.000 euroko sari ekonomikoarekin batera, liburu fisikoa argitaratzeko aukera ematen duela. Idatzitakoen uzta ugaria den arren, Marrubizko uda izango du bigarren argitalpena Mitxelenak. Lehen liburua 2019an eman zuen Erein argitaletxearekin: Erakusleihoan. Gogoz dago idazlea liburua fisikoki banatu eta irakurleen erreakzioa jasotzeko: “Liburua argitaratzeak ematen du aukera jendearen erreakzioa ezagutzeko; irakurleek beti beste puntu batetik irakurtzen dute eta hori oso interesgarria da. Gogotsu nago jendearen iritzia jakiteko.”

MIKEL ZARATE SARIKETA

Haur literatura lanak sari-tzen ditu Mikel Zarate lehiaketak, eta Lezamako udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute elkarlanean. Mikel Zarate idazle lezamarraren omenez antolatzen dute lehiaketa 2010. urtetik. Besteak beste, Miren Agur Meabe, Lur Gallastegi, Patxi Zubizarreta eta Julen Gabiria sari hau eskuratutakoak dira. Aurtengoa du XII. aldia, iazko etenaldiaren ondoren.