Picassoren Gernikarekin selfia egin ahal izango dugu aurrerantzean, Mick Jaggerrek egin zuen bezala. Orain, gure argazkietan artelana bakarrik ez, gu ere agertuko gara, artelan bat dekoratu moduan dugula atzealdean.

Berri honek ohartarazi dit gehienetan nora begiratzen dugun baino askoz esanguratsuagoa izaten dela nondik ari garen begiratzen. Gure lantokiko nagusiarekin hitz egiten ari bagara, nahi ta nahi ez, behetik gora begiratzen ari gara; harreman emozionaletan ere, beti dago besteari posizio indartsuago batetik begiratzen diona, beti dago maitalea eta maitatua, Carson Mculleres-ek hain ondo deskribatzen zuen bezala bere Kafe tristearen balada-n.

Beno, ba aurrerantzean Picassok margotutako artelanari ez diogu gure txikitasunetik begiratuko, gure zilborretik baizik. Reina Sofia museoko zuzendariak erabakiaren azalpenak ematean esan du jendeak Gernikarekin argazkia egin ahal izan behar duela beste edozein “fenomeno kulturalekin” gertatzen den bezala. Eta niri iruditzen zait inertzia tuntun eta egozentriko bati jarraitzea baino ez duela suposatzen erabaki honek.

Badakigu garaiotan han eta hemengo eraikin famatuen aurrean geure buruari argazkiak ateratzea gustatzen zaigula, eta zaila dela tentazio horretan ez jaustea, baina zergatik ez mantendu espazio sakratu moduko batzuk, zeinetan artea bera izango den eta ez gu geu protagonistak? Gernikarekin selfia ateratzea artelana bigarren maila batean jartzea da. Argazkia egitean eta argazkia begiratzean ere, geure buruari ari garelako begira eta ez artelanak esan nahi digunari.

Baina ispilu baten aurrean bizi gara inoiz baino gehiago. Egiten dugunaren testigantza grafikoa behar dugu inoiz baino gehiago. Halako turistak bihurtu gara, lekuak ikusi eta gozatu baino gehiago, lekuen irudia arrantzatzen ibiltzen direnak. Eta beti, beti, gu erdialdean. Itxuraz munduari begira, baina gure zilborretik. Nora begira gauden jakiteko, lehenago onartu beharko dugu nondik ari garen begiratzen.