2023KO Nobel Sarien kategoria ezberdinetako garaileak ezagutzen ditugu dagoeneko, batzuk aho batez iritzi publikoak txalotuta, besteak beste Bakearen Nobel saritu berriarena, Narger Mohammadi, emakume irandarra, Giza Eskubideen aldeko ekintzaile bikaina. Bere aktibismoa unibertsitateko ikasle garaian piztu zen. Ordutik, bere bizitzaren zehar, urteaz urte, zorrotz indartu egin du Irandako emakumeren eskubideen aldeko figura ospetsuenetako bat izan arte. Irmo mantentzen duen hartutako konpromisoa larrutik pagatu du: agur ibilbide profesionala, familia –senarra eta bi seme Frantziako erbestean bizi dira–, haren askatasuna bera. Mohammadik 51 urte ditu eta Irango Evin presondegi beldurgarrian dago, 31 urteko espetxe-zigorra guztira osatzen duten 5 kondena betez. Berea Iranen historiako bigarren Nobel Saria da, biak ere Bakearen Nobel saridunak, biak emakume bati emanda. 2003an, Mohamed Jatamí erreformista Irango presidente zela, Nobel Akademiak Shirin Ebadi abokatua saritu zuen, “demokrazia- eta giza eskubideen aldeko borroka, emakumeen eta haurren eskubideei dagokienez bereziki” (sic) eta muturreko islamistek bere eta bere familiaren aurka mehatxuen aurrean erakutsitako ausardia nabarmenduz. 20 urte igaro dira, eta? Ez dirudi ordutik hona gauzak aldatu direnik, are gutxiago hoberako: salaketa eta errebindikazio berberak dira; erregimenak manifestazio baketsuak basatiki zapaltzen jarraitzen ditu; iaz Masha Amini izan genuen bezala, koman dagoen Amita Geravand neska dugu gaur, zapi islamikoarekin lotutako eraso baten ondorioz ere; eta horra hor ere bermerik gabeko epaiketeren ondoren, ekintzaile zibilen exekuzio sumarioak.

Irango emakumeek, gero eta gizon gehiagorekin batera, zapalkutzaren aurka tinko borrokatzen jarraitzen dute, erreplikarik gabeko ohiu ahaltsu eta xume bat lau haizetara zabalduz: “Zan, zendegi, azadi”, hau da, Emakumea, Bizitza, Askatasuna. Haien ausardiak saririk preziatuenak baino askoz gehiago merezi du. Dena den izugarrizko min sortarazten du, infinitua.